ITOPUNTUA?
—Pertsona ikaragarria zara, Ben —dio Lukek, txundituta—, inoiz esan al dizut?
—Egia esan, aspaldi ez zenidala esaten, eta faltan sumatzen nuen jada —erantzuten du Benek aurpegian irribarretxo bat duela.
Ben lehentxeago zutik egon den baldosa, orain, albo batetik argi eta garbi altxatua dagoela ikusten da. Gazteak baldosaren inguruan bildu dira eta Ben belauniko jarri da lurrean, hobeto behatzeko.
—Guztiz txundituta nago —dio Spikek, eskuak buruan dituela—, hau abenturazko film bat bezalakoa da.
—Bale, begiratu dezagun —dio Lukek—, goazen ikustera hor behean zer dagoen. Ben, lagundu.
Bi lagunek hatzekin indarra egiten dute baldosa altxatu ahal izateko. Berehala pixka bat gehiago altxatzea lortzen dute, eta esku osoa erabiliz egin dezakete indarra. Tranpola bat balitz bezala, pieza alde baterantz irekitzen da. Behar duten zatia irekitzen dutenean, baldosaren barruko aldea zurezkoa eta lodia dela, eta, helduleku metalikoa duela ikus dezakete. Egurrezko gainazalean, beltxargaren zeinua dago grabatuta.
—Berriro ere beltxarga —xuxurlatzen du Patek.
—Jar dezagun lurrean kontu handiz —esaten dio Lukek Beni—, nahiko pisatzen du, eta ez dugu apurtzerik nahi.
Hala egiten dute, baldosa poliki-poliki erortzen uzten dute lurra ukitu arte, kolpe lehor bat joaraziz.
—Hara, —dio Patek, tranpolak agerian utzi duen zulora begira—, konpartimentu sekretu bat egongo zela espero zuen, “zerbait” txikia ezkutatzeko leku txikiren bat. Baina zulo hau oso sakona dirudi.
Izan ere, gaztetxoen aurrean zulo estu bat ageri da, hain iluna eta sakona, ez dela haren amaierarik ikusten. Pertsona bat bertan sartzeko moduko zulo handia da. Zuloaren goiko aldean eta gelatik datorren argiari esker, metalezko barra batzuk ikus daitezke paretan iltzatuta, eskailerak izango balira bezala.
—Nola da posible zulo hau hemen egotea? —dio Spikek, harrituta—. Esan nahi dut, suposatzen da azpian ikasgela gehiago daudela, ezta?
—Hau ez da magia, Spike —erantzuten du Patek—, ziur aski beheko solairuetan toki honetan bertan pareta sinple bat egongo dela. Jakina, inork ez luke susmatuko horma horren barruan pasabide bat egongo zenik.
—Zer sakonera izango du honek? —dio Spikek, burua zuloaren beltzunetik aterata—. Ez da hondoa ikusten, oso ilun dago.
Ben zutitu egiten da, eta bere galtzetako aurreko poltsikoak arakatzen hasi da, txanpon bat aurkitu arte. Txanponari begira geratzen da bi atzamarrekin heltzen dion bitartean.
—Ikus dezagun. Denok isilik egon.
Hori esanda, eskua zuloaren erdiraino luzatzen du eta txanpona erortzen uzten du. Bat, bi, hiru, lau segundo.
“Clink, clonk”
—Beno, hori nahiko sakona da —dio Lukek bere lagunei begira—. Zorionez, linternak ekartzea bururatu zitzaigun, baina ezingo ditugu erabili eskailera moduko horretatik jaisten garen bitartean. Bi taldetan banatzea proposatzen dut. Gutako bi goian geratuko gara eta ahal dugun argi gehien emango diegu beste biei. Beti izango da ezer baino hobeago. Eta beste biak jaitsiko dira ea zer aurkitzen duten. Uneoro komunikatuta egongo gara. Ni boluntario aurkezten naiz jaisteko, nor dator nirekin?
Spikek ez du zalantzarik.
—Zurekin noa, nire betebeharra da.
Lukek buruarekin baiezkoa egiten du eta Ben eta Pati begiratzen die.
—Aurrera orduan, ni joango naiz aurrena. Spike, zuk itxaron nik behera iritsi arte, ez da komeni biok batera jaistea.
—Kontuz ibili jaistean —dio Patek kezka aurpegiarekin—, erorketa izan daiteke… Tira, ez dut uste esan beharrik dagoenik.
Luk eta Spikek elkarri begiratu diote une batez, eta lehenengoa jaisteko prestatzen ari da. Linterna eta telefono mugikorra daramatzala egiaztatzen du, behera iristen denean Ben eta Patekin komunikatu ahal izateko. Tunelaren hondoan zer aurkituko ote duen ez dakienez, Lukek hankak zuloan sartzen ditu eta metalezko mailetako baten gainean jartzen ditu oinak. Ondoren, uzkurtu egiten da eta eskuekin gauza bera egiten du, indarrarekin helduz. Pixkanaka, eskaileratik jaisten da, oinetako bat beheko maila bakoitzean jartzen duen bakoitzean soinu metaliko bat ateraz. Goitik, Pat eta Ben beren linternekin lana errazten saiatzen dira, baina Lukek badaki jaisten doan neurrian bere lagunen laguntza ia baliogabea izango dela.
Eskailera-mailak egoera onean ez daudela dirudi, Lukek hotz eta herdoilduta daudela sumatzen ditu, bertan denbora asko daramaten froga. Hala ere, gogor eusten die eta eskuak erretzen hasi zaizkiola nabaritzen du.
—Zer moduz zoaz? —dio Spikek goitik—Dena ondo?
—Dena ondo, bai. Uste dut jada ez zaidala askorik geratzen —erantzuten du Lukek arnasestuka, esfortzuaren ondorioz.
«Egia izatea espero dut, ia itsu-itsuan jaisten ari naiz eta»
Bien ahotsak tunelean gora eta behera dabiltza, hormetan errebotatuz, etendako oihartzunez errepikatuz. Gelan isiltasun izugarria dago, Luk lurrera noiz iritsiko ote den zain. Badira segundo batzuk goitik Luk ikusten ez dutela, eta tentsioa erabatekoa da.
Bat-batean, izualdi orokor bat dago. Benen mugikorraren soinua, bolumen handienean jotzen du. Luk ari da deitzen!
—Ben! Hartu azkar telefonoa —dio Patek—, nire etxetik entzuten egongo da eta!
Benek deia onartzen du eta bozgorailua jartzen du, denek entzun dezaten.
—Luk, dena ondo?
—Bai, behean nago. Ikusten dudanez, hau harkaitzean zulatutako tunel moduko bat da, eta oso luzea dirudi, ez dute … amaiera… —Bere ahotsa etenda entzuten da, estaldura faltagatik.
—Ulertu al duzue azken esaldia? —galdetzen du Patek.
—Ez, gaizki entzuten zen —dio Spikek, bere hankak zulotik zintzilik jarriz—. Apustu egingo nuke ezin izango dugula asko komunikatu hor behean gauden bitartean. Lagunak, emaidazue argia, jaitsi egingo naiz.
Poliki-poliki, Spike metalezko eskaileratik jaisten hasten da. Banan-banan, mailak atzean uzten doa, eta, bitartean, beherantz gehiegi ez begiratzen saiatzen da, nahiz eta bere buruak behin eta berriz behera begiratzeko eskatzen dion, jaisteko zenbat geratzen zaion ikusteko.
—Segi, oso ondo zoaz! —lurretik, Luk Spike animatzen saiatzen da, haren arnasketa sakona eta metalezko barretan zapatilen kolpeak entzun ditzake—. Metro batzuk baino ez zaizkizu geratzen, animo!
—Bale, banago kasik!
Luken hitzak hain gertu entzutean, Spike lasaitu egiten da eta jaitsiera azkartzen du, behera iristeko irrikaz. Hurrengo mailan gorputzaren pisua jartzean, ezkerreko oineko zapatilak metalean irrist egiten dio, eta eskuineko eskua, luzatuena duena, askatu egin da bere pisuaren presioagatik. Beste eskuak ez dio eusten eta Spike erortzen ari dela sentitzen du.
«Arranopola, grabitatea gorroto dut»
Lukek bere lagunaren kolpea jasotzen du, bere azpian baitzegoen eta besoak altxatzeko denbora izan du hura harrapatzen saiatzeko. Biak lurrean biraka ateratzen dira, eta, aldi berean, minez kexatzen dira.
Goitik ez da ezer entzun eta ez da ezer ikusi ere, baina bat-batean, Benek eta Patek Luken linternaren argia ikusteari utzi diote.
—Deitu Luki ea dena ondo dagoen —dio Patek, linterna itzalita—, badaezpada ere.
Benek hala egiten du, bere mugikorrean zenbakia markatzen du, baina ez dago estaldurarik. Sorbaldak goratuz bere lagunari begira geratzen da.
—Lukek esan du, agian ez zela estaldurarik egongo hor behean. Itxarotea besterik ez zaigu geratzen, eta dena ondo dagoela konfiatu behar dugu.
Luk eta Spike lurretik altxatu dira astiro, eta, arropako hautsa astintzen ari diren bitartean marmar batzuk botatzen dituzte.
—Ondo al zaude? —dio Spikek, kezkaz Luki begiratuz—. Kolpe on bat hartu behar izan duzu… Eskerrik asko nire erorketa arintzeagatik, zoru horrek oso gogorra dirudi.
—O, hala da —erantzuten du Lukek, eskuineko hankaren saihetsera eskua eramanez—, bihar ubeldura handi bat izango dut hemen. Eta zu? Ondo al zaude?
—E? Bai, bai —dio Spikek distraituta ingurura begiratzen duen bitartean, inguruan duten iluntasunetik harantzago zerbait ikusi nahian—. Piztu ditzagun linternak, ea zer den leku hau.
Argiak piztean, haitzean zulatutako pasabide zabal bat aurkitzen dute, inolako momentutan makurtu beharrik ez izateko bezain garaia, eta hain zabala, besoak ahalik eta gehien zabalduta ere ez liratekeela iritsiko bi paretak aldi berean ukitzera. Indusketa, egin zenean egin zela ere, ez zen edozein modutan egin. Hormak batik bat lauak dira eta sabaiak ganga-forma du. Halaber, zorua irmoa eta erregularra da.
—Tunel hau eraiki zuenak, kontzientziaz egin zuen eta bere denbora hartu zuen hori egiteko —dio Lukek, esku bat horma leunetik pasatuz eta argi izpiak hondorantz bideratuz—. Eta luze samarra dirudi, ezta?
—Egia, momentuz ez da amaierarik ikusten. ibil gaitezen apur bat, ea nora eramaten gaituen.
Spike ibiltzen hasi da, astiro, oinak non jartzen dituen arreta jarriz. Luk ez da mugitu oraindik, baina azken begirada bat ematen dio bere mugikorrari, eta, -Spikek eskailera jaitsi aurretik susmatzen zuen bezala-, bertan ia estaldurarik ez dagoela egiaztatzen du; beraz, gorde egiten du, eta bere lagunari jarraitzen dio, distantzia laburrera.
Tunelean barrena isilik aurrera doazen heinean, Lukek bere buruari bere izateko arrazoia zein izango ote den galdetzen dio. Zergatik da hain luzea? Zerekin komunikatzen da? Nork eraiki zuen? Oraingoz galdera guztiak erantzunik gabekoak.
«Bost minutu luze daramatzagu oinez, eta tunelak aurrera jarraitzen du; hiriko edozein tokiren azpian egon gaitezke jada»
Bat-batean, Luken aurretik doan Spikek isiltasuna mozten du.
—Uste dut zerbait ikusten dudala.
—Bai? Zer ikusten duzu? —dio Lukek, lagunaren atzetik burua ateraz eta linternarekin korridorearen amaierarantz seinalatuz.
—Han urrunean, hor amaituko balitz bezala da. Ikusten duzu?
—Bale, ikusten dut. Goazen ikustera, ea zer dagoen —dio Lukek, bi lagunek pausoa arintzen duten bitartean. Hurbildu ahala, ikusmena nahasiago bihurtzen da, ez dirudi beste aldean aterik edo eskailerarik dagoenik. Tunelaren amaierara iristeko metro batzuk geratzen direnean, argi eta garbi ikusten dute.
—Luizi bat da —dio Spikek, haserretuta—. Madarikazioa, ezin dugu hemendik jarraitu. Hainbeste ahalegin beltxarga aurkitzeko eta eskaileretan behera bizia arriskuan jarriz, eta ez du ezertarako balio izan. Arraioa!
Luk isilik geratzen da, ez daki zer esan. Badaki Spikek arrazoi duela. Beltxargadun lanpara eta tranpola sekretua aurkitu izanak zalantza ugari sortu ditu barruan zer aurkituko ote zuten, baina orain kale itsu batean daude. Berehala, galdera guztiak batera etortzen zaizkio burura. Zer gertatu da hemen? Eraispen naturala izan al da? Agian norbaitek eragin du hondamendi hau? Eta hala bada, zergatik?
Gazteek elkarri begiratzen diote, ezintasun aurpegiarekin. Ezin dute ezer egin.
—Itopuntu batera iritsi gara —dio Lukek—. Itzultzea besterik ez zaigu geratzen.
—Eta esku hutsik —erantzuten du Spikek, lurreko harri bati ostikada bat emanez. Harria hankarekin mugitzean, hau abiadan ateratzen da zerbaiten kontra talka eginez eta Spike harritzen duen soinu huts bat eraginez. Honek, harriak jo duen aldera zuzentzen du begirada—. Itxaron momentu bat, zer da hori?
—Zertaz ari zara?
—Begira han, bazter hartan, luizitik hurbil —dio Spikek, bere linternarekin argia emanez—. Zera dirudi… Motxila bat da?
Mutikoak objektura hurbiltzen dira eta grisaxka iluna kolorekoa denez, eroritako harrien kolorearekin kamuflatuta geratzen da. Luk jasotzeko makurtzen da, baina motxilaren zati bat tamaina handiko harri baten azpian harrapatuta dago.
—Spike, zatoz. Harrikada hau mugitzen saiatuko gara. Zuk hemen jarri eta nik beste alde honetatik bultza egingo dut. Bat, bi… hiru!
Mutikoek beren indar guztiarekin bultza egiten dute, eta, handik gutxira harriak amore ematen du, zarata handiz albo baterantz biratuz eta larruzko motxila askatuz. Bertan denbora asko daramala dirudi, hautsez estalita dago eta.
—Zer egingo du honek hemen? —dio Lukek, zikinkeria astinduz, motxila hartuz eta honi bueltak emanez behatzeko—. Dirudiena baino gehiago pisatzen du…
—Ez dakit, baina ziur nago denbora dezente daramala hemen. Ez al duzu irekiko?
—Zer? A, noski, bai, oraintxe.
Luk motxila nola irekitzen den bilatzen ari da, eta belarria duten bi tirante aurkitu ditu, baina zailtasunez askatzen ditu, denboraren poderioz azala oso lehor eta gogor dagoelako. Belarriak askatu ondoren, motxilaren barrualdea ixten duen soka batekin topo egiten du. Korapiloa desegin ondoren, esku bat barrura sartzen du, lehenik eta behin arropa jantzi bat ateratzen du eta zer den ikusteko altxa egiten du.
—Bufanda bat besterik ez da —dio Spikek, izkina batetik hartuz eta luzatuz. Artilez eginda dago, marra berde eta marroiekin.. —Ba al dago beste ezer?
—Seguru baietz, motxilak nahiko pisatzen du eta…
Eskua berriro sartzean, Lukek objektu hotz, metaliko eta luzanga bat ukitzen duela nabaritzen du. Motxilatik atera eta argipean jartzen du hobeto ikusi ahal izateko. Gutxienez bi arretako luzera duen urre-koloreko objektu bat da; beheko ertzean puntazorrotza du eta gurutze forman amaitzen da. Beste ertzean, alde laua du, eta bertan beltxargaren zeinua duela ikusten da.
—Zer da hori? —galdetzen du Spikek, harrituta.
—Ez zait gustatzen apustu egitea, baina egin beharko banu, hau giltza bat dela esango nuke. Eta, halaber, esango nuke, objektu hau zabaltzen duen edozer dela, harri hauen beste aldean dagoela.
—Posible da, bai… Norena litzateke motxila hau? Eta zergatik utzi zuten hemen?
—Horiek oso galdera onak dira, Spike. Nahiago nuke erantzun gehiago izango bagenitu, baina oraingoz hau da daukaguna.
Luk eskua motxilan sartzen du beste zerbaiten bila, ahuspez ere jartzen du eta astindu egiten du, baina ez du beste ezer aurkitzen.
—Beno, badirudi hori dela dena —dio Lukek—, bufanda eta giltza moduko hau.
—Duela bost minutu genuena baino gehixeago da —erantzuten du Spikek, berriz ere bufanda motxilan sartuz—, elkartu gaitezen besteekin ea zer iruditzen zaien aurkitu dugun hau.
Lukek baiezko keinua egiten du giltza heltzen du. Ondoren, motxila lokarriarekin itxi eta bizkarretik zintzilikatzen du.
Alde egin aurretik, beste begirada bat botatzen diote inguruari, beste zerbait gehiago dagoen ikusteko. Badakite zorte kolpe bat izan dutela eta itxuraz garrantzitsua den zerbait aurkitu dutela, baina puzzlearen erdia baino ez da. Orain, pasabidearen beste izkina non dagoen jakin behar dute.
«Spikek arrazoia du, genuena baino gehiago da eta alde egiteko zorian egon gara hori lortu gabe»
