VI KAPITULUA

HORI EZAGUNA EGITEN ZAIT

 

Entzunaretoko antzeztokiaren atzealdea hainbat gela txikitan banatuta dago, eta bertan antzezten diren antzezlanetarako hainbat material gordetzen da. Garai ezberdinetako jantziak, mozorroak, ileordeak, kartoizko zuhaitzak, mahaiak, aulkiak… Pat eta bere antzerki taldea ikasturte honetan praktikatzen aritu diren antzezlanak girotzeko behar den guztia.

 

Entzunaretoko esparrua ikastetxeko zaharrenetako bat da, eta jatorrizko arkitektura eta dekorazio arranditsuak gordetzen ditu. Denborarekin aldatzen joan den gauza bakarra besaulkiak direla esango genuke, garai batean egur gogorrekoak baitziren eta gaur egun askoz erosotasun handiagoa eskaintzen diote ikusleari.

 

Patek denbora luzea darama entzunaretoko gela guztiak miatzen. Horietako batzuk itxita daude, eta irekita daudenak, ez daukate arreta deitu dioten ezer deigarririk, ezta urrundik ere beltxarga baten irudia gogorarazten duen ezertxo ere. Gainera, pixkanaka, Stan Douglasek ematen duen interpretazio ikastaroan parte hartu duten beste ikasle batzuk agertzen joan dira, eta Pat jada ezin da entzunaretoan hain libre mugitu. Hamar minutu falta dira goizeko bederatzietarako, ikastaroa hasteko ordua, eta Pat entzunaretoko besaulkietako batean eserita dago, sabaira begira zerbaiten bila, baina konbentzimendu handirik gabe. Beste asko bera bezala daude, eta denbora beren mugikorrei begira ematen dute.

 

Bat-batean, marmar txiki batek aretoa betetzen du eta Pat biratu egiten da, bere begirada sarrerako atera zuzenduz. Bertan Fletcher andrea agertzen da, hogeita hamar urte inguruko mutil batekin; Ile horia eta motza du, makal bat bezain luzea eta argala da, eta eskuak poltsikoetan dituela entzunaretoa begiratzeko geratu egiten da.

 

—A! A zer nolako oroitzapenak! —dio etorri berriak—. Bat-batean, txalo zaparrada bat entzuten da mutikoari harrera egiteko. Jendeari esku-ahurrak erakutsi eta ahoarekin hainbat “eskerrik asko” marrazten ditu, agur moduan bere burua apur bat makurtuz.

 

—Stan Douglas ezagutzen ez duen pertsona bakarra izango naiz hemen —dio Patek, apur bat lotsatuta, txaloak intentsitatez jaisten doazen bitartean.

 

—Hara, Fletcher andrea, posible al da leku hau nik utzi nuen bezalaxe egotea? —dio Stanek, entzunaretoa bere begiradarekin zeharkatzen duen bitartean eta antzeztokira daraman besaulki arteko korridorea astiro zeharkatzen duen bitartean—. Ze zoragarria, zenbat oroitzapen ekartzen dizkidan hona itzultzeak.

 

—Mesedez! —dio Fletcher andreak, ahotsa goratuz eta txalo pare bat emanez —, joan zaitezte aurreko ilaretan esertzen, laster hasiko gara. A! Mugikor guztiak isilean nahi ditut, eta, ahal dela, gordeta.

 

Pat bigarren aulki-ilaran eserita dago, jadanik ez da beti geletako atzealdean esertzen zen neska hori. Bere irakasleari kasu eginez, mugikorra gorde eta ohar-koaderno txiki bat eta apunteak hartzeko boligrafo bat ateratzen ditu, boligrafoari kosk eginez eskolak noiz hasiko zain. Bai Fletcher andrea eta bai Stan, guztiz hutsik dagoen antzeztokian daude jada eta bertan, aulki altu bat eta mikrofono bat besterik ez daude. Atzera begiratzean, Pat entzunareto erdia ikaslez beteta dagoela konturatzen da ikastaroa noiz hasiko zain, eta aretoan etengabeko zurrumurrua somatzen du.

 

—Beno, isilik, mesedez —dio Fletcher andreak, eskuak altxatuz—. Zorionez zuentzat, ni gaur hemen gure ikasle ohia aurkezteko bakarrik nago, nahiz eta berez ez duen aurkezpen handirik behar, hemen denek ezagutzen dute Stan Douglas.

 

«Guztiak, bat izan ezik»

 

Berriro ere, txalo zaparrada batek irakaslearen hitzaldia mozten du, eta berriro ere eskuak altxatu ditu isiltasuna eskatzeko.

 

—Ikastaroa irauten duen egunetan, Douglas jaunak bere lanbideari dagozkion teknikak eta aholkuak erakutsiko dizkizue, zineman eta antzerkian duen esperientzia gero eta zabalagoa duelako, eta, zergatik ez esan, nire irakaspen jakintsuen ondorioz —barreak entzunaretoan—. Ez naiz gehiago berandutzen, gure ikasle ohi ospetsuenetako batekin uzten zaituztet, Stan Douglasekin.

 

Entzuleak txaloka hasi dira berriro ere, eta, ondoren, Stan Douglasek bere burua aurkeztu du ikastetxean izan duen prestakuntza eta aktore bezala izan duen ibilbidea errepasatuz.  Patek bere buruari galdetzen dio ea nola den posible hainbeste antzezlan eta film egin dituen norbait lehenago ez ezagutu izana, eta Ben etortzen zaio burura berehala.

 

«Ez luke ezer ikasiko, baina ziurrenik ikastaro honetan gehiena gozatuko lukeena bera izango litzateke»

 

Ikastaroko lehen jardunaldiko hirurogei minutuak bete berri dira, eta bertaratutakoak pixkanaka hasi dira altxatzen beren eserlekutik. Horietako askok Stan Douglas protagonista duten edo agertzen den filmetako posterrak ekarri dituzte, baita aktorearekin zerikusia duten beste objektu batzuk ere eta Stan pazientziaz ari da ekartzen dioten guztia sinatzen eta eskatzen dioten guztiekin argazkiak egiten. Pat bere eserlekuan jarraitzen du oraingoz, bigarren ilarako izkina batean, korridorearen ondoan. Lehenengo jardunaldia motza egin zaio, eta hori positiboa dela onartzen du. Hala ere, egia da ez duela bere burua ehuneko ehunean Stan Douglasen irakaspenetan eduki. Ikastaroan zehar, entzunaretoan beltxargaren bilaketak ez duela emaitzarik eman pentsatzen ibili da, eta espero zuen alde horretatik mutilei hobeto joango zitzaiela.

 

Horretan pentsatzen ari da, boligrafoari hozka egiten dion bitartean eta Nordanek egin duen beltxargaren marrazkiaren kopia duen orriari begiratzen dion bitartean. Jendea bere ingurutik pasatzen da entzunaretotik ateratzen ari den bitartean, baina berak ez du arreta handirik jartzen.

 

—Kaixo, zuk nola duzu izena?

 

Patek burua altxatzen du, asaldatuta. Bere alboan Stan dago, oso irribarretsu. Beste pertsona gutxi batzuengatik izan ezik, ikasgelan bakarrik daudela konturatu da.

 

—O, barkatu! Ez naiz konturatu berehala irten behar dela… Pat dut izena. Pat Brown.

 

—Ez kezkatu, Pat, ez da ezer gertatzen. Gaurko saioan ez duzula parte hartze handirik izan nabaritu dut, gustatu al zaizu?

 

—Bai, bai! —dio Patek, gorrituta—. Zure irakaspen guztiak xurgatu ditut eta dena apuntatu dut hemen, koadernoan.

 

«Mesedez, ez galdetzea bere lanetatik zein den gehien gustatu zaidana»

 

—Pozten naiz, Pat. —Inkontzienteki, Stanek Paten koadernoari begi bat botatzen dio, beltxargaren zirriborroak estaltzen baitu. Berehala, horretaz konturatzean, Patek marrazkia tolesten du eta koadernoko orrien artean sartzen du urduri.

 

—Hobe izango dut alde egiten badut —dio Patek, jauzi batez jaikiz—, bihar berriro elkar ikusiko dugu, eta zertxobait gehiago parte hartuko dut, zin egiten dizut!

Stanek ez du ezer esaten, Pat agurtzen du eskuarekin keinu bat eginez, baina pentsakor geratzen da Pat korridorean barrena entzunaretoaren irteerarantz abiatzen den bitartean.

 

—Pat! Itxaron segundo bat!

 

Pat harri eta zur gelditzen da pasabidearen erdian, eta poliki-poliki biratu egiten da.

 

—Ni?

 

—Bai. Erakutsiko al didazu berriro zure koadernoa?

 

«O, jainkoak, nire apunteak ikusi nahi dituela? Egin diodan karikatura ikusten badu, hementxe bertan hilko naiz»

 

—Noski, ez dago arazorik —dio Patek ahapeka, Stanengana poliki itzultzen den bitartean eta bere koadernoa apuntatutako azken orritik irekitzen dion bitartean, jirafa bat bezala marraztu duen karikaturarik ez duen orritik.

 

—Baina hori ez —dio Stanek—. Erakutsidazu koadernoan zenuen zirriborro hori.

 

—Zirriborroa?? —Pat txiki-txikia egin nahi da eta lurraren azalak irentsi zaitzala nahi du une horretan bertan, ahal dela, oso urrun dagoen planeta baterantz.

 

—Bai, hor arkatzez marraztuta zenuen txori moduko hori.

 

Patek lasai hartzen du arnasa, hondamenditik oso gertu egon baita.

 

—A, hori! Beno, beltxarga baten marrazkia da, eta…

 

—Banekien! Eskolako beltxarga, ezta?

 

—Zer? Ezagutzen al duzu ikur hori? —Patek ezin ditu begiak gehiago ireki une honetan—. Ba al dakizu non dagoen?

 

—Beno, begira… —dio Stanek irribarre zabal batekin—, aitortu behar dut nire gaztaroan eskolan… batzuetan ez nuela nigandik espero bezain ondo jokatzen. Beraz, bai, ezagutzen dut ikur hori, nire gurasoek nahi baino gehiago, noski.

 

Pat Stani begira geratu da, zer esan ez dakiela, eta, segundo batzuen ondoren, Stan konturatu egiten da.

 

—Iruditzen zait ez dakizula zertaz ari naizen, ezta?

 

—Egia esan, ez —erantzuten du Patek sorbaldak uzkurtuz.

 

—Tira, forma hori duen urrezko lanpara bat da. Asko gustatzen zitzaidan lanpararen forma, eta ez dut gogoratzen ikastetxe osoan halako besteren bat zegoenik, egia esan, horregatik gogoratzen dut ondo. Horregatik eta… esan dezagun behin baino gehiagotan ikusi dudala. “Zigor aretoan” dago. Guk behintzat horrela deitzen genion bere garaian. Gaizki portatzen ginenean hara bidaltzen gintuzten “hausnartzera” —dio barrez—. Egia esan, ez nekien beltxarga bat zenik, zuk nola dakizu?

 

«Ederki, ea zer asmatzen dudan orain»

 

—Beno, eskolako kideen artean daukagun asmakizun bat da… Esango al zenidake non dagoen?

 

—Oso ondo dakit non dagoen, askotan joan naiz. Ni neu joango nintzateke zurekin, baina konpromiso batzuk ditut orain eskola amaitu ondoren. Aretoa goiko solairuan dago, ez zaizu zaila izango atea ezagutzea.

 

—Eskerrik asko!

 

Hori esanda, Pat biratu egiten da agurrik ere esan gabe, eta irteerako aterantz korrika hasi da, begiradarekin bere lagunak bilatuz eta Stan harridura aurpegiarekin utziz. Atetik atera bezain laster, atea ezagutzeko zergatik ez duen zailtasunik izango galdetzea ahaztu zaiola konturatu da.

 

«Beno, pentsatzen dut han nagoenean konturatuko naizela»

 

Entzunaretoko atera iristean, norabide guztietara begiratzen du, baina ez ditu lagunak inon ikusten. Berehala, ikastetxeko sarrera nagusirantz abiatzen da, eta han ikusten ditu bere lagunak, bizkarrez, eskaileretan eserita.

 

—Mutilak! Hemen zaudete!

 

—Pat! —dio Lukek, jaiki eta bere lagunarengana biratzen den bitartean—Bukatu al duzu? Zer moduz joan da eskola?

 

—Espero nuena baino hobeto ere, …

 

—Eta Stan Douglas? —mozten dio Benek—, ia ahaztuta neukan! Eskolan jarraitzen al du? Autografo bat edo selfie bat eskatzera joan gaitezkeela uste al duzu? Filmetan bezain jatorra al da? Eta hain altua da …?

 

—Ben Murdock! —dio Patek, bere laguna alkandoraren hegaletatik hartuta—, i-sil-du, beltxargari buruz zerbait aurkitu dudala uste dut!

 

—Ba eskerrak —dio Spikek lurrean dagoela—, guk ez daukagu ezertxo ere ezer eta…

 

Kilima berezi batek Luken bizkarra zeharkatzen du, Lukeri begiak plater moduan zabaltzen zaizkio, eta bere arreta Patengan jartzen du. Patek dioena egia bada, bere bilaketan, azkenean, aurrerapausoak ikusten hasiko dira.

 

—Bale, denak isilik —dio Lukek besoak zabalduz—. Kontaiguzu zer jakin duzun, Pat.

 

—Ba begira, eskola amaitzean, nire besaulkian eserita nengoen beltxargaren marrazkiari begira. Bat-batean, Stan Douglas nire albotik pasatu da, ni konturatu gabe, eta marrazkia ikusi du. Handik pixka batera, marrazkia berriro ikusi nahi zuela eskatu dit, eta irudia ezagutzen zuela esan dit.

 

—Nire idoloa da —dio Benek eskuak buruan dituela.

 

—Shhhh, ixo, Ben! —erantzuten dio Lukek—. Jarraitu kontatzen, Pat.

 

—Haren arabera, eskolako gela batean dagoen urrezko lanpara batena da. Berak “zigor-gela” deitu dio.

 

—Zigor-gela? —dio Lukek, ezpainari hozka eginez—. Ez dut inoiz haren berririk izan.

 

—Niri ez begiratu —dio Spikek, motxilatik atera berri duen txokolatina bati haginkada bat ematen dion bitartean—, ni ez naiz ikastetxe honetakoa.

 

—Bada, hara non —dio Benek, betaurrekoak eskuarekin egokituz—, nik badakit zerbait gela horretaz. Baina urteak daramatza itxita, antza denez. Badakit, zeren behin Stone, geografiako irakasleak, mehatxu egin zidan astebetez han sartuko ninduela isilik egoten ez banintzen. A ze aiurria!

 

—Ez dakit zergatik, ez nau batere harritzen kontatzen duzun horrek, Ben —dio Patek, lagunari irribarre eginez.

 

—Beno —erantzuten du Benek—, kontua da zorte handia nuela esan zidala, zeren, agidanez, ikastetxeak aspaldi debekatu zuen ikasleak areto horretara bidaltzea.

 

—Hara —dio Lukek—, hori arazo bat izan daiteke. Pat, esan al dizu Stan Douglasek non dagoen gela hori?

 

—Esan dit goiko solairuan aurki dezakedala. Ezin nauela tokira lagundu ere esan du, baina ez zaidala identifikatzea kostatuko. Ez naiz konturatu eta ez diot galdetu zergatik esaten duen hori.

 

—Goiko solairuan? —dio Lukek, behatz batekin gorantz apuntatuz.

 

—Bai, hori da.

 

—Uste dut badakidala zein ate den. Eta, egia da, itxita dago.