XI KAPITULUA

LAUENTZAKO MAHAIA

 

Asteazken eguerdiko hamabiak dira. Spike, Luk eta Pat Bolognino jatetxearen aurrean daude; horrela deitzen da Patterson eskolako liburutegi zaharrean dagoen janari italiar jatetxea.

 

Luk, guztietatik iristen lehena izan dela,  jatetxeko  langileak banan-banan nola iristen ari diren ikusten joan da, baina oraindik itxita dago. Ate nagusian agertzen den ordutegia betetzen bada, lokalak minutu gutxi barru irekiko ditu ateak.

 

Bart gauean, pasabidean aurkitu zuen metalezko giltzarekin pentsatzen aritu da Luk, giltza non sar zitekeen imajinatu nahian. Lo ere giltzarekin egin du, burukoaren azpian, zeren eta, arrazoiren batengatik, lasaiago egoten laguntzen ziolako.

 

«Hau ez da ate normal bateko giltza, oso handia da, eta pisu handiegia du»

 

Nordanen zirriborroaren orrian, bere buruan zebiltzan hainbat galdera ere idatzi zituen; Nor da motxilaren jabea? Tunelean al zegoen luizia gertatu zenean? Nahita utzi al zuen han, ala korrika alde egin behar izan zuen?

 

Oraingoan ez ditu amets arrarorik izan, baina goizean goiz esnatu denean, ezin izan du berriro lo hartu, jatetxera itzuli behar zuela eta han zer aurkituko ote zuten pentsatuz.

 

Bat-batean, atzean klaska batek gazteak asaldatzen ditu. Jatetxeak ateak ireki berri ditu. Hamabietatik jada hamar minutu pasa dira, baina Ben oraindik ez da agertu, eta lagunak kezkatzen hasi dira.

 

—Bai arraroa —dio Patek —, Ben beti nahiko puntuala izaten da.

 

—Ziur aitzakia onen bat izango duela —erantzuten du Lukek —, bost minutu gehiago itxarongo dugu, eta iristen ez bada, deitu egingo diogu.

 

—Aizu, Pat —dio Spikek txokolatina bati kosk egiten dion bitartean —, zer moduz antzerki-eskoletan? Eta Stan Douglas? Esaten duten bezain ona da?

 

—Ba, Stan irakasle bikaina da, klaseak oso atseginak eta erlaxatuak egiten ditu, ezin naiz kexatu, gauza asko ikasten ari naiz berekin. Baina, egia esan, asko kostatzen zait klaseetan kontzentratzea, beti beltxargarekin, giltzarekin, tunelarekin… kontu horri bueltak ematen ibiltzen naiz. Liburutegian dimentsio arteko ataria aurkitu genuenean… beno, ziurtzat jotzen nuen hori izango zela ikastetxeak gordetzen zuen sekretu bakarra. Eta a zer sekretua! Baina orain etengabe pentsatzen dut, edozein egunetan, normalean ibiltzen garen eskolako edozein gela edo espaziotan, aparteko zerbait egon daitekeela.

 

—Niri ere gertatzen zait, Pat —dio Lukek, segundo batzuetan hausnarketa egin ondoren—. Jada ez dut eskola begi berberekin ikusten, sartu nintzen garaiarekin alderatzen badut. Dena hain misteriotsua eta sinestezina da…

 

—Zuen ikastetxea jolas-parke bat bezalakoa da! —dio Spikek, lagunei irribarre bat ateratzen saiatzeko—. Badakit egoera serioa dela, eta guzti hau ondo amaitzeko interesa dudan lehenengoa naizela, baina momentuz, asko gozatzen ari naiz.

 

Gazteek irribarre egiten dute Spikeren hitzak entzutean, eta bere baitan, Lukek lagun berriaren izaera alai eta axolagabea eskertzen du.

 

«Gai honetan berari laguntzeko gaude, baina egia esan, ez du inoiz aurpegi txarrik jartzen eta beti laguntzeko prest dago»

 

Bat-batean, gaztetxoen mugikorrak ia aldi berean jotzen eta bibratzen dute. Benen mezua da; “Bost minututan iritsiko naiz, orain azalduko dizuet.

 

—Ene, zer gertatu ote den —dio Lukek, kezkatuta—. Espero dut ezer garrantzitsurik ez izatea.

 

«Edo Evan Nordanek zerikusirik izatea»

 

Hain zuzen ere, minutu batzuk zain egon ondoren, hiru lagunek Ben ikusten dute, bizikletan, izerditan eta pedalei eragiten, esfortzu handiko aurpegiarekin. Ia arnasarik gabe, besteen parera iristean frenatu egiten du eta bizikletan eserita geratzen da, beroaldia geldiarazi nahian.

 

—Sentitzen dut lagunak. A ze goiza daramadan…

 

—Lasai Ben, zer gertatu da? —dio Lukek lagunarengana hurbilduz.

 

—Ba ikusiko duzue… gaur goizean hain lasai nengoen nire ohean, azenario tartekin ametsetan, eta bat-batean, ibilgailu baten klaxonak esnatu nau. Ezetz asmatu zein?

 

—Ba, egia esan, ez —dio Patek, sorbaldak goratuz.

 

—Nire udako oporretako autokarabana! Gaur goizean aita bila joan da eta sorpresaz ekarri du. Ikustera jaitsi naizenean, bihar bertan alde egingo dugula esan du!

 

Imajina ezazue, ia bihotzekoa ematen dit. Nire aitak karabana atarira sartu duenean, ia joateko ordua zen, baina lehenik hau konpondu behar nuen, beraz pentsatzen hasi naiz, informazio bila.

 

—Informazioa? —dio Spikek, sorbaldak uzkurtuz—Zeri buruz?

 

—Beno, badirudi gasolinazko motorra duen ibilgailu bat ezin dela martxan jarri hau gabe —dio Benek, barrezka eta poltsikoan daraman bujia bat erakutsiz—. Dezepzio txiki bat hartuko du nire familiak bihar goizean, baina pentsatzen dut guri denbora gehiago emango digula, hori da egin dezakedan guztia.

 

—Eskertzen dizut ahalegina, Ben —dio Spikek sorbaldan zaplada bat emanez.

 

—Ezin naiz horrela joan zuek erdizka utzita, nire magiarik, trebetasunik, nire karismarik gabe.

 

—Baaale, Ben —mozten du Patek—, ez iezaguzu zure aitarengana joanarazi bujia bat falta zaiola esatera…

 

—Ongi egina, Ben. Pentsatzen dut… —dio Lukek—. Orain, gaiaz aldatuta, plana jarraitzeko eta jatetxera sartzeko garaia da. Oraintxe ireki dute; beraz, lokalean ia bakarrik egongo garela aprobetxatuz, goitik behera miatuko dugu.

 

—Badakit goiz dela —dio Spikek—, baina ni gose naiz jada. Jateko zerbait eskatuko dugu, ezta?

 

—Bai, Spike, jateko zerbait eskatuko dugu —erantzuten du Patek, begiak zuriz jarrita—. Jatetxe batera sartu, mahai batean eseri eta jateko ezer ez eskatu… hori bai izango litzatekeela susmagarria. Dena den, ez al duzu oraintxe bertan txokolatina bat jan?

 

—Beno, badakizue, askotan jaten dut nire metabolismoa delako oso …

 

—Oso altua, bai —mozten dio Patek—. Badakigu.

 

Lukek, tunelean aurkitu zuten larruzko motxila berekin daramala, giltza urreztatua barrutik atera eta lagunei erakusten die beste behin.

 

—Beno, orain behintzat ez goaz itsu-itsuan, badakigu giltza hori sartzeko leku bat bilatu behar dela; oso litekeena da gurutze edo ixa formako zirrikitu bat izatea. Lurrean egon daiteke, horma batean, altzari baten atzean… hobe ez jarraitzea, ez etsitzeko. Besterik gabe, orain, sartzen garenean, begiak zabalik eduki.

 

Behin Lukek giltza motxila barrura sartu duenean, lau lagunak sarrerako atera abiatzen dira. Ate horretan dagoeneko “irekita” kartela jarrita dago. Barrura sartzean, sentsore batek “ding dong” bat eragin du, etxe bateko txirrina jo izan balute bezala, eta handik segundo batzuetara, neska batek harridura pixka batekin egiten die harrera.

 

—Ongietorri Bologninora, Isabella dut izena —dio neskak azentu italiar nabarmenarekin—. Lauentzako mahaia?

 

—Bai, mesedez —erantzuten diote gazteak denak batera.

 

—Zatozte hemendik.

 

Lau lagunak zerbitzariaren atzetik doaz. Zerbitzariak lokal barrena gidatzen ditu, sarrerako atearen ezkerraldera. Brighton ikastetxeko liburutegiak oinplano luzanga badu, Patterson ikastetxeko liburutegi zaharrak hartzen zuen eraikina guztiz kontrakoa da, oso zabala. Jatetxeko jabeek liburutegi zaharreko dekorazio eta itxuraren zati handi bat mantendu dute. Esan liteke, kanpoko kartelean adierazten ez badu, ez duela jatetxe italiar batean daudenik ematen.

 

Egur iluna duten zoruak, inspirazio klasikoko burdinazko zutabeak, eta baita liburutegi zaharreko apalategi zaharretakoren bat ere, lehen begiratuan ezezagunak diren pertsonaien liburu eta bustoz beteta, jatetxearen dekorazioaren parte dira.

 

—Hau izango da zuen mahaia —dio Isabellak, lau mahaikiderentzat prestaturiko mahai biribil dotore bat seinalatuz—, berehala ekarriko dizuet karta.

 

Lau lagunak mahaian esertzen dira, hitzik esan gabe eta beren ingurura begiratzeari utzi gabe. Benek hausten du isiltasuna.

 

—Guau, leku hau ikaragarria da. Lagunok, espero dut dirua ekarri izana. Hau ez da janari lasterreko edozein jatetxe merke.

 

—Itxura osoa du —dio Lukek buruaz baiezka—. Beno, karta ekartzen digutenean, seguru aurkituko dugula garestia ez den zerbait. Orain, goazen gure gaira. Bikoteka banatuko gara eta lokalari begirada bat botako diogu. Pat, Spike, ondo baderitzozue, zuek joan zaitezkete aurretik, gero Ben eta biok joango gara.

 

—Noski —dio Patek Spikeri begira—, begirada bat ematera eraikinaren beste muturrera joango garela pentsatu dut.

 

—Primeran, hemen geratuko gara zuen zain —dio Benek, aulkian etzanda.

 

Hala egiten dute, Ben eta Luk mahaian geratzen dira eta haiek jatetxearen beste aldera doaz, oraingoz erabat hutsik jarraitzen baitu.

 

—Spike, zuk begiratu lurrean. Nik hormetan begiratuko dut, eta mahaien atzetik eta azpian begiratuko dut.

 

Jatetxean, aurrera egiten duten heinean, beste muturrerako bidean, Spikek zoru ilunari erreparatzen dio, hura osatzen duten egurrezko gainerako xaflekin bat ez datorren zirrikitu edo zatiren baten bila. Patek, berriz, hormekin eta mahai eta aulkiz osatutako txokoekin gauza bera egiten du. Zerbait gehiago egon daitekeela pentsaraziko dien ezer ez.

 

Horrela, lokalaren bukaeraraino iristen dira, deigarria egiten zaien ezer aurkitu gabe. Hasieran harrera eman dien zerbitzaria sukaldetik atera da, lokalaren erdian dago, eta korridore nagusira abiatzen da kartak eskuan dituela. Ezkerretara begiratzean, Pat eta Spike daudela konturatzen da.

 

—Zerbaiten bila zabiltzate?

 

—Eeeeh… zera… ezer ez, ez —erantzuten du Spikek —. Lokaleko dekorazioari begira geunden, oso polita. Egia al da lehen hau liburutegi bat izan zela? —

 

Zerbitzaria aho zabalik begira geratzen zaie, zer esan ez dakiela.

 

—Beno, ni Italiatik heldu naiz duela bi aste, ez daukat ideiarik ere, sentitzen dut. Hona hemen kartak, nirekin bazatozte mesedez…

 

—Bai, noski —dio Patek, pausoa azkartuz eta Spike bere kamisetatik helduz, jarrai diezaion.

 

Ben eta Luk hirurak iristen ari direla ikusten dute, eta Patek buruarekin egin duen mugimendu soil batek ezer susmagarririk ez dutela aurkitu baieztatzen die.

 

—Ondo da, hemen dauzkazue kartak —dio neskak, bakoitzari bana eskaintzen dion bitartean—. Bost minutu barru itzuliko naiz, zuen eskaerak jasotzera. Zer nahi duzue edateko?

 

Elkarri begiratzen diote zerbait pentsatu nahian, baina Benek hartzen du hitza.

 

—Kola-freskagarri bat, eskerrik asko. Kafeinarik gabe, ahal bada.

 

—Oso ondo, kola freskagarria. Eta zuek?

 

—Ez, ez —dio Benek irribarre behartu batekin —, partekatu egingo dugu, eskerrik asko. Oso lagunak gara, badakizu. Ah, eta lau lastotxo, mesedez.

 

Zerbitzaria une batez begira geratzen zaie, keinu espresiorik gabe.

 

—Partekatzeko freskagarri bat, lau lastotxorekin. Oso ondo —dio eskaera libreta txiki batean idazten duen bitartean, eta ondoren, sukaldera itzultzen da.

Hiru gazteek Beni begira geratzen dira, egoerak hala eskatuta bezala.

 

—Zer? —dio hark, sorbaldak uzkurtuz.

 

—Pasatzen lagako dugu, ez du pena merezi eta —dio Lukek, burua Patengana biratuz—. Ez duzue ezer ikusi, ezta?

 

—Ezer arrarorik ez, ahal izan dugun ondoen begiratu dugu. Ez dago jakiterik, baina nik uste dut sarraila ez dela hain begi-bistan egongo.

 

—Beno, orduan gure txanda da —dio Lukek Beni begira—. Bainugela da, hasiera batean, leku irisgarriena. Suposatzen dut jatetxeak izango duela nolabaiteko biltegi, jakitegi edo sotorik ere, ez dut uste hara hain erraz sartuko garenik, baina behar izanez gero, saiatuko gara. Eta gauza bera sukaldearekin.

 

—Ados orduan —dio Patek—, zuek ahal duzuena egin, mugikorraren bidez harremanetan egongo gara.

 

Lukek eta Benek altxatzeko keinua egiten dute bilatzera joateko, baina Spikeren ahotsak geldiarazi egiten ditu.

 

—Itxaron! Ez al duzue ezer ahazten?

 

Elkarri begiratzen diote lagunek, oharkabean pasatu duten zerbait gogoratu nahian.

 

—Ez zait ezer bururatzen oraintxe bertan —dio Lukek, sorbaldak uzkurtuz—, zer da?

 

—Beno, jatetxe batean gaude… karta bat dugu hemen… eta gosea dugu… zerbait eskatu beharko da, ezta?

 

—Bale, zuk erabaki —dio Lukek begiak zuri jarriz—. Pat, zaindu gure aurrezkiak jatetxe honetan bukatzen dutela, mesedez.

 

Ben eta Luk bainugeletarantz doaz. Bainugelak sarrerako atearen aurrean daude. Hara iristean, bi aterekin egiten dute topo, bata gizonezkoentzat eta bestea emakumezkoentzat.

 

Gizonezkoen komunera abiatzen dira lehenik, atea irekitzean, beste garai bateko dekorazioarekin egiten dute topo. Bainuaren erdian, irlatxo batek konketa batzuk ditu alde banatan, bere harraskak marmol zuria kolorekoak dira, letoizko txorrotekin eta sabaitik jaisten diren hoditeriak airean dituzte. Zorua lauza zuri eta beltzez egina dago xake moduan, eta bainugelaren eskuinaldean banakako komun batzuk daude. Horietara iristeko, zurezko ate zuriak ireki behar dira.

 

—Argi dago liburutegi zaharreko komunak direla —dio Benek —, hau eguzkia baino zaharragoa da.

 

—Hori dirudi, bai. Eta horrek esan nahi du sarraila hemen egon daitekeela. Tira, bila dezagun, ez da denborarik galdu behar.

 

Bi mutikoek zehatz-mehatz miatzen dituzte hormak, zoruak eta gelako hutsunerik ezkutu eta zailena, baina ez dute aurkitzen giltza sartzeko moduko gurutzerik, ezta antzekorik ere.

 

—Ezer ez. Hemen ez dago —dio Benek, betaurrekoak doituz—. Emakumeen komunean begiratzea besterik ez zaigu geratzen… nola egingo dugu?

 

Ezpainari hozka egiten dio Lukek une batez.

 

—Bale, horrela egingo dugu. Ni sartuko naiz lehenik komunean, oraindik lokalean inor ez dagoela aprobetxatuz. Zu egon zaitez zaintzen, eta norbait sartzen dela ikusten baduzu, eztul egin ezazu ozenki niri abisatzeko, ados?

 

—Ahal dudana egingo dut —dio Benek kopetako izerdia lehortzen duen bitartean—. Tira, egin dezagun lehenbailehen, hamar neskaz osatutako mahai bat bazkaltzera sartu baino lehen.

 

Berehala irten dira gizonen komunetik, eta Luk aurrealdeko atean sartzen da, emakumeen komuneko atea dena. Adostu duten bezala, Ben atean geratzen da, besoak gurutzatuta eta oinaren orpoarekin lurra urduri joz.

 

Barruan, Luk bainugelaren egitura gizonezkoenaren berdin-berdina dela konturatzen da. Pauso berdinak errepikatzen ditu, zorua, hormak eta ateen atzeko komunak arakatuz, emaitza berarekin. Etsita, horma batera hurbiltzen da, eta ispilu biribil batean bere irudiari begira geratzen da. Burura etortzen zaion lehenengo gauza duela egun batzuk ez duela bere burua ispilu batean begiratzen da.

 

«A ze begi-zuloak ditudan, argi dago egun hauetan ondo lo ez egiteak ondorio txarrak izan dituela. Eta uste dut moztu behar dudala …»

 

Eta, bat-batean, konturatu egiten da.

 

—Itxaron une bat —dio bere baitarako—, gizonen komunean ez zegoen inolako ispilurik.

 

Deabrututa bezala, komuneko sarrerara doa korrika batean, eta han bere laguna ikusten du zaintza egiten, gaizki pasatzen ariko balitz bezala.

 

—Ben, entzun mesedez —dio ahapeka, bere lagunaren belarritik oso hurbil—. Oso, oso garrantzitsua da. Ez utzi inori sartzen. Inori ez, ados? Egin ezazu egin behar duzun guztia.

 

Benek hitzik esan ezinik alde egiten ikusten du, eta une horretan pertsona-talde bat ikusten du, horien artean zenbait neska, lokalera sartzen.

 

«Gaur ez da zure zorte eguna, Murdock»

 

Emakumeen komunean, Luk ispiluaren aurrean jartzen da berriro, eta bi eskuekin eusten du, altxatzeko eta hormatik jaisteko asmoz.

 

«Deabruak, bai pisua duela, ez zirudien pisurik zuenik»

 

Ahal duen indar guztiarekin, gorantz bultzatzen du, eta ispilua mugitu egiten da, bere euskarritik zintzilika geratuz. Orain, ispiluaren pisu osoa bere besoekin eusten du. Pixkanaka-pixkanaka, lurrerantz eramaten du, eta han, horma bereko izkina batean bermatuta uzten du.

 

Altxatzean eta berriro aurrera begiratzean, paretan zulatutako zirkulu bat ikusten du, eta haren erdian X perfektu bat ikusten du, bi zentimetro inguruko diametrokoa.

 

—Hemen dago, aurkitu dut! —dio bere baitarako.

 

Urduri samar, bizkarrean daraman larruzko motxila hartu eta bere konpartimentu nagusia irekitzen du, bertatik giltza moduko bat ateraz. Ikustearekin bakarrik badaki ederki asko aurkitu berri duen zirrikituan sartzen dela. Segundo bakar bat ere itxaron gabe zirrikitura eramaten du, eta zailtasunik gabe sartzen dela ikusten du. Giltza zentimetro batzuk sartzen da, topera iritsi arte. Orduan, Lukek erlojuaren orratzen norabidean giltza indarrez biratzen du eta harria aparteko leuntasunez biratzen da.

 

«Auskalo noiztik ez den erabiltzen malguki hau, eta badirudi olioa eman berria duela, zoragarria da»

 

Bitartean, emakumeen komuneko atean, jatetxean agertu berri den taldeko bi neska arazo moduan ikusten ditu Benek, beregana bait datoz pauso irmoz.

 

«Pentsatu, Murdock, pentsatu. Arraioa, beldur naiz oraingo honetan magiak ez nauela salbatuko»

 

Bi neskak, Ben baino zaharragoak direnak, begira geratzen zaizkio, harrituta, baina ezer esan gabe, komunera sartzeko asmoz.

 

—Barkatu! —dio Benek, bidean gurutzatuz —. Ezin da sartu.

 

—Nola ezin dela? Zu nor zara? —dio horietako neska batek.

 

—Beno, ni naiz… Bologinoren mantentze-arduraduna. Oraintxe bertan bainugela dago… beno, mantenimendupean dago. Mantentze lanetan ari da. Hori.

 

—Zu ez al zara gazte samarra dena delakoaren arduraduna izateko? —dio beste neskak, esku batekin seinalatuz—. Gainera, zuk ez duzu italiar itxura, eta hemen langile guztiak italiarrak dira.

 

«Arranopola, horrekin ez nuen kontatzen»

 

Bat-batean, inspirazio-izpi bat pasatzen da Benen burutik. Bi eskuetako hatz-mamiak elkartu eta gora eta behera astintzen ditu, bizitza bertan balihoakio bezala.

 

Io, quando arrivo a casa, mi prendo un bel capuccino, signorina!

 

Bi neskek aho zabalik begiratzen diote elkarri, gehiegi ulertu gabe.

 

—Tira —dio Benek azkenean—, baina mutilen komunera joan zaitezkete. Lasai, nik zaintzen dut eta.

 

—Esker… eskerrik asko.

 

«Ez dakit zer esan dudan ere. Sekula ez nuen pentsatu kafe italiarraren iragarkiak telebistan ikusteak bizitzan ezertarako balioko zidanik»

 

Bainugelaren barruan, Lukek harria biratzen jarraitzen du, bere topera iritsi arte, barnean klaska bat egiten duen arte. Orduan, ahal duen indar guztiarekin, giltzari tira egiten dio eta harekin batera harrizko disko handi bat askatzen du. Prest egon arren, multzoaren pisuak harrituta uzten du eta harri biribila giltzarekin batera lurrean azkar uztera behartzen du, zalapartaz Luken ezker oinaren gainera eroriz, minez itotako oihua eginez.

 

—Zer gertatu da? Ondo al zaude? —dio Benek kanpotik xuxurlatuz.

 

—Bai, bai. Dena primeran, Ben. Ia hanka bat hautsi dut.

 

—Mugi zaitez, mesedez, nire aukeren gainetik ari naiz jokatzen.

 

—Sinets iezadazu, ahal dudana egiten dut.

 

Lukek giltza sartuta duen harrizko diskoa lurrean kontu handiz utzi du, horrela bere oina askatuz, eta paretan begi bistan uzten duen hutsune zirkularrerantz altxatzen du bere begirada. Sakonera ez da oso handia, hamabost zentimetrokoa inguru, eta barruan metalezko kutxa bat aurkitzen du, hori ere zirkulu forma du.

 

Kutxa hartzen du eta pixka bat astintzen du. Barruan zerbait dago. Baina irekitzera doanean, Benen eztula entzuten da kanpotik ozen eta argi, norbait hurbiltzen ari dela seinale. Luk korrika irteten da ateraino, eta Benekin muturrez topo egiten du.

 

—Luk! Goazen! —Zerbitzaria datorrela uste dut!

 

—Sartu eta lagundu, azkar!

 

Ben ziztu bizian sartzen da nesken komunera, begiak zabal-zabalik irekita dituela eszenari begira geratuz.

 

—Baina, zer…? Eta zulo hori?

 

—Ixooo! Ez dago galderak egiteko astirik! Lagundu harri hau bere lekuan jartzen, pila bat pisatzen du eta. Tira, zuk hartu alde honetatik eta nik bestetik. Bat, bi… hiru!

 

Bi mutikoen artean harrizko diskoa altxatzen dute eta zailtasunez hormaren zuloan kokatzen dute. Ondoren, Lukek giltza biratzen du, oraingoan erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Zarata lehor bat entzun ondoren, giltza ateratzen du eta motxilan gordetzen du. Ondoren, ispilua, lehen zegoen bezala zintzilikatzen dute berriro.

 

Luk bi pauso ematen ditu atzera, dena bere lekuan dagoela egiaztatzeko. Gero, besotik heltzen dio Beni handik korrika ateratzeko eta komuneko atean Isabella zerbitzariarekin topo egiten dute.

 

—Ez esan ezer, Isabella —dio Benek haserre doinuz—, esan diot nire lagunari mutilen komuna bestea zela, baina burugogorra da, ez dit kasurik ere egin.

 

—Beno —dio Lukek, burua hazkatuz eta lagunari kontrarik egin gabe—, atean “Donne” jartzen du. Eta Donne “Don” esatea bezala da. Eta Don maskulinoa da, mundu guztiak dakien bezala…

 

—Ezer ez, kasurik ere ez. Italieraz ideiarik ere ez du, gizajoak… bagoaz!

 

Isabellak nola alde egiten duten begira geratzen zaie. Haren aurpegia poema bat da, eta are gehiago gizonen komunetik bi neska ateratzen ikusten duenean. Hitzik esan gabe, begiak ixten ditu, arnasa sakon hartzen du eta biratu egiten da sukaldera itzultzeko.

 

Benek eta Lukek xixt batean egiten dute Pat eta Spikekin banatzen dituen distantzia. Han, mahaiaren atzean beren lagunak daude, ikusmin handiko aurpegiarekin. Pat Luken aurpegira begira dago, eta badaki zerbait gertatu dela.

 

Bi lagunak eseri egiten dira, emozioagatik aurpegi gorria dutela, eta Lukek norabide guztietara begiratzen du etengabe.

 

—Tira Luk —dio Patek, irrikaz—, bota ezazu! Zerbait aurkitu duzu, ezta?

 

—Zerbait aurkitu dut —dio Lukek, ia arnasarik gabe—, baina oraindik ez dakit zer, korrika atera behar izan dugu. Emakumeen komuneko ispiluaren atzean konpartimentu bat zegoen ezkutatuta.

 

—Nesken komunera sartu zarete? —dio Spikek, begiak zabal-zabalik.

 

—Beno, dena miatu behar zen, ezta? —erantzuten dio Benek, sorbaldak uzkurtuz—. Tira, Luk, erakutsi zer aurkitu duzun, nik ezin dut gehiago.

 

Beste behin bere atzean begiratu ondoren, Lukek motxila bere hanken gainean jarri eta aurkitu berri duen metalezko kutxa ateratzen du. Kontuz irekitzen saiatzen da, baina kutxak ez du amore ematen, beraz, indar gehiago erabili du irekitzeko. Hatzekin hainbeste estutzen duenez, estalkia airean ateratzen da eta lurrera erortzen da, jangelan zalaparta handia sortuz.

 

Baina gazteek kutxa barruan dagoen gauzarako besterik ez dituzte begiak. Lukek zirkulu forma duen objektu bat ateratzen du, berdea eta urre-kolorekoa. Kordela duen zintzilikario moduko bat dirudi, baina handiegia eta astunegia iruditzen zaio lepoan denbora luzez eramateko. Erdian, beltxargaren zeinua du, eta zintzilikarioaren kanpoaldean, zirkulu txikien barruan, irakurtezinak diren zenbait zeinu ditu.

 

Inork ez du ezer esaten, baina gazteek hainbat galdera egiten dizkiote elkarri. Zer da zehazki? Zertarako balio du? Zergatik zegoen ezkutatuta? Eta, noiztik?

 

Lukek pauso batzuk entzuten ditu bere atzean, eta bere senak dio Benen eskutik zintzilikarioa azkar hartzeko eta motxilan sartzeko. Atzean, ahots batek isiltasuna hausten du.

 

—Gazteak, eskatu duzuen hegaluze eta ananazko pizza. On egin dizuela!

 

Isabellak pizza bat uzten du mahai gainean, -oraindik kea dariona, tamaina handikoa-, eta lurretik errodatzen atera den metalezko kutxaren estalkia ere bai. Ondoren, azkar itzultzen da bere lanarekin jarraitzeko.

 

—Nork eskatu du pizza bat ananarekin? —dio Benek lagun gutxiko aurpegiarekin.

 

—Nik —erantzuten du Spikek, miazkatuz—, anana da gauzarik onena! Ez al zaizue gustatzen?

 

Spike errazio bat hartzen duela ikusten duen bitartean, Lukek medailoia metalezko kutxan sartzen du berriro, itxi egiten du eta motxilan gordetzen du. Ondoren, arnasa sakon hartzen du eta aulkiaren bizkarraldean lasaitzen da.

 

—Anana izango du, baina hitz ematen dizuet guzti hau gose handia eman didala —dio azkenean, esku bat luzatuz zati bat hartzeko.