SORPRESA ATSEGIN BAT
—Luk, maitea, entsalada pasa mesedez —dio Lenak, bere semearengana beso bat luzatuz —. Laura, zer moduz zure lehenengo eguna?
—Beno — erantzuten du Luken arreba bere platerean dauden ilarrei nazka aurpegiarekin begiratuz —, aurten ikasgelaz aldatu gaituzte, suteagatik. Badirudi oraindik ez dutela atea aldatu, sutean erre egin zen gauzetako bat izan zela.
—Egia da —erantzuten du Lewisek zailtasunez xerra zatitxo bat mastekatzen duen bitartean—, sutea.
Bazkaltzeko ordua da Dawsonen etxean, eta plateretan dagoen janaria mokaduka jatean mahai-tresnek sortzen duten soinua jangela osoa betetzen du. Urtebete pasa da familia etxe kalamastra honetara bizitzera iritsi zela eta hala ere, edonork esango luke une hartan sarrerako ate kirrinkaria irekitzean aurkitu zuten altzari zaharkitu ilun eta hautsez betetako leku bera ez dela. Orain, erabat eraberrituta eta distiratsua dagoen zurezko zorua koloretako alfonbra handiz beteta dago. Gelak tonu alaiak dituzten koadroz apainduta daude, eta leihoetatik sartzen den argi naturalak gela guztiak argitzen ditu.
Jangelan, familia mahai biribil handi baten inguruan dago bilduta bazkaltzeko. Etxe horretara iritsi zirenean bertan zegoen mahai bera da, egur trinkoz osatuta, baina beste distira desberdin bat du Lenak eraberritze lanetan eman dituen ordu guztien ondorioz.
—Luk, zu zer moduz? Ba al duzu berriren bat? —galdetzen du Lewisek beste haragi puska bat ebakitzen duen bitartean.
—Ba bai, Spike ikastetxez aldatu da eta orain gure ikasgelan dago.
—Ze ondo —dio Lenak—, atsegin dut mutil hori. Oso talde jatorra elkartu zarete, asko pozten naiz zuregatik.
— Niri asko gustatzen zaizkit berak eraman ohi dituen galtza super zabal horiek, agian nire urtebetetzerako batzuk erosiko ditut —dio Laurak, gurasoei begira—. Gaur arratsaldean joan al gaitezke galtzak begiratzera?
—Oraindik egun batzuk geratzen zaizkizu hamaika urte betetzeko —erantzuten dio Lenak, begi-keinu bat egiten dion bitartean—, baina begiratzera joan gaitezke. Luk, zuk gurekin al zatoz?
—Ba ezin dut, Fletcher andreak museo arkeologikoan Egiptori buruz dagoen erakusketa bat bisitatzea gomendatu digu eta lagunekin geratu naiz gero joateko. Bide batez, horrek gogorarazten dit… inork bota al diezaioke begirada bat nire bizikletari? Etengabeko kirrinka egiten du pedalei eragitean, eta berrogei urte dituela ematen du.
—Beno, horrekin lotuta —dio Lewisek, aulkitik altxatuz eta semeari besoarekin keinu bat eginez—. Zatoz nirekin.
Luk zutik jartzen da, zer pentsatu ez dakiela eta aitari jarraitzen dio etxeko ateraino. Lena eta Laura atzetik jarraitzen die urrutira. Kanpora irten ondoren, Lewisek eskuinera biratzen du garajerantz, atea itxita duena. Galtzetako poltsikotik atea irekitzen duen urrutiko agintea ateratzen du eta Luk, ama eta arreba bere parera iritsi arte itxaroten du. Eta, orduan, urrutiko agintea sakatzen du. Luk bere aitari begiratzen dio, zer erakutsi nahi dion ulertu gabe.
—Aita, zer…?
Atea gorantz igotzen ari den heinean, garajean argia sartzen doa eta lasterketa-bizikleta gorri bat ikusten da, berri-berria, eta tinko zuzen mantentzen duen euskarri baten gainean jarrita dago. Luk ahoa guztiz zabalik duela etengabe begiratzen du bizikleta. Familiarengana biratzen du burua, ahoa itxi gabe eta hitz bakar bat ere ahoskatu ezinik.
—Beno —dio Lenak—, lan asko egin duzu uda honetan, eta diru hori bizikleta berri bat erosteko erabili nahi zenuela badakigun arren, zure aitak eta biok bizikleta oparitzea erabaki dugu, eta horrela diru hori aurreztu edo beste zerbaitetan gastatu dezakezu.
Luk segundo batzuetan ezer esan gabe geratu da, eta burua berriro bizikletarantz biratzen du.
—Hau zen, ezta? —dio Lewisek kezkatuta. Huts egin badugu, beti egin daiteke…
Hitzik esan gabe, Luk aitarengana biratzen da eta besarkada handi bat ematen dio, eta, gero, amarekin eta Laurarekin ere berdina egiten du. Laura besoetan hartzen du lurretik altxatuz eta honek harridurazko oihu bat askatzen du.
—Izugarria da! —dio azkenean, garajera sartuz—. Nik nahi nuena bezalakoa da, lasterketetakoa, eskulekuko xingola zuriekin, arina eta azkarra. Eta gorria! Mila esker! A ze sorpresa eman didazue.
—Ez zenuen espero, e? —dio Lewisek, semearengana hurbilduz eta esku bat sorbaldan jarriz, biek bizikleta ederresten duten bitartean—. Asko pozten gara zure gustukoa izateaz. Jakin behar duzu zure ama eta biok oso tentatuta egon garela guretzat uzteko.
—Hori bai egia dela—adierazten du Lenak, irribarrez—. Zeren zain zaude? Har ezazu eta igo gainean, ea neurriekin asmatu dugun.
Luk bizikleta eutsita dagoen astotik jaisten du, eta zein arina den probatzen du pozik. Ondoren, aulkian makurtzen da eta arindu egiten du aulkia igo ahal izateko. Berriz ere, mekanismoa estutu ondoren, gainean igotzen da eta bere pisua eskulekuaren gainean jartzen du.
—Ederra da —dio begiratzeari utzi ezinik—. Eskerrik asko.
—Goxatu ezazu bizikleta, seme —dio Lewisek, Luki bizkarrean zaplada batzuk emanez—, merezi duzu eta.
Etxe inguruan bizikleta berria probatu ondoren, familia mahai ingurura bueltatu da berriro bazkaria amaitzeko. Baina, egia esan, Luk irrikan dago bazkaltzen amaitzeko bere bizikleta berriarekin museorantz joateko. Badaki goiz dela joateko, baina ezinegona sentitzen du martxan jartzeko.
Beraz, bazkaldu bezain pronto, bere gelara igotzen da, motxila txiki bat prestatzen du oharrak hartzeko behar dituen material desberdinekin eta mezu bat bidaltzen die bere lagunei.
«Lagunok, ni oraintxe irtengo naiz museorantz, bertako atean egongo naiz zuen zain»
Berehala, bere familiari agur esan eta bere etxeko lurrezko bidetik ziztu bizian ateratzen da errepiderantz.
—Ene —esaten du bere baitarako errepidean biraka hasten denean—, goxo-goxo doa. Eta ze arraroa egiten zaidan pedalei eragitean etengabeko “ñi-ñi” hori ez entzutea.
Arkeologiako museora doan bidean, martxak igoz eta jaitsiz doa, pedalei gogor eragiteko zutik jarriz, zoriontasun eta poz sentsazio batekin doa, egunero bere burura etortzen zaizkion galderak ia erabat ahaztuz.
Konturatu gabe, museoaren ingurura iritsi da, eta harrituta geratzen da bertan irekitzeko ordua iristeko zain pertsona ilara bat ikusi duelako. Ate nagusiaren gainean letra larriz idatzitako pankarta handi batek erakusketa iragartzen du.
«HORUSEN BEGIA. ANTZINAKO EGIPTOKO ALTXORRAK»
Bizikletatik jaitsi gabe, bere eskumuturrean daraman erlojuari begirada bat botatzen dio. Oraindik hamar minutu falta dira adostutako ordura iristeko, 16:00ak.
Bat-batean, esku batzuk bere atzetik sorbaldak hartzen dizkiotela nabaritzen du.
— Dawson!
— Deabruak — dio Lukek, lepoa hain azkar biratu duela kirrinka egin diola —. Spike! Gaur sustoz hil nahi nauzu hala?
—Baina, alajaina! —dio Spikek, bere lagunaren kexei jaramonik egin gabe—, eta edertasun hau? Baina, noiz erosi duzu? Ikastetxetik atera garenetik ezin izan dizu denborarik eman eta!
—Hori baino hobeto —erantzuten du Lukek, mindutako lepoan eskua jarrita duela—, gurasoek oparitu didate. Udan lan asko egin dudalako eta esfortzu handia egin dudalako, badakizu.
Spike bizikletaren gainean makurtzen da, osagaiei begira eta han-hemenka ukituz.
—Zein polita den! Azken belaunaldiko aldagailua eta desbideratzailea, disko-balazta hidraulikoak… eta koadroa karbonozkoa dirudi, oker al nabil?
—Ba ez, ez zabiltza oker —dio Lukek, harrituta, bizikletatik jaisten den bitartean—. Igo zaitezke eta probatu dezakezu, nahi baduzu.
—Benetan? Bai horixe! Niri beste bizikleta mota bat gustatzen zait, baina badakit bereizten bizikleta bat ona noiz den ikusten dudanean.
Gainean jarri ondoren, Spike museo aldera doan kalerantz abiatzen da kale horretan dagoen biribilgune bateraino, eta, ondoren, Luk dagoen tokira bueltatzen da, haren parera iristean tinko balaztatuz.
—Zoragarria da, Luk —dio Spikek—, oso leun doa. Eserlekua piska bat altu dago niretzat, baina gainerakoan, bikaina da.
—Eskerrik asko —erantzuten du Lukek, irribarrez—, pozten naiz zuri gustatzea.
Biak museoko sarrerarantz biratzen dira, badirudi bertan mugimenduren bat dagoela. Ateak ireki berri dira eta apurka-apurka ilaran zegoen jendea barrura sartzen ari da.
—Tira, badirudi interesa dagoela erakusketa ikusteko, ezta? —dio Lukek, apur bat harrituta.
—Hala dirudi, bai. Pentsatzen jarrita, orain badakit zergatik ari naizen duela astebete hainbat kamioi astun ikusten nire etxeko kaletik pasatzen, erakusketarako materiala ekartzen. Eta trailerren tamaina nolakoa den ikusita, ikusi beharrekoa handia izango dela esan daiteke.
—Uste dut ilaran jarri beharko genukeela —dio Lukek, oraindik sartzeko dauden pertsonen ilara luzea seinalatuz—, horrela Pat eta Ben iristen direnean sartzear egongo gara.
—Hori Ben askariarekin entretenitu ez bada —dio Spikek, Luken algara eraginez.
Ilara luzea izan arren, gazteek ez dute denbora gehiegi itxaron sartzeko. Leihatilara iristean, biek beren ikasle-txartela erakutsi dute. Sarreraz gain, leihatilako emakumeak informazio-triptiko bana eman die bakoitzari, eta hura eskuan hartuta museo barrura sartu dira.
Luki arreta deitu dion lehenengo gauza, eraikina zaintzeko segurtasun agente batzuk daudela da, sartu orduko bertan daudela. Eguzkitako betaurrekoak eta uniforme beltzak daramatzate, eta belarri bati lotutako mikrofonoa duen entzungailu baten bidez komunikatuta daudela ematen du.
Lukek alarma-ziztada txiki bat sentitzen du hainbeste segurtasun ikustean, eta berehala bere buruari sentsazio hori aurpegiratu badio ere, ezin du ingurura begiratzea saihestu.
«Tira, ez da ezer gertatzen. Museo bat besterik ez da, Fletcher andrearen klaserako aintzinako gauzak ikusteko. Zertara dator tentsio hau ?»
Spike eta Luk jendetzaren artean doaz eta korridore nagusia erakusketaren berri ematen duen kartelez beteta dago, handik museoko beheko solairuko gela nagusiraino iristen dira. Minutu batzuk baino ez dira pasa ireki dutenetik eta lekua jada nahiko beteta dago.
—Paper honek dionez —dio Spikek, informazio-triptikoa irakurriz—, erakusketa beheko solairutik hirugarren solairuraino zabaltzen da. Eta badirudi Horusen Begia dagoela…
—Hortxe —mozten dio Lukek, esku batez atondo nagusiaren erdialdea seinalatuz.
Izan ere, dozenaka lagunen artean apenas ikusten den erakusketako erakarpen nabarmenena dago bertan. Harri gorrixka kolorea duen euskarri baten gainean, eta kristalezko kutxa baten barruan, bitxi preziatuak bere urre koloreko distiraren ondorioz arreta deitzen du. Lukek bere burua ezker-eskuin makurtzen du gehiago ikusi nahian, baina bera dagoen tokitik ezinezkoa egiten zaio ikustea.
—Iritsi gara!
Luk eta Spike biratu egiten dira, eta Ben eta Pat aurkitzen dituzte, aurpegia gorri-gorri dutela eta izerditan blai, guztiz berotuta.
—Sentitzen dut mutilak —dio Patek, esku bat altxatuz, arnasa berreskuratzen saiatzen den bitartean—, ziztu bizian etorri gara. Asmatu zergatik…
—Ben askariarekin entretenitu da —diote Luk eta Spikek batera.
Hirurak Beni begira geratu dira. Benek besoak altxatu ditu barkamena eskatzeko.
—Zer esan dezaket. Azenario-tarta zegoen postrerako. Ez zen ohiko tarta txokolate eta koko arraspatua izaten duena; honek banilla eta kanela zeramatzan, eta gazta-kremazko fondant batez estalita eta beteta zegoen, eta…
—Nahikoa! —dio Patek, bere lagunari ahoa estaliz—. Ikus dezagun. Eman diguten orrian ikusi izan dudanez, erakusketa ikusteko ibilbide bat ezarrita dago. Ondo iruditzen al zaizue ibilbidea jarraitzen badugu?
—Onena izango da, bai —erantzuten du Lukek, harribitxiaren inguruan dagoen jendetzari zeharka begiratuz.
—Ba hirugarren solairura igo behar da, eta gero jaisten joan —dio Patek, arnasestuka eta eskailerak seinalatuz—. Has gaitezen, gauza piloa dago ikusteko.
Museoa kokatuta dagoen eraikinak kubo handi baten forma du, eta haren erdigunean Horusen Begia ikusgai egoteko espazioa dago. Hirugarren solairuan -orain lau lagunak doazen lekura-, korridore handi batek kubo osoa zeharkatzen du alde guztietatik. Aurrera egin ahala, ezkerraldean, beira-arasetan objektu desberdinak aurkitzen dituzte erakusgai, adibidez egurrezko irudi zaharrak, koloretako harrien inkrustazioak dituzten urre-koloreko maskarak, bitxi mota ezberdinak eta hieroglifikoz osatutako papiroak. Beira-arasa bakoitzean, erakusgai dagoen objektu bakoitzaren alboan azalpen-testu bat azaltzen da.
Proposatutako ibilbidea jarraitzen duten bitartean, beren eskuinaldean, beheko solairuko patioa ikusten uzten duen beirate luze bat dute alboan. Bertan, jendea erakusketako erakarpen nagusiaren inguruan pilatzen hasten da.
— Ze jende gutxi dagoen hemen goian — harritzen da Spike —, hemen oso objektu baliotsuak daude.
— Beno — erantzuten du Patek —, pentsatzen dut gehienak beheko solairutik pasatuko direla lehendabizi eta ondoren gainerakoak ikustera igoko direla.
—Normala —adierazten du Benek, Pati zeharka begiratuz—, mundu guztiak ez dauka lagun bat erakusketak nondik hasi behar diren ikusten esateko.
Ben berehala makurtzen da bere lagunaren eskukada saihesteko, Spikeren barrearen aurrean. Luk, denbora luze batez papiro bati begira egon ondoren, Beni keinuak egiten dizkio harengana hurbiltzeko.
—Begira Ben, inoiz Egiptoko arbasoren bat izan bazenu, hauxe izan beharko zen: «Djedi, Djed-Snefrunen bizi dena. Moztutako buru bat lotu dezake, lehoi bat bere atzetik bere alboan ibiltzen joan dadila egin dezake eta badaki Thoten santutegian zenbat kamera sekretu dauden» Garaiko aztia da, zu bezala!
Pat eta Spike barrez hasi dira Luk esan duena entzutean. Benek, ordea, ez die kasurik egin, eta liluratuta hurbiltzen da papiroak gordetzen duen beira-arasara.
—Hara! Zein interesgarria den Djedi hau, hemen esaten du ehun eta hamar urte zituela eta egunean bostehun ogi eta idi erdi bat jan zitzakeela.
—Beno —dio Patek, Beni sorbaldan zaplada bat emanez—, aldatu ogiak tarten truke, eta bai, zeu izan zintezke.
—Bale, ikusten dut grazia handia egiten dizuela gozoa zenbat gustatzen zaidan erakusten dizuedanean —dio, haserre-plantak eginez—, baina giza garunak gorputzak behar duen eguneroko energiaren ehuneko hogei kontsumitzen duela jakin behar duzue. Eta jakinda nolako azti ilusionista handia naizen, nire garunak energia kantitate handiak behar ditu funtzionatzeko. Ez dut espero zuek, gizaki arruntak zaretenez, ulertzera iritsiko zaretenik…
—Barkatu jauna, Djedi handia —erantzuten du Patek, erreberentzia bat eginez—, ez gara zure presentziaren duin.
—Lagunok, begira. Hor behean mugimendua dago.
Beheko solairuan, Horusen Begia dagoen tokian -beirateari itsatsita dagoela-, zerbait gertatzen dela antzeman du Spikek. Besteak hurbildu ondoren, Begia kokatuta dagoen hautestontziaren inguruan hesien bidezko segurtasun-kordoi bat ezarri dela ikusi dute, eta oraintxe bertan ez dago inor bitxiaren inguruan.
—Jaitsiko al gara zer gertatzen den ikusteko? —dio Lukek, beti bezala erne.
—Bai, jaitsi gaitezen —erantzuten du Patek, dagoeneko beheko solairura jaisten den eskailerarantz abiatu dela.
Eskailerak presaka jaisten ari diren bitartean, Lukek ziztada bat sentitzen du bere urdailean, zerbait gertatuko dela jakingo balu bezala.
«Akaso nire senak zerbait esan nahi ote zidan sartu nintzenean ?»
Behera iritsi direnean, tinko pilatuta dagoen jende-talde batekin egin dute topo, eta nekez ikusten dute zer gertatzen den. Luk hanka puntetan jartzen da, eta bere altuerari esker, zeozer hobeto ikusteko espazio tarte bat ikustea lortzen du.
—Zatozte, jende guzti hau inguratuko dugu.
Jendetzaren artean pasa ondoren, espazio batera iristen dira, Begiaren atzetik gertu, eta bertan gertatzen dena ikus dezakete. Harribitxiaren inguruan espazio biribil bat sortu da, eta jendea zutik mantentzen da, adi-adi. Beheko solairuko korridore nagusitik datorren espazio libre bat ere badago, eta, bertatik, badirudi urrutira pertsona batzuk Begi alderantz eta gure lagunak dauden tokirantz doazela.
Erdiko zirkulura hurbiltzen doazen heinean, bozgorailuren batetik arabiar estiloko musika bat entzuten da eta kameren flashak kliskatzen ikusten dira.
—Itxoin pixka bat —dio Benek—, hori ez al da alkatea?
«Ados, alarma faltsua»
—Bai —erantzuten du Patek—, pentsatzen dut erakusketa irekitzera datorrela.
Alkatea eta bere lagunak Horusen Begiaren ondoan hesiz itxita dagoen gunera iristen dira. Bere alboan gizon luze eta beltzaran bat doa, adin ertainekoa, bizar ilunarekin, kristalezko betaurreko biribilaz jantzita eta traje beltzez jantzita. Bastoi bat darama eta ibiltzen doan heinean haren bitartez laguntzen da. Beste pertsona, aurreko gizona baino pixka bat zaharragoa den emakume bat da. Altuera txikikoa da eta ile gorrixka du. Jantzi informala janzten du eta lepo inguruan zapi hori handi bat darama, gainerako jantziekin alderatuz deigarriagoa dena. Hegal-txapel grisaxka bat darama ere, esploratzaileek eramaten dutena bezalakoa.
Hirurak gelditu egiten dira, lau lagunei bizkarra emanez, kameretako flashek kliskatzen jarraitzen duten bitartean. Une batzuk ondoren, emakume gazte bat hurbiltzen da mikrofono bat eskuan duela eta beste hiru pertsonen alboan jartzen da, gizon bizardunaren ondoan. Musikaren bolumena pixkanaka jaisten doa desagertu arte eta emakumea mikrofonoa ahora hurbildu ondoren hizketan hasten da.
—Arratsalde on guztioi, eskerrik asko hemen izateagatik. Museo arkeologikoaren zuzendaria naiz eta niretzat plazer handi bat da erakusketa eder hau aurkeztea, bere helburu nagusia nire atzean dagoen objektua izanik. Horusen Begia.
Ordu luzez pasa ninteke nire atzean dudan objektu bikain honetaz eta harekin batera doazen ehunka gauza bikainez hitz egiten, baina uste dut hobe dela mirari hau honaino ekartzeaz arduratu den pertsonak hitz egitea. Txalo bero bat eskatu nahi dut erakusketaren komisarioarentzat, Sandor Kumran egiptologoarentzat.
Aretoan jendea txaloka hasten da museoko zuzendariak ondoan duen gizon bizardunari mikrofonoa ematen dion bitartean. Une batzuen ondoren, Kumranek irribarre bat marrazten du bere aurpegian eta bastoia heltzen ari den eskuarekin keinuak egiten ditu txaloak geldi daitezen.
—Eskerrik asko —dio, berriz ere isiltasuna egiten ari den bitartean—, eskerrik asko. Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiot museoko zuzendariari erakusketa handi hau honaino ekartzeko aukera eman duelako. Horusen begia aparteko objektua da, bere berezitasun “magikoez” asko hitz egin da —dio irribarre eginez eta bere eskuko bi hatzekin komatxoen keinua egiten duen bitartean— eta kondaira asko idatzi dira horren inguruan.
Kondairak egiazkoak izan ala ez, egia esan, lehenengo aldia da bitxi zoragarri hau Egiptotik irteten dela. Urtetan zehar lanean eta negoziazio-aldi luzeetan ibili ondoren, hementxe bertan izateko zorte ikaragarria dugu. Goza ezazue den bezala, pieza paregabea da munduan eta.
Eta orain, Zarah Salim Egiptoko arkeologo handiari emango diot hitza. Bera izan da erakusketa honetan Horusen Begiarekin batera doazen pieza ikusgarriak aukeratzeaz arduratu dena. Txalo bero bat berarentzat, mesedez.
—Arratsaldeon —dio arkeologoak arabiar azentu nabarmen batekin—, plazer bat da niretzat gaur zuekin, guztiokin, hemen egotea. Nire lurraldearen izenean nator, Egipto, Kumran jaunak behin eta berriz eskatu izan didalako -gure kultura ederki ezagutzen baitu-, eta, ondorioz, berak badaki Horusen Begiak guretzako nolako garrantzia duen.
Hain limurtzailea izanik, ez nintzateke batere harrituko urte batzuen buruan Kumran jaunak gure piramideetako bat honaino ekartzea —dio, jendartearen barreak eraginez—. Dena den, jakin behar duzue -lehen esan den bezala- Horusen Begia pieza bakarra dela munduan. Baina, zerk egiten du hain berezia izatea?
Ba begira —dio kristalezko kutxara hurbilduz eta bitxi hori hatz batez seinalatzen duen bitartean—, irisean jarri behar duzue arreta. Harri zeharrargitsu batez osatuta dago, baina ez edozein harriz, ez. Hainbat ikerketa egin ondoren jakin dugu harria jatorri estralurtarra duela. Meteorito bat. —marmar bat entzuten da museoko areto nagusian—. Badira, noski, horrelako beste harri batzuk lurrean, baina askoz txikiagoak dira eta ez daude Begia bezala zizelkatuta.
Harri hori berezi egiten duen ezaugarrietako bat —jarraitzen du esaten arkeologoak — argia kontzentratzeko duen gaitasuna da. Esaten ari naizena erakusteko, Begia babesten duen kristalezko kutxa altxatzen laguntzeko eskatu behar diet museoko langileei.
Aretoaren albo batetik, museoko langile gisa identifikatzen dituen arropaz jantzita dauden bi mutil agertzen dira. Eskularru zuriak jantzita dituztela, kutxa altxatzen dute eta kontu handiz lurrean uzten dute.
— Lasai — dio Zarahek irribarrez —, alarma desaktibatu dugu une batez.
Ikusleek barre egiten dute, arkeologoak linterna txiki antzeko bat dirudiena poltsiko batetik ateratzen duela ikusten ari diren bitartean. Pizteko botoia behin baino gehiagotan sakatzen du eta haren muturretako bat manipulatzen du, linternak argi sorta zabal eta indartsu bat igortzen duen arte. Argi horren ondorioz distira moduko bat sortzen du eta hainbat pertsonak begiak erdi itxi behar dituzte itsututa ez geratzeko.
—Orain, Begiaren irisera hurbilduko dut linterna. Begira ezazue Horusen Begitik aterako den argi-sorta kontzentratua, ez duzue horrelakorik ikusi zuen bizitzan, ziur nago.
Hala egiten du, arretaz hurbiltzen du linternaren muturra Begiaren irisak osatzen duen harriarengana, ia-ia harribitxia jo arte. Arkeologoa linterna geldi edukitzen geratu da segundo batzuetan, eta museoko sarreratik datorren korridorera begira. Linterna pixka bat urruntzen du eta berriro hurbiltzen du.
—Zuek zeozer ikusten al duzue? —dio Benek, ezker-eskuin mugituz.
—Hemendik arkeologoak dena estaltzen dit, baina esango nuke ez dudala aparteko ezer ikusten —dio Lukek, oin-puntetan baino gehiago jarri ezinik.
Bat-batean, Zarah Salimen aurpegiak irribarre behartu bat erakusten du. Linterna itzaltzen du eta makurtu egin da Begira ahalik eta gehien hurbiltzeko, ukitu gabe.
—Beno, ba badirudi linternak ez duela behar bezala funtzionatzen —dio, urduri. Ondoren, zutitu egiten da, linterna poltsikoan sartu eta keinu bat egiten du museoko langileek berriz ere bitxia babesten duen kutxa bere lekuan jartzeko. Gazteek elkarri begiratzen diote, zer gertatu den ulertu ezinik geratuz.
—Hori da guztia, eskerrik asko etortzeagatik. Espero dut erakusketa gustukoa izatea —dio arkeologoak presaka, eta, ondoren, hesiak kendu, eta jendea museoan barrena sakabanatzen da berriro, egoera arraroagatik marmarka.
Handik gutxira, alkatea eta Kumran komunikabideei kasu egiten ari zaien bitartean, arkeologoak museoko zuzendariari keinu bat egiten dio jarrai diezaion. Salim disimuluan aretoaren erditik aldendu egiten da alboetako baterantz. Han, elkarrizketa bat mantentzen dute, baina gure lau lagunek ez dute zertaz hitz egiten ari diren entzuten.
—Itxaron hemen —dio bat-batean Spikek.
—Zer, non…?
Patek galdera amaitu arte itxaron gabe, Spike ezkutuan hurbiltzen da aretoko zutabeetako baten atzera, bi emakumeak dauden lekutik gertu. Zutabearen beste aldean kokatzen da, bere mugikorrari begira dagoenaren itxurak eginez, eta han geratzen da segundo batzuetan, makurtuta, lepoa ahalik eta gehien luzatuz zerbait entzun ahal izateko.
Handik pixka batera, Luk eta besteak inolako disimulurik gabe bera dagoen tokira hurbiltzen direla ikusten du Spikek, eta bere ondoan jartzen dira.
—Spike —dio Benek.
—Ixo — keinu bat egiten dio hatzarekin ezpainetan, isilik egon dadin.
— Aspaldi joan dira, Spike.
—Hara, ze ergela naizen. Esaten nuen ba ez nuela besterik entzuten —erantzuten du, irribarrez.
—Zerbait entzun al duzu? —galdetzen du Lukek.
—Beno, zarata dezente zegoen eta oso baxu hitz egiten zuten, baina uste dut baietz…
—Eta, zer zioten? —dio Patek besoak zabalduz, urduri.
—Ba… gaizki entzun ez badut… —Spike gelditu egiten da une batez, hitzak aurkitu nahian.
—Zer? —galdetzen dio Patek, kamisetatik helduz.
— Zapi horia zuen andrea zela uste dut. Esaten ari zen… beno, zera….
— Spike, hasi kontatzen behingoz.
— Ikusgai dagoen begia ez dela benetakoa. Faltsifikazio bat dela.
