X KAPITULUA

MAMU BAT BILATZEN

 

Beste zereginik ez zegoela ikusi zutenean, Lukek eta Spikek atzera egin zuten tunelean barrena, kanpora irteteko eskaileren bila. Amorru eta etsipen handiz egin zuten bidea pasabidea nora zeraman ezin izan zutelako jakin, baina motxila aurkitzeak esperantzaz bete zituen berriro.

 

Gora iritsi zirenean, Pat eta Beni egoera azaldu zieten, haiek pazientziarekin zain zeuden eta. Luiziaren aurkikuntzaren albisteak oso hotz utzi zituen, baina gero, motxila eta edukia erakutsi zutenean, dena aldatu zen. Eskola ixteko ordua hurbiltzen ari zenez, dena hurrengo egunerako uztea erabaki zuten, eta beste bilera bat antolatu zuten eguerdian Luken etxean, Paten antzerki saioaren ondoren.

 

Gau hartan, Luk bere buruari galderak egiten aritu zen, eta, batez ere, hurrengo pausoa zein izan zitekeen pentsatzen ibili zen. Edo, beharbada, eta zein itopuntutan zeuden ikusita, aurrera nola egin zitekeen pentsakor zebilen. Amaierarik gabeko pasabide batekin egin zuen amets, eta pasabide hori hondoratu egiten zela eta bera barruan zegoela hondoratzen zela. Amets horiek Luki ez zioten atseden hartzen utzi.

 

Astearte goiza da, eta Luk oraindik ez da ohetik jaiki, ahoz gora etzanda dago, begiak itxita ditu eta gela ilunpetan. Familiako gainerako kideak lehenago esnatu dira; izan ere, Lenak eta Lewisek Laura merkataritzagunera eraman behar dute laster.

 

—Luk, gu bagoaz! —oihu egiten du Laurak bere anaiaren gelako atearen bestaldetik—. Aitak esan dit zuri gogorarazteko bazkalordura arte ez garela itzuliko!

 

—Bale Laura, gero arte —erantzuten du Lukek nola hala, oraindik esnatzea kostatzen ari zaiola.

 

Ohetik, sabaiari begira dagoen bitartean, ate nagusia nola ixten duten eta autoaren motorra etxetik nola urruntzen den entzuten du. Bere gau-mahaitxo baterantz biratzen da erlojua begiratzeko, eta uste baino beranduago arte lo egin duela konturatzen da.

 

«Beno, ez da ezer ere gertatzen, oraindik ia ordubete falta da besteak etxera etorri arte».

 

Minutu batzuetara, nagiak atera eta ohetik jaikitzen da dutxa bat hartzeko. Dutxari esker esnatu egiten da. Jantzi ondoren, gosari on bat prestatzera jaisten da ogi txigortua eta laranja-zukua erabiliz, eta aurreko egunean aurkitutako motxila berekin eramaten du. Ogi txigortua jaten ari den bitartean, harkaitzean zulatutako pasabidea nora doan nola jakin dezaketen pentsatzen ari da etengabe. Bat-batean, beltxargaren zeinua duen giltzaren ertza etorri zaio burura. Motxilatik atera eta berriro ikustean, errebelazio bat dauka.

 

«Jakina! Nola ez zait lehenago bururatu hau egitea?»

 

Bat-batean, eskailerak binaka igotzen ditu bere gelarantz, bere ordenagailu eramangarria hartzera eta sukaldera jaisten du; bertan zuku edalontzi osoa trago batean edaten du, ordenagailua noiz piztuko zain. Sistema eragilea abiarazi denean mugikorra ordenagailura konektatzen du; bere mugikorretik bi irudi ateratzen ditu eta eramangarriaren mahaigainean uzten ditu. Evan Nordanek beltxargari buruz egin zuen zirriborroa eta zigor-gelan urreztatutako beltxarga zuen lanparari egindako argazki bat dira.

 

—Kito! Ikus dezagun… bilatzailea irekiko dut… irudi bidezko bilaketa.

 

Zirriborroaren irudia gehitzen du sarean kointzidentziak bilatzeko, eta programak segundo batzuk baino ez ditu behar datuak emateko. Lehen saiakera honetan, bilatzaileak eskaintzen dituen emaitzek ez dirudi ikastetxearekin edo esku artean duten kasuarekin lotutako zerbaitekin zerikusirik dutenik. Beraz, berriro saiatzen da, oraingoan bigarren irudiarekin, lanpararena.

 

Programari gehitzen dio eta bilaketa-botoia sakatzen du. Une batez zerbait gaizki doala pentsatzen du, emaitzak pantailan azaltzeko denbora asko behar duelako, amaierara iristen ez den aurrerapen-lerro bat besterik ez da ikusten.

 

Baina, bat-batean, pantaila emaitzez eta balizko kointzidentziez betetzen da.

 

«Hemen dago, hau da!»

 

Irudietako batzuek argi eta garbi erakusten dute. Beltxargaren zeinua, lanparan agertzen zen bezala. Irudietako batean kartel baten barruan agertzen da, bestean, harrian grabatuta. Beste batzuetan, ez da beltxargarik agertzen, baina bai nahiko zaharra izatearen itxura duen eraikin handi bat. Eta irudi guztietan, irudiaren deskribapenean, esaldi bat.

 

«Patterson Ikastetxea»

 

—Arraioa, argazkietan Brightoneko eraikinaren antz handia du —dio Lukek bere buruarentzat—. Kontua da… ez zaidala ezaguna egiten. Agian…

Ateko txirrinaren soinuak Luk bere buruarekin duen bakarrizketa mozten du, atea irekitzera altxaraziz.

 

—Ene, ez naiz konturatu jada ordua dela —dio bere eskumuturra altxatuz eta aterantz doan bitartean erlojuari begiratuz—. Banoa!

 

Atea irekitzean, Spike eta Ben topatzen ditu sarreran. Elkarrekin iritsi dira, eta, agurtu ondoren, zuzenean sartu dira etxe barrura.

 

—Ah, ez itxi atea —dio Benek, sarreran jarraitzen duen Lukengana biratuz—, hor urrutira Pat datorrela ikusi dut.

 

Izan ere, Pat azkena iristen da, bizikleta besteen ondoan pilatuta uzten du eta Dawsontarren etxera presaka sartzen da. Lukek, bere atzean dagoela, atea ixten du eta gazteak gelara joateko eskailerak igotzen hasi direla ikusten du Lukek.

 

—Ez igo —dio Lukek aurkitu duenaren emozioak astindutako ahotsaz—, goazen sukaldera, zerbait erakutsi nahi dizuet.

 

—Sukaldera? —dio Benek, begiak eta ahoa ondo irekita.

 

—Ez egin ilusiorik, Ben. Oraingoan ez dago azenario tartarik.

 

—Arraioa, Luk, ez jokatu horrela nire sentimenduekin —dio Benek burua makurtuz—. Zer erakutsi nahi diguzu orduan?

 

Lau gazteak sukaldera doaz, Luk buru dutela. Esku batekin ordenagailua erakusten die, mahai gainean irekita, amaitu gabeko gosariaren ondoan.

 

—Eser zaitezte, zerbait aurkitu dut —dio Lukek, besteak mahaiaren inguruan esertzen diren bitartean.

 

Lukek ordenagailu eramangarria biratzen du, eta Patterson ikastetxeko fatxadaren argazkia pantaila osoan erakusten die gazteei. Hasieran, bere lagun ilegorriari begiratzen diote, ulertzen ez dutelakoan.

 

—Ba al dakizue zer den hau?

 

—Niri ez zait ezaguna egiten —dio Benek, sorbaldak goratuz. Beste biek, buruarekin ezetz esaten dute.

 

—Lehen —azaltzen du Lukek—, gosaltzen ari nintzela, ordenagailuan irudi bidezko bilaketa bat egitea bururatu zait, beltxargaren irudiekin bat ote zetorren ikusteko. Hasieran ez du ezer aurkitu, baina lanpararen irudia sartu dudanean… begira!

 

Lukek fatxadako irudi handia ixten du eta bilatzaileak aurkitu duen beltxarga duen ezkutuaren argazkiak erakusten dizkie lagunei. Hirurak txundituta geratzen dira bilaketaren emaitzak irakurtzen, Patek isiltasuna hausten duen arte.

 

—Patterson ikastetxea?

 

—Hori da —erantzuten du Lukek—, beltxargaren logotipoa ikastetxe batena da, Patterson ikastetxearena. Brightonek bere ezkutuan lehoi bat duen bezala, beltxarga ikastetxe honetakoa da. Ez dago zalantzarik, begiratu irudiak!

 

—Baina orduan —dio Benek, bere eserlekutik altxatuz—, beltxarga lanparan, tranpolaren barrualdean…

 

—Bai horixe! —mozten dio Lukek, eskuarekin mahaian kolpe bat emanez—. Badirudi zigor-gelak Brighton ikastetxea eta Patterson ikastetxea lotzen dituen pasabide bat duela. Ezin izan genuen aurkitu tunela erorita zegoelako, baina orain argi dago. Ikastetxea non dagoen jakin behar dugu, eta bertan sartzen saiatu behar dugu.

 

—Bakarrik? —dio Spikek iseka eginez—Horrelako ikastetxe batean sartuko al gara nola hala, susmorik eragin gabe? Eta gero bilatzen hasi… Beno, hori beste gauza bat da. Zer bilatu behar dugu zehazki?

 

—Beno, hori galdera bikaina da —dio Patek besoak gurutzatuz—. Eta, gainera, beste galdera batzuk ere baditut, hala nola, zergatik eraiki tunel sekretu bat ikastetxe batetik bestera? Eta zergatik egin hirugarren solairuan lehenengo solairuan egiteko aukera badago?

 

—Egia esan, tunel sekretu bat bilatuko nukeen azken tokia eraikin batetako azken solairua izango litzateke —erantzuten du Benek, barrez—. Hori ideia zoragarria iruditzen zait, inork ez ikustea nahi badut.

 

—Lasai, lagunak —dio Lukek, esku-ahurrak erakutsiz eta berriro eseriz—. Beti bezala, galdera asko eta erantzun gutxi ditugu. Nik ere ez dakit zer bilatzen ari garen zehatz-mehatz edo zein den guzti honen amaiera; izan ere, jakin gabe daramagu hasi zenetik. Baina badugu pista handi bat, giltza hau. Eta giltza bat badago, sarraila bat egon behar du sartzeko. Eta sarraila hori Patterson ikastetxean dago.

 

Spike, Nordanek pasabiderako sarbidea bilatzeko erabili zintuen, eta ez dakit nola, baina berak bazekien hantxe aurkituko zuela motxila giltzarekin. Eta orain guk daukagu. Giltza horrek zerbait irekitzen du, eta hori da Nordan bilatzen ari dena.

 

Denok segundo batzuk isilik egon ondoren, Pat eramangarria hurbiltzen du eta tekleatzen hasten da. Ondoren, pantaila biratzen du, besteek ikus dezaten.

 

—Makalen etorbidea, 35. Hori da hemen adierazten duen helbidea. Bertan aurkituko dugu Patterson ikastetxea. Joatea proposatzen dut, eta gero pentsatuko dugu zer egin, iruditzen al zaizue?

 

—Niregatik ados —dio Benek betaurrekoak kamisetarekin garbitzen dituen bitartean—, baina kontua da ez zaidala batere ezaguna lekua.

 

—Bale, ados orduan —dio Lukek zaplada bat emanez—, hau jasoko dut eta lehenbailehen joango gara.

 

—Itxaron! —dio Spikek, beso bat altxatuz. Gazteak, jada altxatzen ari zirela, bat-batean geratu dira.

 

—Zer gertatzen da, Spike? —dio Patek, harrituta—. A ze sustoa eman didazun.

 

—Barkatu, zera… beno, bart gauean Nordanekin eta haren memoria-ezabatzailearekin zer gertatu zen pentsatzen aritu nintzen, eta ideia horrek beldur ikaragarria eman zidan. Dirudienez, Luk da berriro gerta ez dakion salbu dagoen bakarra, baina gainerakooi ez eragiteko modu bat pentsatzen aritu nintzen. Esan zenuen bezala, zure daltonismoagatik izan zen, ezta, Luk? Koloreak nola hautematen dituzun, ezta?

 

—Hori uste dut, bai.

 

—Beno, ba pentsatzen, pentsatzen… zerbait bururatu zitzaidan —dio Spikek, bere motxilatik zerbait ateratzen duen bitartean—. Duela urte asko, nire aitak proiektatzaile gisa lan egin zuen zinema batean, eta ni txikia nintzenean, filmak 3Dn ikusi ahal izateko, ikusleen artean koloretako betaurrekoak banatzen zituztela kontatzen zidan. Trastelekuan gordeta neuzkan kutxa batean, pelikulen eta beste oroigarri batzuen kartel zahar pilo batekin batera, eta hemen daude.

 

Spikek kartoi beltzezko betaurrekoak jartzen ditu mahai gainean, kristalen ordez zelofan urdin eta gorrizko lenteak dituztenak.

 

—Nolabait —jarraitzen du Spikek—, betaurreko horiek memoria-ezabatzailearen eraginetik babes gaitzakete, koloreak beste modu batera hautematea eragiten dutelako. Tira, ez dut uste funtzionatuko duenik, baina ezer baino hobea da, ezta?

 

Ene ama! bikoiztuta bezala ikusten da! —dio Benek, probatzeko betaurrekoetako bat hartu duela—. Eta horrela ikusten zen 3D lehen?

 

—Beno, nire aitak azaldu zidanez, betaurrekoak jantzita ez bazenituen, filmak gaizki ikusten ziren. Orain ikusten ari zaren bezala, Murdock.

 

—Zorionez, teknologiak eboluzionatu egin du zinemaren munduan —dio Benek, barre zaratatsua eginez.

 

—Ideia ona iruditzen zait, Spike —dio Lukek—, gogoan izan Nordan gure mugimenduen jakinaren gainean egon daitekeela, eta edozein arreta eskasa dela. Ez dut uste Spikek egun hauetan egin dituen aurrerapenen berri eman ez izana gustuko izango duenik, eta berak eskatu ziguna baino gehiago aurreratu dugula susmoa izango duela. Hartu bakoitzak betaurreko batzuk eta goazen ikustera zer aurkitzen dugun.

 

Handik minutu batzuetara, gazteak bizikletan doaz hirira bidean, Patterson ikastetxea dagoen kale alderantz. Udako egun beroa izango da, pedalei eragiteko aproposa. Urteko garaiko etengabeko eguzki izpiei esker goizaldeko freskura desagertzen doa.

 

Ibilbidean Ben eta Spike baino ez dira entzuten, aurretik doaz zinemari buruz hitz egiten, eta, nola ez, Stan Douglasi buruz. Pat eta Luk atzetik doaz, isilik. Pat lagunarengana hurbiltzen da, harekin hitz egiteko.

 

—Zelatatzen gaituela uste duzu, ezta? Zera esan nahi dut… beno, badakizu nori buruz ari naizen.

 

—Ez dakit —dio Lukek, pentsakor—, baina nik ezagutzen dudanez, uste dut ez duela itxarongo Spikeri eskatu zion informazioa hark eman arte. Agian, mugitu nahi duenerako, guk jada argitu dugu misterioa…

 

Lukek esaldia airean uzten du. Ez du esaten, baina orain edo geroago Nordanekin topo egingo dutela pentsatzen du. Hala ere, nahiago du bere laguna ez asaldatu, eta beretzat gordetzen du.

 

«Oker egotea espero dut, baina gertatzen bada, denok prest egotea besterik ez dut espero»

 

—GPSak iritsi garela dio! —jakinarazten du Benek, burua atzerantz biratuz—. Kale hau eskuinera biratu behar da eta hirurehun bat metro gehiago egin behar dira.

 

Makalen etorbidetik biratzen dutenean, zergatik deitzen zaion horrela ulertzen dute gazteek. Kalearen bi aldeetan, dozenaka zuhaitz daude, luzeak eta lirainak. Pedalei eragiten jarraitzen dute, Patterson ikastetxeko eraikin handia ikusteko zain, baina oraingoz ez dute ezertxo ere ikusten. Lukek pausoa bizkortzen du Ben dagoen altuerara iritsi arte, harekin hitz egiteko.

 

—Non dio GPSak dagoela ikastetxea? Hemen ez da ezer ikusten.

 

Benek begirada bat botatzen du norabide guztietan, bere lagunari erantzun aurretik.

 

—Egia esan, duela gutxi 35. zenbakiaren albotik pasa gara.

 

Lukek beso bat altxatzen du bere bizikleta geldiarazten duen bitartean, eta gainerakoek ere gauza bera egiten dute.

 

—Pat, ziur zaude hau dela helbidea? —dio Benek—. Hemen ez dago ikastetxerik.

 

—Oso ziur nago, hori baieztatzen duten hainbat lotura daude.

 

—Itxaron iezadazue hemen —dio Spikek—, kalearen amaieraraino joango naiz ea zerbait ikusten dudan.

 

Hala egiten du, gazteek Spikeren irudia txiki egiten nola doan ikusten ari dira makalen etorbidearen beste muturrerantz urrundu ahala, eta ondoren buelta ematen du, ibilbide osoan kalearen bi aldeetara begiratuz. Itzultzen ari denean, besteen altuerara iristean, buruarekin ezezko keinua egiten du, besterik esan gabe.

 

—Hor prentsa-kiosko bat dago —dio Benek, bere bizikletatik jaitsiz eta makaletako batean bermaturik utziz—, galdetzera noa.

 

Ben kioskora hurbiltzen da. Bere jabea, ile zuria duen agure bat, oso kontzentratuta dago koaderno bat osatzen eta ez da Benen presentziaz ohartzen bere aurrean dagoen arte. Orduan, bere betaurrekoen gainetik begiratzen du, burua gurutzegramatik altxatu gabe eta Benekin hitz egiten du.

 

—Kaixo, mutiko, zer behar duzu? Kromoak? Txikleak? Zure adineko gazteek honezkero ez dute egunkaririk irakurtzen.

 

—Egia esan, ez —dio Benek irribarre derrigortua eginez—. Galdera bat besterik ez dizut egin nahi: hau al da makalen hiribideko 35. zenbakia?

 

—Beno —erantzuten du kioskoko saltzaileak boligrafoa utzita eta besoak gurutzatuta—, hori galdera erraza da. 35 zenbakia justu nire aurrean daukazu, errepidearen beste aldean.

 

—Ados, eskerrik asko. Nire lagunak eta neuk Patterson ikastetxearen bila ari gara. Norabide horretan egon beharko luke, baina hiribide osoa zeharkatu dugu eta ez gara gai aurkitzeko.

 

—Patterson ikastetxea? —dio Gizonak, bekainak altxatuz.

 

—Hori da, bai. Ez duzu jakingo non dagoen, ezta?

 

—Beno, gazte, Patterson ikastetxea ez ikusteko arrazoia da zure lagunak eta zu oso gazteak zaretela.

 

—Nola? —dio Benek, ingurura begira, aho zabalik. Baina orduan… Zuk ikus dezakezu?

 

Kioskoko saltzaileari barre-atake bat ematen dio eta eztul amaigabea eragiten dio. Horren ondorioz, Ben benetan hasten da kezkatzen gizonaren osasunaz. Azkenik, lasaitu egiten da eta begietako malkoak lehortzen ditu esku-gainarekin.

 

—Barkatuko didazu gazte, baina aspaldi ez nuela hainbeste barre egiten. Ezin duzue Patterson ikastetxea ikusi, duela hogeita hamar bat urte jada ez delako existitzen. Zure atzean dagoen jatetxe hori ikusten duzu? —Ben erabat biratzen da ikusteko—Hori da eskolari buruz geratzen den guztia, liburutegiko eraikina aprobetxatu zuten horretarako. Gainerakoa haurrek jolasteko parke bat besterik ez da. Nik ia bizitza osoa daramat kiosko honetan, neure begiekin ikusi nuen nola botatzen zuten ikastetxea. Bide batez, pena handia eman zidan itxi zutenean, bezero pila bat kendu zizkidan eta…

 

Ben zur eta lur geratzen da, jatetxeari eta bere lagunei begira geratzen den bitartean; izan ere, bere lagunak jatetxeko atearen aurrean daude, eta itxura berezia dute. Agureari eskerrak eman eta agur esan ondoren, bueltan doa lagunei berria ematera.

 

—Ben —dio Patek—, zer esan dizu? Zergatik begiratzen gintuzun hainbeste?

 

—Ez nizuen zuei begiratzen, lagunak…

 

—Nola ezetz? Honantz begira ari zinen, argi eta garbi —dio Spikek.

 

—Zuen atzean dagoen eraikinari begira nengoen —dio Benek, esku batez seinalatuz—. Kioskoko jabearen arabera, hori da Patterson ikastetxeari buruz geratzen den guztia.

 

Ziztada batek Luken bularra zeharkatzen du, eta bere atzean dagoen eraikina begiratzeko biratzen da.

 

—Parke guzti hau —jarraitzen du Benek—bere garaian ikastetxea egon zen lekuan kokatuta dago. Dirudienez, duela hogeita hamar urte baino gehiago bota zutela ikastetxea.

 

«Agian horrek azalduko luke tunelaren eraispena. Jada ez darama inora».

 

—Besterik esan al dizu? —galdetzen du Lukek jatetxeari begiratzeari utzi gabe.

 

—Beno, jatetxea dagoen eraikin hau liburutegi zaharrarena zela esan du. Besterik ez.

 

—Ba hori bada zerbait, ezta? —dio Lukek, lagunak animatu nahian—. Orain ezagutzen dugu ikaragarrizko sekretua gordetzen duen liburutegi bat. Nork dio hemen ez dela gauza bera gertatzen?

 

—Nik ez zaitut etsi nahi, Luk —dio Patek sarrerako kristalezko atera hurbilduz, lokal barruan begirada bat botatzeko—, baina hau jada ez da liburutegi bat. Garai batean zerbait gordetzen bazuen, litekeena da hemen ez egotea. Edo are okerrago, suntsitu izana.

 

—Ba nik uste dut hori ikertzera sartu behar garela —dio Spikek, ate nagusira ere hurbilduz —. Ezagutu zintuztedanetik gauza harrigarriak ikusi besterik ez dut egiten, eta Patterson ikastetxearen barruan oraindik zerbait dagoela susmoa daukat.

 

Lagunak isilik geratzen dira une batez, pentsakor. Azken batean, badakite hori dela jarrai dezaketen pista bakarra.

 

—Nolanahi ere —dio Benek, sarreratik hurbil dagoen kartel bat seinalatuz—, ez da gaur izango. Konturatu bazarete, jatetxea astearteetan itxita egoten da, langileek atseden hartzen dutelako.

 

—Oso ondo —dio Lukek bere bizikletari helduta—. Orduan, bihar itzuliko gara. Eta ikusiko dugu ea Patterson ikastetxeko zerbait geratzen den hemen barruan. Ea bertan oraindik sarraila bat badagoen gure giltzarentzat.