DEJA VU
Adostutako ordua iristear dago eta Luk bere gelako leihotik begira dago, pentsakor. Eguna oso goibel esnatu da eta euria egin du ia denbora guztian, udaberriak oraindik alde egin nahiko ez balu bezala. Lurrak bustita jarraitzen du euriagatik, baina bada denbora pixka bat zerua atertzen hasi dela, hodeiak desagertzen hasi direla eta eguzkia lotsati bezala berriro agertzera doala.
Atzo arratsaldean, Luk mezu bat bidali zion Spikeri, bere laguntza eskaera onartzen zutela esanez, eta 16:00etan bere etxera joateko eskatzen zion beraiekin elkartzeko. Berehala erantzun zion Spikek baiezkoa emanez, pozezko emotikono ugari bidaliz. Arratsalde osoan, Luk entretenituta egoten saiatu zen horretan ez pentsatzeko, baina alperrik izan zen. Zalantzak eta galderak buruan pilatzen zitzaizkion, denak erantzunik gabe. Denbora azkar igaro zezala desiratzen zuen hurrengo eguna lehen bait lehen iristeko eta jakin-mina asetzeko. Eta unea iristear dago.
Hamar minutu falta dira 16:00etarako, eta urrutira agertzen den lehena Ben da, bizikletako pedalei emanez eta diskrezio gutxi duen kolore gorriko anorak bat jantzita daramala. Sarrerako hesitik sartzen da bizikletatik jaitsi gabe, eta ate nagusiraino geratzen diren metroak azkar zeharkatzen ditu. Bere leihotik, Luk Ben bistatik galtzen du eta berehala entzuten du ateko txirrinaren kanpai hots leuna. Ezin du saihestu etxe horretara iritsi zirenean etxeak zeukan txirrin eskandalagarri hura gogoratzea.
Luk bere ohe ertzean esertzen da Ben bere gelara noiz igoko ote den zain. Minutu bat pasatzen da eta gero beste bat. Iristen ez dela ikustean, Luk zer gertatzen den ikustera joatea erabakitzen du, bere gelako atea irekitzen du eta Ben bere gurasoekin hitz egiten ari dela entzuten du.
«Baina JAKINA, nola ez naiz lehenago konturatu ?»
Luk eskailerak jaisten ditu solairu nagusirantz eta, espero zuen bezala, ez du inor ikusten, ahotsak sukaldetik datoz. Eta atea irekitzean, imajinatzen zuena ikusten du.
—Kaixo Luk! —dio Benek ahoa azenario-tartaz beteta duela —. Zure gelara igotzear nengoen, zatitxo hau amaitzen dut eta berehala igotzen gara.
—Ez duzu erremediorik, Ben Murdock —dio Lukek, burua alderik alde mugituz —. Ezin zenuen pixka batean itxaron, ez.
—Gero jende gehiago etortzen da eta… beno, badakizu nire buruak energia behar duela funtzionatzeko, eta zer hobeto elikagai hau baino! Dawson andrea, azenario-tarta hau nire gozokien artean top 3an dago. Eta botatzen diozun txokolate bero hori… Hum….
—Tori, Luk —dio Louisek tarta zati txikiz eta urtutako txokolatez betetako kristalezko pitxer bat daraman erretilua hurbilduz —, igo ezazue hau askarirako. Zure ama, arreba eta biok lorategian egongo gara. Zerbait behar baduzue, deitu. Joaten zarenean, Laurari abisatu eta esaiozu berehala jaisteko, bere gelan dago.
—Ados, aita, oraintxe bertan esango diot. Ben, amaitu geratzen zaizun mokadutxo hori eta goazen gora, tira.
Benek platerean geratzen zaion tarta mokadutxoa ahoan sartzen du eta Lukerekin batera doa haren gelara behatzak zurrupatzen dituen bitartean, erabateko poztasun aurpegia erakutsiz.
Handik minutu batzuetara, Pat eta Spike Luken etxera iritsi dira, eta jada denak Lukeren gelan bilduta daude, azenario-tarta dagoen mahaiaren inguruan lurrean eserita.
—Hau ondo hasi da —dio Spikek eskuak igurtziz —, zein ongi etorri goxoa.
—Ezer baino lehen, eta tartarekin hasi baino lehen, hitz egitera etorri garenari buruz hitz egin beharko genuke —dio Lukek —, gero egongo da denbora askaltzeko.
—Spike —hasi da Pat—, Nordanek bilatzeko zer eskatu dizun, eta egun hauetan zehatz-mehatz zertan ibili zaren kontatu behar diguzu. Ez utzi xehetasunik, alferrikakoa badirudi ere.
Spikek tartarekiko begirada kendu eta bere pentsamenduetan murgiltzen da. Airea hartu ondoren, mahaitik pixka bat urruntzen da, gelako hormaren kontra jartzen da, eta bere eskuko hatzak luzatzen ditu elkarri lotuz, kraska eginez.
—Ikusiko duzuenez, jaso nuen bigarren gutuna xehetasun guztiak ekartzen zituena zen —galtzetako atzeko poltsikotik tolestuta dagoen gutunazal bat ateratzen du eta hiru lagunengana botatzen du —. Nordanek objektu bat bilatzeko eskatzen dit. Ez daki zehazki zer forma duen, baina badaki zein den bere elementuetako bat. Beltxarga bat.
—Beltxarga bat? —dio Benek harrituta.
—Bai, horixe da esan dudana. Beltxarga bat. Baina ezin da jakin non egon daitekeen, ezta zer funtzio eduki dezakeen ere. Dakidan gauza bakarra zuen eskolan dagoela da. Astebete baino gehiago eman dut eskola barruan bilatzen, baina ez dut lortu. Une batean pentsatu nuen norbait konturatuko zela ni hangoa ez nintzela eta galderak egiten hasiko zitzaizkidala. Eta Nordan oso zehatza izan zen horretan, inork ez litzateke konturatu behar ni han nengoela, ezta zertan ari nintzen ere.
«Lehenengo lehoia, gero arranoa eta orain beltxarga bat. Ezin da kasualitate hutsa izan».
—Ikastetxea izugarri handia da —dio Patek besoak zabalduz —, gela eta areto ugari ditu, lastategi batean orratz bat bilatzea bezala da. Arraroa izango litzateke bertan zerbait aurkitu izan bazenu. Arrazoi osoz bidali zintuen Nordanek gure bila.
—Nolanahi ere, oso zaila izango da —dio Lukek bere lagunei begira —, nahiz eta lau izan, zer egin dezakegu gora eta behera begiratzeaz gain, hiri ezezagun batean turistak bagina bezala?
—Beno, horrela esanda itxura txarra hartzen du —onartzen du Benek —, baina oraingoz gure aukera bakarra ikastetxeko leku ezberdinetan banantzea izango da, behatzea eta gure senari kasu egitea. Beltxarga bat bilatu behar da, hori bada zerbait.
—Oso gutxi da, Ben —dio Lukek, zutik jarrita eta gelan bueltaka ibiliz —, urteak beharko genituzke eskola osoa arakatzeko. Urteak beharko genituzke bakarrik liburutegia miatzeko!
—Hori da daukazun guztia, Spike? —dio Patek.
—Beno, Nordanek testuarekin batera marrazki bat utzi zuen, eskuz egindako zirriborro bat. Gutunean dio aurki dezakedanaren gutxi gorabeherako zirriborro bat dela.
Luk makurtu egiten da gutuna jasotzeko, eta lurrean esertzen da berriro, denek gutuna ikus dezaten. Gutun-azala zabaltzen du eta barrutik oharra eta marrazkia ateratzen ditu. Hegoak zabalduta dituen beltxarga baten zirriborro bat da, hegan egitera joan nahiko balu bezala. Marrazkia Pati ematen dion bitartean, gutuna irakurtzen gelditzen da eta hotzikara batek bere gorputza zeharkatzen du.
«Niri iritsi zitzaidan letra berarekin idatzita dago. Guztiz irakurgarria eta dotorea aldi berean. Zalantzarik gabe, eskuz idatzi zuen»
—Ikusten? —dio Benek, zirriborroari begira —Badugu beste zerbait.
—Beno —erantzuten du Spikek —, egia esan, ez dakigu hori den bilatu behar dugun forma zehatza. Baina bai, hegoak zabalik dituen beltxarga bat da helburua. Dawson, utzi mesedez orri batzuk eta arkatz bat. Marrazkiaren kopiak egingo ditut denok bana izan dezagun.
—Ideia ona —dio Patek—. Zerbait gehiago bururatzen zaizue, lagunak?
Inork ez du berehala erantzuten. Spikek marrazkiaren kopiak egiten dituen bitartean, Luk berriro altxatzen da eta gelan barrena ibiltzen da pentsakor buruari hazka egiten dion bitartean. Halako batean, leihoaren aurrean gelditzen da eta kanpora begira geratzen da. Bere gurasoak eta Laura lorategian jarraitzen dute lanean, eta, orain dela gutxi arte etxea berotzen zuen eguzkia hodeien artean ezkutatu da.
«Nordanek jakingo al du hemen gaudela? Gure pausoak kontrolatzen ariko al da?»
—Gauza bat argi dago —dio Benek bat-batean —, ikastetxeko irekiera-orduak ahalik eta gehien aprobetxatu behar ditugula. Pat, zer ordutan daukazu bihar interpretazio-eskola?
—Goizeko 9etatik 10etara, beraz, ikastetxea gutxienez ordubete lehenagotik egongo da irekita. Gero, badakit beste ikastaro batzuk daudela gela desberdinetan antolatuta, 3ak arte.
—Ados —dio Lukek, bere ohearen gainean erortzen utziz —, orduan lehenbailehen egon beharko ginateke han, 8ak aldera. Sarritan ibili ez garen tokietan hasiko nintzateke ni bilatzen. Eta zerbaitek esaten dit gela modernoenetan ez dugula ezer aurkituko. Ben, zu liburutegitik has zaitezke eta nik jangelan botako dut begirada bat, zabalik egotea espero dut.
—Bide batez, han izango naizenez —dio Patek —, ekitaldi-aretoan begirada bat bota dezaket. Antzokirako materiala gordetzeko gela txiki batzuk badaude, agian zerbait aurki dezaket.
—Ideia ona, Pat —dio Lukek, eskuak igurtziz.
—Ados, ilegorri hori, eta nik zer egingo dut? —dio Spikek besoak zabalduz Luk aldera zuzenduz.
—Tira, zu ez zara eskolakoa. Klaseak zeudenean beste ikasleen artean pasa zintezkeen inor konturatu gabe, baina orain… agian hobe da oraingoz ikastetxearen kanpoaldea bakarrik arakatzea, inoiz ez da jakiten zer aurki daitekeen. Eta noizbait barruan behar bazaitugu, zerbait pentsatuko dugu —dio Lukek sorbaldak jasoz.
—Ados nago —dio Spikek, tartarekin mahaira hurbilduz.
—Lagunok —dio Benek, Spike imitatuz —, nola deitzen zaio une batean bizitzen zauden sentsazio horri, lehenago ere bizi izan duzula dirudienari?
—Deja Vu bat —erantzuten du Patek.
—Ba, azken hamar minutuetan pare bat aldiz gertatu zait.
—Zergatik diozu hori? —galdetu du Spikek, beretzat tarta zati bat plater txiki batean zerbitzatu duen bitartean eta pitxerreko txokolatearekin ureztatzeko prest dagoela.
Benek une batez lagunei begiratzen die, baina ez du ezertxo ere esaten. Segundo batzuen ondoren, Luk da erantzuna ematen diona.
—Beno, zaila da. Oraingoz hobe duzu gehiago ez jakitea. Unea iristen bada, hitz egingo dugu
—A ze misterioa daramazuena. Beno, niri berdin zait, nik nahi dudan gauza bakarra txori hori aurkitzea da eta Nordanek bakean utz nazan. Zenbat eta lehenago izan, hobe.
—Beltxarga bat da —dio Patek.
—Beno, txori handi bat, ezta? —erantzuten du Spikek ahoa tartaz beteta eta bokalizatzeko zailtasun nabariak dituela.
Ederki askaldu ondoren, hurrengo egunean Brighton ikastetxeko ate nagusian goizeko zortzietan elkartuko direla hitz emanez agurtzen dira gure lagunak. Berez, Lukek ez du apenas dastatu Lenak egin duen tarta goxotik mokadurik, bere urdaila edozein janarirako itxita duela eta beruna bezain astuna duela sentitzen du. Besteek gai hutsalez hitz egiten duten bitartean, Nordanek eskuz egin duen zirriborro orriari begiratzen dio etengabe. Beltxarga hegoduna.
Zer izango da zehazki bilatzen ari diren hori? Ez aurkitzeak asko kezkatzen du baina aurkitu ondoren zer gertatuko ote den ere asko kezkatzen du. Eta gertatzen bada, zer egingo du Nordanek horrekin?
«Oraintxe bertan denak galderak dira, hobe dugu Spikeri laguntzea, eta gero… gero ikusiko dugu zer egin»
