VII KAPITULUA

ABRAKADABRA

 

Gazteak goiko solairuko zirriborrodun atearen aurrean bilduta daude, hari tinko begira. Minutu batzuetan, Spikek ikastetxe barrura beraiekin sartu behar den edo ez eztabaidatu dute, baina azkenean, norbaitek barruan ikusten baditu eta galdetzen badu, etorkizuneko ikasle bat izango dela eta instalazioak erakusten ari direla erantzungo dutela erabaki dute.

Lukek minutu batzuk lehenago frogatu zuen bezala, ez dago ezer berezirik ate horrek zerbait ezkutatzen ari dela adierazten duenik, baina seinale guztien arabera, hor dago “zigor-gela” deitzen dena.

 

—Marraz eta zirriborroz beteta dago —dio Lukek—, eta lehen ez nintzen konturatu, baina orain ulertzen dut zergatik. Uste dut hona etortzen zirenak ez zirela oso zoriontsu etortzen, eta beren arrastoa uzten zuten ate guztian mendeku gisa.

 

—Hemen dago! —dio Patek, bere lagunak asaldatuz. Atearen goiko aldean idatzita dagoen zerbaiti buruz ari da, eta hatz batekin seinalatzen du—. Begiratu sinadura honi: “DOUGGIE”. Apustu egingo nuke Stan Douglasen sinadura dela! Gainera, oso goian grabatuta dago, eta mutikoa farola bat bezain altua da, benetan esaten dizuet.

 

—Bale, —dio Spikek—, hori dena oso ondo dago, baina Lukek esan zuen bezala, atea itxita dago. Norbaitek sarrailak irekitzen ez baditu behintzat, eta aurreratzen dizut ez naizela ni izango, gaizki gabiltza.

 

—Norbaiti zerbait bururatzen zaio? —dio Patek. Badaki Spikek arrazoi duela eta jarraitu beharreko bidea zein den jakin arren, ezin dute besterik gabe atea behera bota. Luk isilik mantentzen da beheko ezpaina amorru bizian hozkatzen duen bitartean, bere pentsamenduetan murgilduta dagoelaren seinale.

 

—Zerbait bururatu zait! —dio Benek bat-batean—. Spike, etorri nirekin.

 

—Nor, ni?

 

—Hemen ez dago Spike gehiagorik, ezta?

 

—Zer duzu buruan, Ben? —dio Lukek, eszeptiko.

 

—Pat —dio Benek neskari begira—, eskailerak igotzen ari ginela esan duzu Fletcher andrea eskolan dagoela, ezta?

 

—Bai, ikastaroaren aurkezpena bakarrik egitera etorri dela esan du, eta ondoren entzunaretotik alde egin du. Ez dakit eskolan jarraituko duen.

 

Azkar ibiltzen banaiz eta zortea badugu, Fletcher andreak hemen jarraituko du. Eta zorte gehiago badugu, irakasleen gelan egongo da, eta han bertan gordetzen dira eskolako ate guztiak irekitzen dituzten giltza-sortak.

 

—Baina zuk nola dakizu hori? —dio Patek besoak zabalduz.

 

—Beno, kontua da, txikiagoa nintzenean askotan sudurretik odola irteten zitzaidala, eta gertatzen zitzaidanean, erizaindegian kotoiak jarri ondoren irakasle gelara bidaltzen ninduten ni zainduta edukitzeko. Oker ez banago, giltzak armairu batean gordetzen dira, sarrerako atearen atzean, eta hiru sorta daude, eskolako solairu bakoitzeko sorta bana. Pilo bat aldiz ikusi ditut.

 

—Zurekin egunero zerbait berria ikasten dut, sinestezina da —dio Patek, Beni besoan zaplada bat emanez.

 

—Beno, ez dago solasaldietarako denborarik. Goazen, Spike! Jaisten goazen heinean kontatuko dizut plana.

 

Benek Spikeri besotik heltzen dio, eta ia arrastaka eramaten du korridorean barrena. Ziztu bizian doaz eskaileretarantz eta desagertu egiten dira, Pat eta Luk haien pausoak mailetan behera entzuten ari diren bitartean, gero eta urrunagoak.

 

—Pat, egun hau apuntatu ezazu.

 

—Zergatik diozu hori?

 

—Benek esan du ez dagoela solasaldietarako astirik.

 

***

 

Giltza baten soinua sarraila bat biratzen. Hori da Benek eta Spikek entzuten dutena ikastetxeko beheko solairura iristean. Ia hutsik dagoenez, giltzaren birek eragiten duten hotsa oihartzun handia eragiten du korridore osoan.

 

—Demontre —dio Benek Spikeri begira—, arrazoia nuen, Fletcher andrea da. Eta hori irakasleen gela da!

 

—Zoragarri, Murdock —erantzuten du Spikek ahapeka—, eta orain zein da plana?

 

—Lasai, zuk niri jarraitu.

 

Fletcher andrea Ben eta Spike han daudela konturatzen da. Giltza sarrailatik ateratzen du, giltza-sorta bere poltsan gorde eta mutilei begira geratzen da, hauek pauso arinez harengana hurbiltzen diren bitartean.

 

—Murdock jauna, a ze sorpresa handia zu gaur hemen aurkitzea. Udako ikastaroren batean izena eman al duzu? Zure gurasoekin oporretara joango zinela esan zenuela gogoratzen dut.

 

—Kaixo Fletcher andrea —agurtzen du Benek, lasterketaren ondorioz  arnasarik gabe geratu dena—. Zein oroimen ona duzun! Bai, auto karabana batean. Baina oraindik egun batzuk geratzen dira horretarako. Eta ez, ez dut inolako ikastaroetan izenik eman.

 

—A, hara. Zergatik, orduan, zure bisita atsegin hau? —dio irakasle beteranoak gogogabeko irribarre batekin—. Eta, nor da zure laguna? Ez da eskolakoa, ezta?

 

—Hain zuzen ere, horretaz hitz egin nahi nizun —dio Benek, esku bat Spikeren sorbaldan jarriz—. Hau nire laguna James da —Spike harrituta biratzen da Benengana, bere benetako izenez deitu dionean—. Datorren urtean ikastetxean matrikulatzea pentsatzen ari da eta instalazioak ezagutzeko irrikan dago. Eta hori esan zidanean, pentsatu nuen: nor zu baino hobeto Brighton eta haren historiari buruz hitz egiteko?

 

—Hori da —dio Spikek—, Benek asko hitz egin dit zutaz, Fincher andrea.

 

—Fletcher.

 

—Noski, hori esan dut.

 

Benek bere irribarrerik onena eskaintzen dio irakasleari, eta irakaslea mutilei txandaka begira geratzen da, hitzik esan gabe.

 

—Beno, zeregin hori Williams errektoreari dagokio —Benek bere barruan urdaila nahasten zaiola nabaritzen du—. Baina pentsatzen dut, bera hemen ez dagoenez… nik egin beharko dudala. Hori bai, oso denbora gutxi daukadala ohartarazten dizuet, oso bisita azkarra izango da.

 

—Eskerrik asko, Fletcher andrea! Hobe bisita azkarra ezer ez baino, ezta, James?

 

Spikek ez du berehala erreakzionatzen Benek saihetsetan ukondokada bat ematen dion arte.

 

—Bai, bai! Bisita azkar bat nahikoa izango dut, eskerrik asko, Fin andrea… Fletcher!

 

—Beno, ba etorri nirekin hemendik —dio Fletcher andreak, martxan jarriz—, liburutegitik hasiko gara, gure altxor handietako bat da, eta…

 

—Itxoin! —Benek Fletcher andrea aurrera ez egiteko saiakera egiten du, bere aurrean jarriz eta esku-ahurra erakutsiz—irakasle-gelan ditugun eta ikastetxeaz hain ondo hitz egiten duten liburuxka zoragarri horietako bat bere gurasoek ikusteko eraman zezakeela esan nion Jamesi. Agian hobe izango da orain ematea, bisitan zehar begirada bat bota dezan?

 

—Noiz esan duzu zoazela oporretara, Murdock jauna?

 

—Aste bukaeran,  pentsatzen dut —Benek izerdi tanta izugarri bat nabaritzen du lokian eta masailetik behera jaisten —.

 

—Tira, amaitu dezagun honekin lehenbailehen…

 

Hori esanda, Fletcher andrea biratu egiten da, poltsatik giltza sorta bat atera eta irakasleen gela irekitzera doa, sarraila zaratatsu biraraziz. Spikek eta Benek lasaituta elkarri begiratu diote, Benek aurpegiko izerdia bere esku-gainarekin lehortzen duen bitartean.

 

—Sar zaitezte barrura —dio Fletcher andreak, aretora sartzen den bitartean eta ikusi ahal izateko argia pizten duen bitartean, leihorik gabeko gela delako. Bakarrik doa gelaren hondorantz, kartoizko kutxaz betetako metalezko apalategi bat dagoen tokirantz—. Oker ez banago, hemen gordetzen ditugu, hauetako kutxaren batean.

 

—Zoaz berekin —dio Benek ahapeka, Spikeri bultzadatxo bat emanez—, eta, mesedez, ez utzi buelta ematen.

 

—Nik lagunduko dizut bilatzen, ez kezkatu —dio Spikek, irakaslearengandik hurbil jarrita eta apalik altuenetan bilatuz …

 

Une horretan, Benek atzera egiten du pausoz-pauso sarrerako aterantz, biratu gabe bere begi bistatik irakaslea ez galtzeko. Besoak atzera botatzen ditu, erdi irekita dagoen atea ukitu eta bizkarra haren kontra jartzen du. Bere eskuinean, eta berak gogoratzen zuen bezala, giltzak gordetzen diren armairua dago. Alboetara pare bat pauso ematen ditu armairura gerturatzeko, eta, arnasari eutsiz, eskuineko besoa luzatzen du metalezko atetxoa ahalik eta astiroen irekitzeko eta, horrela, Fletcher andrearen begirada erakarriko duen zarata guztiak saihestuz.

 

Irakasleak eta Spikek azken kutxak begiratzen dituzten bitartean, Benek badaki azkar ibili behar duela. Atea guztiz irekitzea lortzen du eta hiru altueratan jarrita dauden giltza-sortei zeharka begiratzen die.

 

«Goikoa, hori izan behar du»

 

Eskuineko besoa hainbeste luzatzen du, gorputzetik aterako zaiola uste duela, eta giltza mordoa hatz puntekin ukitzen du. Spike, noizean behin bere begirada Benengana biratzen du, Benek eskuak dardarka dituela nabaritzen du, eta bihotza ahotik aterako zaiola pentsatzen du Fletcher  andrea zutik jartzen eta atzera biratzen hasten dela ikusten duenean.

 

—Murdock jauna, lagunduko diguzu…

 

—Hemen! —dio Spikek, Fletcher andrearen eskuetan kutxa bat jarriz —. Hauek izango dira, ezta?

 

«Hau da unea. Orain edo inoiz ez!»

 

Irakaslea Spikerengana biratzen den unean, Benek giltzak bi eskuekin harrapatzen ditu, zintzilik dauden kakoetatik atereaz eta bere galtzetako atzeko poltsikoan sartzen ditu. Berehala, armairua ixten du eta urrundu egiten da, ezkerrerantz pauso handi bat emanez albo batera. Berriro aurrera begiratzean, Fletcher andrea bizkarra ematen jarraitzen duela ikusten du, Spikek eman dion kutxari begira.

 

—Ba bai —dio Fletcher andreak, kutxatik ale bat atereaz—, hemen daude. Har ezazu zeure liburuxka. Eta orain, nahi baduzue, has gaitezen bisitarekin.

 

—Tira —dio Benek, irribarre urduri bat eraginez—, axola ez bazaizu, ni hemen geratuko naiz zain, dagoeneko ikastetxea oso ikusia daukat eta.

 

—Humm… —Fletcher andrea pentsakor geratu da une batez, Beni begira—ondo dago. Zaindu gela, eta ez ukitu ezer, ados?

 

—Bai horixe, Fletcher andrea!

 

Horrela bada, Spike irakaslearekin batera ateratzen da irakasleen gelako atetik, Benengana begirada azkar bat botaz, eta honek  hatz lodiarekin dena ondo doala adierazten dio. Segundo batzuk igaro ondoren, Ben korridorera ateratzen da eta biak liburutegirako bidea hartu dutela ikusi du.

 

Berehala jartzen da martxan, irakasleen gelako atea ixten du eta korrika abiatzen da eskaileretarantz, mailak binaka igoz. Hirugarren solairura iristean, hankak minez lehertuko zaizkiola iruditzen zaio, baina korrika jarraitzen du Luk eta Pat dauden parera iritsi arte, eta Benek begiak plater gisa dituela ikusten dute. Gelditzen denean, bere burua makurtzen du arnasa hartzeko, eta giltzak eskaintzen dizkio Lukeri, hitzik esan ezinik.

 

—Badauzkazu! Oso ondo, Ben! —dio Lukek, giltza sorta hartuz —. Hemen giltza pilo bat dago, denak probatu beharko dira ea zein den ona…

 

—Itxaron! —dio Patek, giltzak hartuz eta begirada batez behatuz —. Hau izan behar du!

 

—Nola dakizu hori? —dio Lukek, harrituta.

 

—Erreparatu ateei, denak modernoak dira, hau izan ezik. Giltzekin gauza bera gertatzen da, denak segurtasuneko giltza modernoak dira. Denak, bat izan ezik.

 

Patek giltza mordotik bat bereizten du. Giltza horrek urte asko dituenaren itxura du, eta denboraren poderioz eta usadioz belztu egin da.

 

—Proba ezazu, Pat —dio Benek, arnasa berreskuratzen hasia dela—. Atea irekitzen duen giltza egon ala ez, oraintxe itzuli behar dut, Fletcher andrea itzuli baino lehen. Eta ez iezadazue horrela begiratu, ez galdetu non dagoen Spike, geroago azalduko dizuet dena!

 

Pat eta Luk elkarri begira daude, eta lagunari kasu egitea erabakitzen dute. Patek giltza sarrailan sartzen du eta berehala sartzen da. Ondoren, erlojuaren orratzen noranzkoan biratzen saiatzen da, baina ez da mugitzen. Kontrako noranzkoan probatzen du, baina ez da biratzen.

 

—Itxaron —dio Lukek, giltza hartuz—, esperientzia pixka bat badut sarraila zaharrekin. Nire etxeko ateak horrelako sarrailekin beteta zeuden lehen aldiz etxera iritsi ginenean. Batzuetan nahikoa da giltza erabat barruraino ez sartzea, eta orduan biratu egiten duzu eta…

 

¡Klik!

 

—A zer eskuak dituzun, Luk! —dio Benek, lagunaren sorbalda astinduz eta giltza sarrailatik atereaz —. Ni korrika noa, ezin naiz hemen geratu itxoiten bukatu arte atea ixteko, beraz irekita geratu beharko du. Ahal dugunean, zuekin elkartzeko itzuliko gara!

 

Ben pauso handiak emanez eskaileretarantz itzultzen den bitartean, Pat eta Luk ate aldera biratzen dira. Atea erdi irekita dago. Guztiz irekitzean, aspalditik ireki ez den gela batetik espero den hauts usaina eta itxi usaina sumatzen dute berehala.

 

Bi lagunak poliki sartzen dira gelara, begiradarekin gela arakatuz, eta atea kontu handiz ixten dute, kanpotik inork ikus ez ditzaten. Gela ez da oso zabala, sei mahai eta sei aulki edukitzeko modukoa, denak egurrezkoak, bi ilaratan jarrita.

 

Zorua baldosa karratu handiekin egina dago, gris kolorekoak, eta atzealdean, ikastetxeko atzeko aldera ematen duen eta gela argitasunez betetzen duen leiho altu bat dago.

 

Eta argi-iturri bakarra izango litzateke, “zigor-gela” deritzonaren ezkerreko hormari atxikita dagoen beltxarga formako aplike bat duen urre-koloreko letoizko lanpara txikiagatik izango ez balitz.