XIV KAPITULUA

HUTSUNERA JAUZIA

 

Ostegun goizean, lau lagunak berriro Brighton ikastetxeko ate aurrean daude. Lehendabizi, Patterson ikastetxeko Marvin eta Murray anaiak zaindariekin bildu dira, eraikinaren kanpoaldea erakusteko eta plana errepasatzeko. Une honetan, ikastetxearen inguruan daude, ezkutuan eta edozein mugimenduri adi.

 

Eguna zertxobait berezi argitu du, hodeiez estalita eta haize epelak ekaitza iragartzen du eguneko uneren batean.

 

Ordu berean, goizero bezala, bedelak ikastetxera sartzeko ate nagusia irekitzen du, bere burua atetik ateratzen du eta gazteei jakin-minezko begirada batekin begiratzen die, ondoren barrura sartzen da, lagun gutxiko aurpegiarekin.

 

—Gaur goizean nire aitaren aurpegia ikusi behar zenuten —dio Benek, irribarre zital batekin—. Hamabost minutu baino gehiago pasa ditu autokarabana martxan jartzeko. Asko kostatu zait barreari eustea, benetan.

 

—Imajina dezaket —dio Patek, buruaren atzean zaplada bat emanez —.Ondo hartu al du?

 

—Ufff… ba sekulako errieta egin dio alokairu-agentziako mutilari telefonoz. Beste bat eskaini diote arratsalderako, baina, zorionez, ezetz esan dio. Beraz, berriro sartu behar izan ditugu maletak eta dena etxe barrura. Izugarri gustatzen zait planak ondo ateratzea!

 

—Sentitzen dut zure familiagatik —dio Lukek—, baina, funtsean, pozten naiz, gaur hemen behar zaitugulako. Zorte pixka batekin, guzti honekin amaituko dugu eta azkenean oporrak izango ditugu. Oporrak dituenak, noski!

 

«Hala izatea espero dut, bihar hasiko naiz eta udako lana igerilekuan, eta ezin dut hutsik egin»

 

—Lagunak, ni banoa —dio Patek, urduritasun nabarmenez —. Entzunaretoko jendearekin adi egongo naiz, ez kezkatu. Eta Evan agertzen ikusten badut, lehenbailehen jakinaraziko dizuet.

 

—Nik liburutegiko atean egingo dut zaintza —dio Benek behatz bat altxatuz —. Horrela, ni nagoen tokirantz badoa, urrutitik ikusiko dut korridorean barrena eta zuei abisatzeko denbora izango dut.

 

—Primeran —dio Lukek —, ni goiko solairura igoko naiz eta zaintzen egongo naiz. Zorionez, oso zaila da ikastetxeko inor handik igarotzea tentel bat bezala geldirik zer egiten dudan galdetzeko…

 

—Bedelak gimnasiora saski batzuk egitera joan nahi ez badu behintzat —dio Benek, barrez.

 

—Edonola ere, norbait azken solairura igotzen bada, eskaileratik iristen ikusiko dut eta zigor-gelan ezkutatzeko denbora izango dut.

 

—Eta ni —dio Spikek, irribarrez —, hemen geratuko naiz. Kanpoan bueltaka ibiliko naiz, eta, dena dela, zerbait susmagarria ikusten badut, abisatu egingo dizuet. Eta lasai egon zaitezkete nigatik, janaria soberan ekarri dut goserik ez pasatzeko.

 

Luk harrotasunez begiratzen die bere lagunei, nahiz eta bera ere, ezkutatzen saiatzen den arren, urduri dago. Urtebete ere ez da hirira iritsi zela eta zorioneko sentitzen da hain denbora laburrean lagun talde zoragarria aurkitu duelako.

 

«Spike bera ere, badira egun batzuk elkar ezagutzen dugula, baina badirudi urteak ere igaro direla berekin».

 

—Tira —dio Lukek zaplada bat emanez —, bakoitza bere tokira.

 

Pat, Ben eta Luk bera isilik doaz ikastetxe barrura, Spike kanpoan utzita. Pat da taldean lehena banantzen dena, agur esaten die mutilei azken begirada botaz, eta eskuarekin mugimendu bat eginez entzunaretoan sartzen da. Luk eta Benek ikastetxeko korridore nagusitik jarraitzen dute, goiko solairuetara doan eskailerara iristen diren arte. Han, une batez geratzen dira, ukabilak elkar jotzen dute eta Luk eskailerak igotzen hasten da, eta bere laguna korridorean aurrera jarraitzen du liburutegiko atera iristen den arte.

 

Eskailerak igotzen dituen bitartean, pilatutako nekea ondorioak izaten ari dituela konturatzen hasten da Luk, fisikoki gehienbat. Dagoeneko egun batzuk dira gorputzean tentsio handia nabaritzen ari dela eta gaueko atsedena geroz eta eskasagoa da, egoerari behin eta berriz bueltaka eman diolako.

 

Azken solairura iristean, lehendabizi zigor-gelara doa.. Ingurura begiratzen du inor ez dagoela ziurtatzeko, eta mantso-mantso biratzen du ateko heldulekua. Atea ireki ondoren, ikasgelan sartzen da eta utzi zuten bezala jarraitzen duela ikusten du.

 

Lanpara ikusten duenean ezin du irribarre bat saihestu, Benek tranpola irekitzeko azken gakoa nola aurkitu zuen gogoratuz.

 

«Ben hau… jenio bat da»

 

Gela miatu ondoren, irten eta atea ixten du zaratarik egin gabe. Ondoren, solairura sartzeko eskailerara itzultzen da, eta azken mailan esertzen da, handik hauteman dezakeen edozein zarata edo mugimenduri adi.

 

Minutuak pasatzen ditu berririk izan gabe. Ez dago pertsonen arrastorik, ezta taldeko inoren mezurik ere. Izan ere, behin baino gehiagotan estaldura-seinalea bertaraino iristen dela egiaztatzen du, bakartuta ez egoteko beldurrez. Baina ez dago ez-ohikoa ez denik.

 

Dena hankaz gora jartzen den arte.

 

Alarma baten sirenak bat-batean Luken zentzumenak esnatzen ditu eta erne jartzen du, jauzi eginez. Zutitu egiten da eta amorruz beteta bere burua norabide guztietara biratzen du. Alarma zaratatsua entzuten da eraikin osoan.

 

Berehala, mugikorrean taldeko dei bat egiten du, zer gertatzen den jakiteko.

 

—Kaixo? —dio Benek, lehenengoa izanik erantzuten —Ondo al zaudete? Oraintxe konturatu naiz korridorean ke pixka bat dagoela.

 

—Zer gertatzen da? —dio Spikek kanpotik —Alarma piztu da oraintxe, pentsatzen dut entzuten ari zaretela.

 

—Bai  —dio Lukek belarri bat estaltzen ari dela beste belarriarekin telefonoa entzun ahal izateko —, Suteen alarma izan behar du, ni ere ke pixka bat ikusten hasi naiz eskailera-zulotik igotzen.

 

—Hemendik botatzen naute! —dio Benek, telefonoan garrasi eginez —, irten egin beharko dut! Bedela gela guztietatik pasatzen ari da eskola barruan inor geratzen ez dela ziurtatzeko! Gainera, gero eta ke gehiago dago, korrika noa hemendik!

 

—Irten hortik, Ben! Patek ez du deirik hartu —dio Lukek —, uste dut bera ere kanpora bidaliko zutela.

 

—Beno —dio Spikek —, horrek esan nahi du Nordan ezingo dela ikastetxera sartu, ezta? Suhiltzaileak laster izango dira hemen. Luk, jaitsi hortik lehenbailehen, kea ikusten hasi naiz atetik irteten, eta… Pat ateratzen ikusten dut, antzerki taldeko jendearekin dago!

 

Luk une batez pentsakor geratzen da, bera dagoen tokira gero eta ke gehiago iristen ikusten duen bitartean. Baina ez ditu eskailerak jaisten, baizik eta korridorean atzera egiten du, gimnasio eta zigor-gelarantz.

 

«Hau ez da kasualitate bat»

 

—Adiskideok! —dio Lukek arnasestuka —Inork ikusi al du edo susmatzen al du Nordan sartu izan denik?

 

—Hemendik ezinezkoa —dio Spikek —, berehala ikusiko nuke eta. Itxaron pixka bat, Luk. Pat eta Ben datoz.

 

—Utz iezadazu mugikorra —dio Patek, Spikeri telefonoa kenduz eta bozgorailu moduan jarriz, denek elkarrizketa entzun dezaten —. Luk? Hor al zaude? Nire mugikorra barruan dago, korrika aterarazi gaituzte eta ez dut astirik izan nire gauzak jasotzera joateko…

 

—Lagunok —dio Spikek, atzetik hizketan —, ea Evan Nordanen arrastorik ikusi duzuen galdetzen du Lukek.

 

Biek ezetz erantzuten dute. Beste ahots batek deiarekin bat egiten du, Marvin da.

 

—Guk ere ez dugu ezer ikusi gure lekutik. Dakigunez, ezin izan da sartu hemen geunden bitartean.

 

Luk mugikorra belarritik kendu eta zigor-gelako atearen ondoan gelditzen da, baina ez da sartzen. Begirada galdurik ezpainari hozka egin ondoren, telefonoa hartzen du lagunekin berriro hitz egiteko.

 

—Adiskideok, hemen geratuko naiz.

 

—Zer?? —dio Benek, asaldatuta —Nola geratuko zara hor? Sute bat dago eraikinean! Gainera, ez dituzu Marvin eta Spike entzun? Nordan ezin izan da sartu, bestela ikusiko zuten.

 

—Badakit, Ben —erantzuten dio, lasaiago —. Ezin izan da sartu, hemen dagoelako.

 

—Nola egongo da barruan? —dio Benek, Spikeren telefonoa hurbilduz —, gutako inork ez du ikusi sartzen, ezinezkoa da!

 

—Sute hau bere kontua da —jarraitzen du Lukek —. Oztoporik jarriko zion jenderik gabe sartu nahi zuen eskolara, eta lortu egin du. Ez dakit nola, baina barruan dago. Agian ez dakiena da ni hemen nagoela eta uste dut badakidala nora doan.

 

Hori esan ondoren, Luk zigor-gelan sartzen da. Bertan, sute-alarmaren soinua ez da hain handia, eta hobeto entzuten die bere lagunei.

 

—Entzun denok—dio Lukek —, ez kezkatu nitaz, tunelean sartuko naiz. Hor ezinezkoa da suteak niri kaltetzea. Gainera, motxila linternarekin daukat, ez naiz ilunpetan egongo.

 

—Beno —dio Spikek —, eraikina osorik erre eta bere buruaren gainean erortzen ez bada behintzat… hori arazo bat izango litzateke, e?

 

—Isildu zaitez, Spike! —dio Patek, buruan zaplada bat emanez —. Dena ondo joango da Luk, ez kezkatu. Suteak ez du gauza handirik ematen. Arrazoi duzu, distrakzio bat dirudi zerbait serioagoa baino. Suhiltzaileak etorri eta sua itzali bezain laster, zure bila joango gara.

 

—Luk —hitz egiten du Marvinek —, gogoratu. Eskularrua daukazu eta badakizu nola erabili behar duzun. Ez izan zalantzarik, beharrezkoa bada erabili ezazu!

 

—Badakit, Marvin, eskerrik asko. Ados, mutilak. Deia moztuko dut…

 

Lukek arnasa sakon hartzen du lasaitzeko, eta memoria egiten du tranpola irekitzeko mekanismoa gogoratzeko.

 

—Ikus dezagun, lehenik, argiaren etengailua sakatzen dut. Primeran, hor dago bonbilla, piztuta. Gero bonbilla laxatzen dut argia itzali arte, eta gero beltxargaren lepoa apur bat beherantz bultzatzen dut…

 

“Klak”

 

—Listo, tranpola irekita dago, orain barrura sartuko naiz.

 

Luk baldosa heltzen du altxatuta geratu den aldetik eta bere indar guztiekin bere baitara tiratzen du tranpola altxatzeko.

 

«Arranopola, hau errazagoa zen Benek laguntzen zidanean»

 

Irekitzen duenean, kontu handiz lurrean erortzen uzten du eta bizkarrean daraman motxilan gordetzen du mugikorra, eskaileretan behera jaisterakoan eskuak libre eduki ahal izateko. Linterna ere ateratzen du eta honi kordel bat lotzen dio behealdean, jaisten den bitartean lepoan zintzilik eraman ahal izateko.

 

«Ez dit argi handirik emango, baina hobe da itsu-itsuan jaistea baino»

 

Ondoren, zuloan sartu eta kontu handiz oinak metalezko eskalan jartzen ditu. Maila pare bat jaitsi eta tranpola erabat ixtera doa, baina azken unean geratu egiten da, eta, besterik gabe, oso astiro erortzen uzten du, bere buruarekin lagunduta, erabat itxi ez dadin.

 

«Tira Nordan, erraz jarriko dizut»

 

Ondoren, eskala metalikotik jaisten hasten da. Lehen aldia baino klaustrofobikoagoa da, oraingo honetan bakarrik dagoelako eta nekez ikusten ari da nondik doan. Mailaz maila doa, besterik gabe, erori daitekeela ez pentsatzen saiatuz.

 

Oraingo honetan, jaisten doan heinean, giro-tenperatura jaisten ari dela nabaritzen du eta metro batzuk baino falta ez zaizkionean, tunelean egoteko arropa gehiago ekarri ez izana faltan botatzen du.

 

—Bai bitxia —dio bere baitarako, oinekin lurra ukitzean —, aurreko aldian hemen egon nintzenean ez nintzen konturatu hainbesteko hotz egiten zuenik. Ez du erremediorik, beraz, aurrera…

 

Bakardadean bere ahotsa entzuteak nerbioak baretzen dizkio. Hotz-hotzean pentsatzen saiatzen da, baina ezin dio bere buruari galderak egitea saihestu.

 

«Eta hemen behean bakarrik ez banago? Eta zerbait gertatzen bazait? Nork lagunduko nau orduan ?»

 

—Tira, tira! —esaten dio bere buruari, tunelean pauso handiak emanez aurrera egiten duen bitartean, hormetatik errebotatzen dituen pausoen hotsa entzunez —Lasaitasuna mantendu behar da.

 

Azkenik, amaigabea iruditu zaion ibilbide baten ondoren, luiziaren gunera iristen da. Eroritako harri piloa berriro aztertzen du linternaren argia norabide guztietara zuzenduz, eta une batez geratu egiten da arroka handi bat erori den lekuan arraildura bat ikusten duen albo batean.

 

«Ez dut gogoratzen aurreko aldian hau hemen zegoenik, baina baliteke duela gutxi sortu izana ere. Edo agian urteak daramatza horrela, auskalo.»

 

Lekua berriro aztertzen jarraitzen duen bitartean, urrunetik datorren oihartzun bat entzuten du, burua abiadura bizian instintuz birarazten du eta linterna itzaltzen du. Segundo batzuetan erabat geldirik mantentzen da eta arnasa hartzen du arretaz entzun ahal izateko.

 

«Zerbait entzuten ari naiz, agian nire bihotzaren soinua da? Edo nire irudimenaren emaitza baino ez da ?»

 

Luk ilunpetan jarraitzen du oraindik, mugitu gabe, ehun urte dirudite denbora tarte hori. Ezkerrera eta eskuinera begiratzen du, iluntasun zeharka ezina besterik ikusi gabe.

 

«Begietan benda bat edukiko banu bezala da»

 

Baina bat-batean, oso urrutira, argi puntu bat ikusten da. Hasieran oso ahula da, baina pixkanaka, nabarmenagoa, distira batean bihurtu arte.

 

—Badator —dio xuxurlaka —, prestatu egin behar naiz.

 

Luk zutik jartzen da inguruko harriak eskuekin ukitzeari utzi gabe, iluntasunean oreka ez galtzeko. Argia bera dagoen tokira zuzenean hurbiltzen ari dela ikusten duenean, bere linterna piztu eta harengana zuzentzen du. Eta orduan, beste argia geratu egiten da.

 

Hala ere, berehala abiatzen da berriro, eta laster gelditzen da Lukengandik metro batzuetara. Argia zuzenean Luken aurpegira seinalatzen du, beraz, Lukek hasiera batean ez du ikusten norena den. Baina ez du behar.

 

—Banekien sutea zure kontua zela. Oso azkarra, minutu gutxitan ikastetxea hutsik utzi duzu—dio Lukek, eta, ondoren, linterna jaisten du lurrera apuntatzeko, Nordanek gauza bera egiten du —. Suposatzen dut ez didazula esango nola sartu zinen eskolan ikusi gabe.

 

—Ezin ditut nire sekretu guztiak argitu, Dawson. Dakizunez, eskola hau sorpresa- kutxa bat da, eta, alde horretatik, abantaila pixka batekin jokatzen dudala aitortzen dut. Hala ere, pentsatu behar nuen ez zela erabat hutsik geratuko —erantzuten du Nordanek, gogaituta —. Tranpola erdi irekita aurkitzeak ere norbait gauzak errazten ari zitzaizkidala pentsarazi zidan … eta norbait hori zu bakarrik izan zintezkeen, noski.

 

—Esadazu gauza bat —dio Lukek —, nola jakin zenuen kobazuloko sarrera zigor-gelan zegoela?

 

—Denbora bat daramat zuen atzetik —aitortzen du Evanek —, eta duela egun batzuk azken solairura igotzen ikusi zintuztedan; beraz, urrezko beltxarga bilatzen ari zinetela pentsatu nuen. Ez nenkien non egongo zen, baina ea zein ate zegoen irekita probatzen joan naiz. Eta barruan nengoela, lanpara eta baldosa altxatuak ikusteak zalantza guztiak kendu dizkit.

 

Egia esan, jakin-min handia dut jakiteko nola aurkitu zenuten lanpara eta nola iritsi zineten tunelerako sarbidea irekitzera. Talde zoragarria zarete, hori aitortu beharra dago.

 

—Horregatik behartu zenuen Spike guri laguntza eskatzera.

 

—Jakina, bai. Eta bete-betean asmatu nuen. Ez pentsa xantaia nire peoiak izateko erabiltzeak hunkitzen nauenik, baina denbora eta eragozpen asko aurreztu dizkidan baliabidea da, beraz, oso dotorea ez izan arren, ondo dagoela iruditzen zait.

 

—Eta dena zure helburuak bete ahal izateko… bide batez, galdera hori denok egin diogu geure buruari. Zertarako nahi zenuen medailoia?

 

—Beno, bere boterearen berri duzu, Dawson. Iraganeko gertaerak ezagutzea ez da etorkizunean gertatuko dena jakitea bezain erakargarria, baina ondo dakizu nire iraganeko pasarte batzuk berreraiki behar ditudala. Eta Erlikiak lagunduko dit nire helburua lortzen.

 

—Dena zure aita aurkitu ahal izateko?

 

—Ez dut espero ulertuko duzunik. Berdin dio, ez naiz inoren eta ezeren aurrean geldituko. Atzo lortu nituen bila ari nintzen erantzunetako asko. Baina hemen, adibidez, gertatu ziren gauzak jakin nahiko nituzkeen. Adibidez, nork eragin zuen luizi hau? Nire aitak utzi zuen motxila hemen edo norbaitek kendu zion? Patterson ikastetxeko norbaitek jokaldi makurra egin bazion, orduan nork egin jakin behar dut.

 

—Patterson ikastetxea ezagutzen al duzu?

 

—Noski. Aitak utzi zizkidan paperetan dago ikastetxeen arteko harremanaren historiaren zati handi bat. Eta badira beste leku batzuk… Beno, badira oraindik ez dakizkizun gauzak, baina agian laster aurkituko dituzu.

 

Lurrera erortzen ari diren haitz txikien zaratak Luk asaldatzen du. Luk eskuinera begira dago, zer gertatu den ikusteko.

 

«Dardara txiki bat nabaritu dut, ez dakit momentuko tentsioa den edo hemen behean arriskuan gauden»

 

—Ez dirudi oso leku egonkorra, ezta Dawson? —dio Evanek, barre egin eta eskua poltsiko batean sartzen duen bitartean, medailoia bertatik ateraz—. Uste dut badela garaia egitera etorri naizena egitera eta zuk ez didazu eragotziko, ez nuke nahi hemen askoz denbora gehiagorik egon behar, ezta ezabatzailea zurekin erabili beharrik ere, egia esan.

 

—Nahi baduzu egin dezakezu, ez du nigan eraginik izango. Daltonikoa naiz.

 

Evan pentsakor geratzen da une batez, eta, ondoren, tunel osoan durundi egiten duen barre-algara ozen bat egiten du.

 

—Beraz, hori zen! Eskerrik asko esateagatik, luzaro egon nintzen burua hausten, atariaren beste aldetik hain erraz nola itzuli zineten jakin nahian.

 

Nordan hizketan ari den bitartean, Lukek linterna lurrean uzten du ertza harri baten gainean utziz, mutikoaren gorputzerantz zuzenduz. Orduan, Evanek jasotzen duen argi-distira txikia aprobetxatuz bere motxila miatzen du, eta, ondoren, bi eskuak bizkarrera botatzen ditu.

 

—Ezin dut onartu zuk medailoi hori gehiago erabiltzea. Esku onetan eta zaintzapean egon behar du berriro. Akatsa izan zen bila joatea —dio Lukek erabakitasunez—, eta orain akats hori konponduko dut.

 

Laster batean, bere ezkerreko eskuarekin linterna hartzera makurtzen da, eta Evanen aurpegira zuzentzen du zuzenean. Evanek bere besoarekin argi-sortatik babesten da. Eskuineko eskua altxatzean, eskularrua jantzita duela, zaindari zaharraren esanei jarraitzen dio.

 

«Arranopola! Funtzionatzea espero dut. Hatz lodia, erakuslea, hatz lodia txikia»

 

Dena oso azkar gertatzen da, Nordanek esku batean zeukan medailoia ziztu bizian ateratzen da Luk jantzita duen eskularrurantz, Marvinek esan zuen bezala. Erlikiak eskularruaren gainean egiten duen talkaren indarrak ustekabean harrapatzen du Luk, eta indarraren eraginez atzera botatzen du, harri handi baten gainean eserita geratuz.

 

Hori gertatzen den bitartean, Luken harridurarako, Evan lurrera erortzen da, eta indar ikusezin batek harkaitzetara garraiatzen du. Han, kolpatu egiten da eta geldirik geratzen da une batez.

 

Erlikia eskularruari itsatsita geratzen da une batez, eta, ondoren, imanaren efektua desagertzen da. Lukek eskularrua eta medailoia motxilan gordetzeko aprobetxatzen du une hortan. Bere asmoa Nordanen linterna hartzea eta handik korrika irtetea da, Nordanek lurrean jarraitzen duen bitartean, ilunpetan utziz. Motxila bizkarrean jartzen du eta aurkariaren linterna hartzen du, baina dena bere alde duenean, plana istant batean okertzen da.

 

Bere oinetako bat leizearen zoruan hondoratzen da, ia belauneraino, linterna aska araziz eskuak lurrean jarri ahal izateko. Hasieran, Lukek agian lehenago hauteman ez zuen hutsune bat izango zela pentsatu du, baina laster sumatzen du zuloa gero eta handiagoa egiten ari dela. Soinu iraunkor bat ateratzen da Luken hanken azpian zabaldu den iluntasunetik, baina ez du identifikatzen zer den.

 

« Zer da zarata hori?»

 

Gero eta handiagoa den zulotik oina ateratzen saiatzen da, baina ez dauka lekurik oina bermatzeko eta gorantz indarra egiteko. Ahalegin handia eginez, besoekin bultza egiten saiatzen da, lortu gabe. Bere eskuetatik zintzilik dago eta indarrik gabe geratzen ari da.

 

—Tira, Dawson, emadazu eskua!

 

Burua igotzean, Evanen irudia ikusten du, dagoeneko zutituta dago eta beso bat eskaini dio igotzen laguntzeko.

 

«Ez, ez dizut Erlikia emango. Toki seguru batera itzuli behar du»

 

—Ez duzu beste aukerarik, Dawson —garrasi egiten dio—, nire laguntza onartu beharko duzu. Tira, heldu nire eskutik!

 

Lukek ez du horretan pentsatu nahi, horrek izango lituzkeen ondorioetan… oinen azpian duen zulotik sortzen den soinuan zentratzen da une labur batez. Begirada azkar bat botatzen du beherantz, eta bat-batean aurpegia argitzen zaio.

 

Geratzen zaizkion indar eskasekin, Lukek bere besoetako bat luzatzen du, eta Evanek eskua hartzen dio berehala, beregana tiraka. Luk Evanengana makurtzen da, eta, haren aurpegitik zentimetro batzuetara dagoenean, zerbait esaten dio.

 

—Ez kezkatu, Nordan. Elkar ikusiko dugu berriro.

 

Ondoren, Evanen eskutik askatzen da, eta zulotik behera erori eta iluntasunean desagertzen da.