PLAN ALDAKETA BAT
Patek eta Lukek paper-orritik hormara zuzentzen dute begirada. Hormatik, berriro paperera. Evan Nordanek Spikeri pista gisa eman zion marrazkia, aurkitu dutenaren oso antzekoa da. Ez dago zalantzarik, hori da Spike bilatzeko agindu zion beltxarga.
—Beno, eta orain, zer? —Gazteak xuxurlaka hitz egiten dute, gela barruan daudela inork harrapa ez ditzan. Patek besoak gurutzatuta ditu, urre koloreko lanparari tinko begira—. Hau baldin bada Nordanek bilatzen zegoena, aurkitu dugu. Baina zuk eta nik badakigu beste zerbait gehiago egon behar duela.
—Ados nago —erantzuten du Lukek, haserre bizian ari dela bere ile gorrixkarekin jolasean—. Egia esan, lanpara honek ez du erabilgarritasun handirik. Egunez, kanpoko argia nahikoa da gela argiztatzeko. Ados, norbait gauez hona sartzen bada, aurkituko duen argi bakarra hori da, baina hala ere ez dut uste aretoa apenas argiztatuko duenik. Eta Evan Nordanekin pentsatzen badugu, zer irabazten du berak, beltxarga-formako lanpara bat dagoela jakinda? Ziur zerbait gehiago dagoela. Baina zer?
—Horixe —dio Patek, pentsakor—. Beti bezala, galdera asko ditugu eta apenas erantzunik ez. Baina bai, niri ere iruditzen zait lanpara hau lekuz kanpo dagoela. Ez nau harritzen Stan Douglasi hainbesteko atentzio emateak.
Luk biratu egiten da, lanpararen bonbilla piztuko duen etengailuaren bila. Sarrerako atearen ezkerraldean aurkitzen du. Harengana joan eta zanpatu egiten du, zerbait harrigarria gertatuko delakoan. Lanpararen argia piztu egiten da, baina ez da ezer berezirik gertatzen. Argia itzaltzen du eta berriro pizten du. Ez da ezertxo ere gertatzen.
Pat lanparara hurbiltzen da eta Ikutzen hasten da, baina ez daki zertarako ukitzen duen.
—Lanpara normal bat dela ematen du —dio, azkenik.
—Pentsa dezagun —dio Lukek—. Beharbada, zerbait alde batera uzten ari gara.
—Beno, egia esan, Nordanen argibideak argiak eta zuzenak dira. Beltxarga aurkitzea. Ba hementxe dago. Agian, besterik gabe, Spikeri esan behar diogu Nordani idazteko non dagoen esateko eta gero berak jakingo du zer egin behar duen. Horrela, Spikek Nordanekin adostu zuen agindua beteko luke, eta Nordanek bakean utziko lioke. Teorian, noski.
—Halaxe da, Pat. Teorian. Begira, duela ordu batzuk nik neuk esango nizukeen hori —erantzuten du Lukek, egurrezko aulkietako batean eseriz eta bere pisuaren ondorioz zaratatsu kirrinka egiten duena—. Baina orain ez. Orain arte, bera beti pauso bat gure aurretik joan da, baina hemen beste zerbait dago, eta bera baino lehenago jakingo dugu. Gainera, ziur nago Spike erabiliko duela bere intereserako ahal duen guztian, ez da horrekin bakarrik konformatuko.
Patek baiezkoa egiten du isilpean. Susmoa du, Luk bezala, hau ez dela bertan amaituko Spikentzat. Laguna imitatuz, libre dagoen aulki batean esertzera doala, bi lagunek bi kolpe lehor entzuten dituzte. Harri eta zur geratzen dira segundo batzuetan, ia arnasarik hartu gabe. Luk Pati begiratzen dio, eskua belarrira botaz, eta Patek baiezkoa egiten dio buruarekin. Berak ere entzun du. Une labur batzuetan, gelan isiltasuna besterik ez da entzuten.
Tok, tok.
Hor dago berriro. Luk oso poliki altxatzen da aulkitik eta eskuarekin keinu bat egiten dio Pati atearen atzealdera jarrai diezaion. Iristean, metalezko karraska bat entzuten dute. Norbait ateko heldulekua biratzen ari da, eta atea poliki-poliki irekitzen hasi da. Pausoak eta zurrumurru arinak entzuten dira. Bat-batean, ahots xuxurlari batek isiltasuna hausten du.
—Kaixo? Norbait al dago?
—Ben?
—Aaah! Baina zer…? Zer ari zarete hor atzean? —dio Benek ahotsa jaitsiz —Ia-ia akatzen nauzue! Zatoz, Spike. Sartu.
—Ez dira hamar minutu pasa ere joan zarenetik, ez genuen uste hain goiz etorriko zinenik!
—Beno —hitz egiten du Spikek, oraindik ate ondoan dagoela—, zuen irakasle maiteak dei bat jaso du, eta alde egin behar izan du; beraz, eskolako bisita bukatu egin da. Bide batez, a ze liburutegia daukazuen, benetako harribitxia da.
—Buff, zuk ez dakizu ondo —dio Patek, arnasestuka.
—Garaiz iritsi naiz giltzak bere lekuan ozta-ozta uztera —dio Benek betaurrekoak kentzen dituen heinean eta kopetako izerdia zapi batekin lehortzen duen bitartean—, emozioz betetako goiza daramat.
Minutu batzuk pasa dira eta gazte bakoitzak aulki banan eseri dira, eta elkarren artean hitz egiten dute, urrezko lanparari begirada kendu gabe. Aurkitu behar zen zeinua lanpara dela dela egiaztatu ondoren, Spike pozik eta lasai azaltzen da, eta Nordani informazioa ematearen aldekoa da, gaia behin betiko ahaztu ahal izateko, baina gazteek badakite hori ez dela benetan amaituko, eta ez egiteko konbentzitzen saiatu dira, oraingoz behintzat.
—Beno —dio Spikek—, jar zaitezte une batez nire lekuan. Nik ez dut Nordan ezagutzen, baina berak eskatu zidan beltxarga aurkitzeko eta hemen dago. Oraintxe bertan joan naiteke udal-liburutegira eta liburuan ohar bat utzi berak eskatu zidan bezala. Nola dakizue gero gehiago eskatuko didala?
—Jakina, zuk ez dakizu zer egiteko gai den pertsonaia hori —dio Benek—, baina guk bai, bizi izan dugulako.
Spikek hiru gazteei begiratzen die eta besoak gurutzatzen ditu. Lanpara ikusi zuenean, kontu hura berarentzat buka zitekeela pentsatu zuen, eta orain izoztutako ur ontzi bat gainera bota baliote bezala sentitzen da.
—Nordani buruzko gauza batzuk ez dizkidazue kontatu —dio Spikek, aulkitik altxatuz eta lanpararantz abiatuz—. Uste dut dakizuen guztia kontatzea dela bidezkoena, eta orduan erabakiko dut honi buruz informazioa eman behar diodan ala ez. Asko eskertzen dizuet eman didazuen laguntza, nik ezin izango nuke inoiz leku hau nire kabuz aurkitu. Baina, azken finean, nire arazoa da, eta neu naiz erabaki behar dudana.
Gazteek elkarri begiratzen diote une batez. Spike bezalako pertsona bati horrelako sekretu bat eman behar al diote? Nola dakite ez duela informazio hori gaizki erabiliko? Azkenean, Luk da iniziatiba hartzen duena.
—Pat, zer pentsatzen duzu?
—Berarengan konfiantza dut —dio Patek, segundo batzuetan hausnartu ondoren.
—Ben?
Ez du ezer esaten, baina Spikeri begiratu ondoren, Benek baiezkoa egiten du buruarekin. Lukek hasperen egiten du eta Spikeri begiratzen dio.
—Ados orduan. Bere garaian, hitz eman genuen ez geniola hori inori kontatuko, baina une honetara iritsita, arrazoia duzu, informazio guztia eduki behar duzula da bidezkoena. Nahi ala ez, kontu honetan barruraino sartuta zaude.
Agian hobe duzu berriro esertzea, denbora pixka bat beharko dugu egunean jartzeko.
***
Hainbat minutu igaro dira, eta, tarte horretan, ikasturte hasieran bizi izan zituzten gorabeherak Spikeri ahalik eta zehatzen azaltzen saiatu dira. Timmy Sach desagertu zen unea, abandonatutako etxera eraman zituen informazio bilaketa, bertan arku misteriotsuari buruz aurkitu zituzten planoak, liburutegiko pasabide sekretuaren barruan aurkitutako arkua eta, benetan arkua atari inter dimentsional gisa funtzionatzen duen gailu bat zela jakin zuteneko une sinestezina.
Timmy Sachekin eta Nordan berarekin izandako topaketa kontatu zuten. Nordanek bere aitaren historia eta ondorengo desagerpena kontatu ziela, eta akatsa egin zuela bere plan osoa aitortzeagatik, pentsatzen zuelako gero erloju formako gailu misteriotsuarekin hiru lagunei memoria berria ezabatuko ziela, eskolako beste hainbat ikaslerekin egin zuen bezala. Luk berak dispositiboak Pat eta Benekin funtzionatu zuela azaldu zion, esnatzean gertatutakoaz ezer gogoratzen ez zutelako, baina berarekin ez zuela funtzionatu bere daltonismoari esker.
Azkenik, bere etxean jaso zuen gutunari buruz hitz egin zion; bertan, etorkizunean elkar ikusiko zirela hitz ematen zion.
—Horregatik jakin nuen zuk jaso zenuen gutuna berak idatzitakoa zela, letra eta sinadura berehala ezagutu nituelako —dio Lukek, hasperen eginez eta aulkiaren bizkarraldean astunki etzanez.
Spikek segundo batzuk behar ditu entzun berri duen guztia barneratzeko. Hasieran, istorioa dibertigarria ere iruditu bazitzaion ere, aurrera egin ahala, arazoaren tamainaz jabetu zen.
—Sinestezina da —dio azkenik—, ez al zaizue iruditzen? Alegia, oso ondo ulertzen dut lehenago ez kontatzeagatik, orain ere ez bainaiz gauza guztiz bereganatzeko. Ez gaizki ulertu, ez dut uste gezurretan ari zaretenik, baina… beno, istorio sinestezina da. Dimentsio arteko atari bat? Momentuko memoria ezabatzen duen aparatuak? Xantaia egiten ari zait, lehen aipatu duzuen Timmy horri eta beste askori bezala. Eta ziur aski, hori bukatutakoan, oroimena ezabatuko zidan niri ere. Oso gogorra da dena, gazteak.
Hiru lagunak isilik geratzen dira, Spikeri begira. Spike eserita dago, ahoa zabalik eta zigor-gelako leihotik begira.
—Dena den —jarraitzen du Spikek—, orain gauza bat ulertzen dut. Argi dago zergatik Nordanek esan zidan zuen bila joan behar nuela zuen laguntza eske. Bazekien ederki beltxarga aurkituko zenutela. Eta nik uste dut horrela egin behar zuela ez zuelako beste erremediorik. Ziur nago nahiago lukeela gai honetan sartu ez bazinate, badakielako gauzak zaildu ahal dizkiozuela eta bere plana honda dezakezuela, zernahi dela ere, beste behin ere egin zenutelako.
—Eta horrexegatik, hain zuzen ere —dio Lukek—, oraingoan ez da hainbeste fidatuko. Plan bat dauka, seguru nago.
—Eta guk helburu bat dugu —dio Patek lanpararantz jaikiz—. Lanpara honek hemen zer zeregin duen jakin behar dugu.
Spike eserita dago bere mugikorrari begira, besteak lanpararen inguruan biltzen diren bitartean eta hura ukitzen eta zanpatzen saiatzen diren bitartean, gertatzen ari ez den zerbait azkenean gertatuko ote den esperoan. Handik minutu batzuetara, etsipenak gazteak hunkitzen ditu.
Mugikorreko argazkiak ikusten ari dela, Spikek eskolako kanpoaldean egin dituen irudiekin egiten du topo. Konkretuki argazki bati begira geratzen da eta mugikorreko pantailan hatzekin zabaltzen du. Gero pixka bat gehiago. Eta bat-batean, leihorantz abiatzen da, sudurra kristalari itsatsi eta beherantz begiratzen du. Izpi bat piztu zaio buruan.
—E! Zatozte!
—Zer gertatzen da, Spike? —dio Patek, beldurtuta.
—Lehen esan duzue liburutegiko gela sekretua irekitzen zuen liburuaren aurkikuntzara eraman zintuzten arrastoa latinez idatzita zegoen esaldi bat zela, ezta?
—Hala da, bai.
—Ba begirada bat bota honi. Argazki honetan agertzen den esaldia, justu hemen behean atera nuen.
Hiru lagunak Spikeren mugikorraren inguruan elkartzen dira; izan ere, orain dela ordu batzuk, beltxarga existitzen zuela frogen bila ikastetxea inguratu zuenean ateratako argazkiak pasatzen ari da. Irudiek latinezko zenbait inskripzio erakusten dituzte, baina Spike horietako batean geratu da eta berriro handitzen du argazkia.
—Egia esan, gauza bat dela eta bestea dela, gaur goizean egin ditudan argazkiak erakustea otu zaidala. Nik ez dut arreta handirik jartzen latinezko saioetan, baina nire skatea apustuko nuke irudi honek lanpararekin zerikusia duela.
«AVERTE LUCEM ET INCLINA CAPUT»
Lukek bere praken atzeko poltsikotik boligrafo bat ateratzen du berehala, eta beltxargaren zirriborroa duen orri berean idazten du esaldia eta itzultzen hasten da, latinezko hitzen azpian zirriborroak eginez.
—“Argia itzali eta makurtu burua”. Spikek arrazoi du, hau ezin da kasualitatea izan —dio Lukek, orria boligrafoarekin kolpatuz.
—Ados, argia itzalita dago —erantzuten du Benek, lanpararen aurrean jarriz eta burua harengana makurtuz —. Ez da ezer gertatu, ezta?
—Ez dut uste —dio Lukek —. Dena den, ezin da hain literala izan, eta ez dut uste edozein bururekin funtzionatuko duenik.
—Beno, probatu egin behar nuen —erantzuten du Benek barrez eta besoak zabalduz —, batzuetan erantzun erraza izaten da erantzun ona.
—Ben, egizu gauza bat —iradokitzen du Patek, argiaren etengailura hurbilduz —, saiatu beltxargaren burua mugitzen. Inskripzioak dioen bezala, bere burua makurtzen saia zaitez.
—Humm… ezer ez. Ez da mugitzen.
Patek lanpararen bonbilla pizten duen argiaren etengailua sakatzen du, eta Benek begiak erdi itxi egin behar izan ditu, eragindako bat-bateko argitasunaren ondorioz.
—Probatu berriro.
—Ezer ez. Lehen bezalaxe.
Patek argia itzaltzen du berriro, eta lagunari berriro saiatzeko eskatzen dio, emaitza berarekin.
Lau gazteak isilik geratzen dira une batez, konponbide desberdinak hausnartzen. Lukek bere burua igurzten du lanparari begiratzeari utzi gabe, baina ez zaio beste ezertxo ere bururatzen.
—Pat!
—A ze sustoa, Ben. Zer gertatzen da?
—Gauza bat bururatu zait. Piztu argia berriro.
—Hori probatu dugu jada —erantzuten du Patek, sorbaldak uzkurtuz—; gainera, testuak “argia itzali” dio.
—Beno, zuk egin ezazu berdin, zerbait probatu nahi dut.
Patek purrustada txiki bat eginez, hormako etengailua sakatzen du eta lanpara berriro pizten da. Jarraian, Benek esku bat bonbillara hurbiltzen du, eta kontu handiz, behatzak ez erretzeko, haria askatzen hasten da, harik eta, biraketa pare baten ondoren, argia itzali egiten den arte. Ondoren, lehen egindako keinu bera errepikatzen du, beltxargaren burua beherantz bultzatuz. Segituan, Benek oreka galtzen du eta lurrera erortzen da.
—Ben, zer gertatzen da? —dio Lukek, hurbilduz—Ondo al zaude?
—Primeran nago! —Dio Benek lurrean dagoela.
—Baina, orduan, zergatik erori zara? Ez da ezer gertatu, ezta?
—Nik ez dut ezer berezirik ikusi —dio Spikek aretoaren hondotik—.
—Ezta nik ere —adierazten du Patek lagunarengana hurbiltzen dela lagunari altxatzen laguntzeko.
—Nik ere ez dut ezer ikusi —dio Benek, irribarrez eta bere oinetara seinalatuz—, baina sentitu dut. Lurra altxatu da eta lurrera bota nau, mutilok. Baldosa horren azpian zerbait dago.
