I KAPITULUA

ASTEBETE LEHENAGO…

 

«Ez dut gogoratzen bizikleta honi inoiz koipea eman diodanik, uste dut honezkero jubilazioa merezi duela. Ematen du ozenki kexatzen ari dela eta premiazko laguntza eskatzen ari dela.»

Kirrinka erritmiko bat entzunez doa Luk, Brighton ikastetxera doan errepidean pedaleak jotake eragiten dituen bitartean, aurrera begira doala. Hala ere, aurrera egiten duen bitartean, bere pentsamenduak beste lekuren batean daude. Iraileko lehenengo astelehena da berriro, eta horrek esan nahi du oporrak amaitu direla, eskolara itzultzeko garaia dela eta lehenengo pausoa dela eguneroko errutinarekin berriro hasteko. Luk zuhaitzen hostoei begira dago hauek poliki-poliki erortzen ari diren bitartean, udazkenak ematen dien tonu hori-laranjari erreparatuz.

Gaur egun desberdina da, Pat eta Ben ez doaz Lukeren ondoan. Gaua osoa urduri pasatu ondoren, -bere ohean bueltaka ibili eta behar baino lehenago esnatu ondoren-, Lukek goizago prestatzea erabaki du, lasai gosaldu eta bere lagunei esan die beraiek baino lehenago irtengo zela. Benen elkarrizketa amaigabeekin entretenitzeko bere laguna alboan ez duenez, pentsamenduak bere buruaren jabe egin dira.

Udara nolakoa izan den aztertzen ari dela, asteak ikaragarri lasaiak izan direla gogoratzen du Lukek, batez ere gertatu zen guztiaren ondoren. Lagunekin  harremana beti mantendu duen arren, geroztik ez dute elkar ikusi. Bai Ben eta bai Pat beren familiekin etxetik kanpo pasatu dute ia denbora guztia, eta Luk igerilekuko sorosle lanetan aritu da buru-belarri. Memoria egiten saiatu den arren, bertan lanean gastatu dituen babes-krema poteak zenbat izan diren ahaztu duela konturatu da.

Baina lanean eman zituen aste guzti horien esfortzua pena merezi izan du eta orain  nahiko dirua dauka bere bizikleta zaharra alde batera uzteko eta bizikleta modernoago bat erosteko.

«Aste honetan bertan joango naiz bizikleta berriaren bila, hauetako edozein egunetan aterako zaizkio gurpilak tramankulu honi eta».

Hala ere, Brightonera itzultzean burua kezkaz eta, batez ere, erantzunik gabeko galdera ugariz bete zaio. Non dago orain Nordan? Zein izango da bere hurrengo pausoa? Zer beste misterio ezkutatzen dira leku honetan?

Ez zen oso zaila izan bere gurasoak konbentzitzea besoetan egindako zauriak bizikletan erori izanaren ondorio izan zirela eta ez lurpeko kobazuloan bere oinetan ireki zen zulotik ez erortzen saiatzean gertatu zirela. «Egia izango da ba bizikleta berri bat behar duzula, mutiko», esan zuen Lewisek bere unean, Lukek besoetan hazka-hotsak zituela ikusi zuenean.

«Neure buruari galdetzen diot behin eta berriz, nola erreakzionatuko luketen nire gurasoak jakingo balute zer bizi izan dudan hemen etxez aldatu ginenetik, ikusi ditudan bitxikeria guztiak kontatuko banizkie. Batzuetan, nik neuk ere zalantzan jartzen dut dena amets bat izan ez ote den.»

Lukek ez du Marvin eta Murray anaien berririk izan ezta ere -Patterson ikastetxeko zaindariak-, baina nolabaiteko lasaitasuna sentitzen du horregatik. Uda denontzako tregoa bat izan dela ematen du, hainbeste emozioren ondoren atsedena beharko balute bezala.

—Egunen batean normaltasuna berreskuratuko ote dugun galdetzen diot neure buruari —dio Lukek bere baitarako, urrutira Brighton ikastetxea ikustean urdaila uzkurtzen zaion unean. Eraikin zaharreko adreilu gorrizko fatxada dotorea gero eta erraldoiagoa bihurtzen ari zaio bertara hurbiltzen doan heinean. Bertara iristean, gelditu eta bizikleta aparkatzen du, despistatuta diruditen nesken eta mutilen ohiko eszenei begira, haien begirada eraikin erraldoian gora eta behera finkatuta duten bitartean, ikasle berriak diren seinale eta leku hau bisitatzen duten lehen aldia adierazten duten seinale. Hala ere, ohi baino goizagoa denez, ia ez dago jenderik ikastetxearen inguruan.

Kanpotik, Lukek ez du Evan Nordanek eragin zuen sutearen arrastorik aurkitzen. Baina berak oso ondo gogoratzen du errekatxotik irten zenean bizi izan zuen eszena, guztiz blai eginda, eskola azpiko tuneleko zulotik erori ondoren; suhiltzaileen kamioiak, ikasleak eta irakasleak kanpoan bilduta, zentzuzko distantzia batera noski, ikastetxe barrutik, bere ate nagusitik eta zabalik zeuden leihoren batetik ke zuri bat nola irteten zuen ikusten zuten bitartean.

—Ez zela gertatu zirudien —dio Lukek ahapeka.

—Zer? —erantzuten du ahots ezagun batek bere atzean.

Lukek begiak bapatean zabal-zabalik irekitzen ditu, ikaratuta. Badaki ahots hori ezagutzen duela, baina ez zuen espero gaur hor bertan entzungo zuenik. Une labur baten ondoren, biratu egiten da eta hitz egin berri dion irudi ezaguna bereizten du. Kolore deigarriak dituen kirol –arropak janzten ditu, behar baino neurri handiagokoak ziurrenik.

— Spike? — dio Lukek, ezohiko ahots zorrotz batekin —. Bain… baina…

— Kar-kar! Harrituta? — eteten dio Spikek, besoak zabalik eta aurpegian pozezko irribarre zabal bat duela.

— Horixe baietz, sorpresa ederra — erantzuten du Lukek lagunarekin eskua kolpatuz —. Baina esan, zertan ari zara gaur hemen? Ez zenuke zure ikastetxean egon behar?

— Horixe da egiten ari naizena — erantzuten du Spikek, Luki begi-keinu bat eginez.

— Benetan? Ez esan…

— Bai horixe!

— Beno, baina hori… hori… zoragarria da! — esaten du Lukek, esku batekin ilea nahasiz.

— Baietz? — esaten du Spikek, begiak zabal-zabalik irekita dituela bere lekutik aterako zaizkiola dirudiela —. Begira, joan den ikasturte amaieran, gertatu zen guztia gertatu zenean, nire gurasoei galdetu nien ea posible zen ikastetxez aldatzea Brightonera etortzeko. Aldaketa egiteko ziurrenik beranduegi izango zela esan zidaten, baina saiatuko zirela. Hasiera batean lekurik ez zegoela esan zieten eta beldur nintzen nire ikastetxean geratu behar ote nuen, baina handik egun batzuetara, dei bat jaso zuten ikastetxetik eta… Hementxe nago!

—Ba asko pozten naiz hemen zaudelako, seguru besteak ere harritu egingo direla.

—Zertaz harritu behar dugu? — Lukek hitzak entzuten ditu esku batek bizkarra ukitzen dion une berean, eta arnasa hartu eta bat-batean biratzen da.

—Baina… lagunak! Hementxe zaudete eta! —dio Lukek, ikaraz bere onera etorrita eta Ben eta Pat begiratuz, bizikletaz oraintxe etorri berri omen direla. Beren aurpegiek alaitasun eta harridura nahasketa bat islatzen dute Luk eta Spike elkarrekin ikustean.

Pat besarkada bero bat ematera hurbiltzen den lehena da. Lehenik Luki ematen dio eta gero Spikeri, azken honek lagunaren keinuari erantzuten baitio airean altxatuz. «Nola aldatu den Pat, ez dauka zerikusirik iaz ezagutu nuen neska isila eta zorrotzarekin. Eta nola pozten naizen…», pentsatzen du Lukek bere laguna ikustean.

—Azkenean, ia harrapatu egin zaitugu, e? —dio Benek Lukengana hurbilduz, buruko kaskoa kentzen duen bitartean— Eta gainera oraindik bizikleta deitzen diozun traste horrekin zoazela!

—Aizu, ez zirikatu nire bizikleta! —erantzuten du Lukek, bere hatzaz Benen bularrean seinalatuz— Nahikoa iraun du gizajoak, museo batean erakutsi beharko lukete. Makina honek kilometro asko egin ditu Ben Murdocken hitzaldiak pairatzen.

—Begira, hori egia da —dio Patek, beste biengana biratuz—, arroka, titanioa, diamantea bezalako makina gogor batek bakarrik jasan dezake horrelako froga egunero.

—Kar-kar. Oso barregarriak zarete, ezta? Gaia aldatuz… aizu, Spike, ez gaizki ulertu, asko pozten naiz zu ikusteaz, baina zuk ez zenuke zure ikastetxean egon behar?

—Ba begira….

Albistearen berri eman eta beharrezko besarkadak banatu ondoren, lau lagunak Brightoneko aterantz abiatzen dira pixkanaka, oporrei buruzko xehetasunak kontatzen ari diren bitartean. Gero eta ikasle gehiago ari dira bertaratzen eta berriz elkar ikusteagatik beren poza adierazten dute, etapa berri bat hastear doazelako urduritasuna eta etsipena adieraziz, poliki-poliki eraikinaren barrurantz doaz.

—Ba al dakizu zerk aspertzen nauen? —dio Benek Spikeri zuzenduz, sarrera nagusiaren azpitik pasatzen diren bitartean— Berria zara eskolan, baina dagoeneko goitik-behera ezagutzen duzu. Egoera normalean, hau, hura eta beste guztia kontatuko nizuke, baina dena ezagutzen duzu.

—Tira, Murdock! —erantzuten dio Spikek, barregarri— Ez dio axola, kontaidazu eskolari buruz ezagutzen duzun istorio interesgarriren bat. Harresi hauen artean gertatu den naturaz gaindiko gertakariren bat eta jende guzti honek ez dakien istorioren bat —dio, eskuarekin jendetza seinalatuz eta Beni saihetsean ukondokada bat ematen dion bitartean, honek begiak platerak balira bezala begirada bueltatzen diola.

—Ixo! Ez egin txantxarik horrekin…

Azkenik, Fletcher andereak bere Historiako klasea ematen duen gelara iristen dira, eta beren eserlekuak aukeratzen dituzte, elkarrengandik gertu. Denbora aurrera doa, eta irakasle esperientziadunak ikasturte honetarako bere ikasgaiko gai-zerrenda aurkezten hainbat minutu daramatzan arren, Lukek ez dio azalpenari apenas jaramonik egiten, bere pentsamenduetan murgilduta dagoelako. Errutina itzuli dela dirudien arren, oraindik ere badaki hari-mutur solte eta galdera asko daudela erantzuteko.

Nork diseinatu eta sortu ditu tramankuluak? Ba al dago harremanik Brighton ikastetxe eta Patterson ikastetxearen artean? Nork eta nola sortu zuen tramankuluei aparteko gaitasuna ematen dien elikadura-iturria? Zer eginkizun dute Evan Nordanen aitak eta Patterson ikastetxeko zaindariek?

— Dawson!

— Zer? Zer?

—Tira, ongi etorri nire klasera —dio Fletcher andreak bere mahaian kokatuta, besoak gurutzatuta bere aulkian etzanda—. Oso distraituta zaudela ematen du, zure pentsamenduak gela osoarekin partekatu nahi al dituzu?

Zurrumurru orokor baten eta gelakideen barreen ondorioz Luk gorri-gorri jartzen da, suhiltzaileen kamioi bat bezala. Lukek, berriz, zerbaitetan pentsatzen ari da egoera horretatik irteteko, baina ez du lortzen.

—Ezpainari kosk egiteari uzten ez badiozu, ezpainik gabe geratuko zara, Dawson jauna. Egiptoko zibilizazioaz zer dakizun galdetzen nizun.

—Eee… beno… ba ez dakit, ohikoa —erantzuten du Lukek, zezelka—. Piramideak, faraoiak, momiak…

— Zorionak — erantzuten dio Fletcher andreak —, Aintzinako Egiptoko topiko gehienak aipatu dituzu, madarikazioak bakarrik esatea falta zaizkizu. Kasualitatez, eta zorionez — dio, mahaitik jasotzen dituen eta klasean folio erdi tamainako orri pila bat banatzen hasten den bitartean —, hilabete honetan zehar Egiptoko zibilizazioari buruzko erakusketa handi bat bisitatzeko aukera duzue, eta gaur bertan inauguratuko da arkeologia museoan haren mirarietako bat ikusteko aukera. Hiruhileko honetan gure gai-zerrendaren parte izango denez, ideia zoragarria iruditzen zait bertara joaten bazarete eta bisita egiten baduzue.

Luken parera iristean, segundo batez gelditzen da, begietara begiratzen dio eta orri bat uzten dio mahai gainean eskuarekin kolpe txiki bat emanez.

—Nik ez nuke erakusketa galduko, Dawson.

—Nos…, noski, Fletcher andrea… —asmatzen du Lukek esaten, erakusketaren informazio-orriari begira geratzen delarik.

—Tira! Gaurkoz nahikoa da, zuen gauzak jaso ditzakezue. Ez ahaztu liburuko lehenengo gaia errepasatzea, laster izango duzue azterketa-test bat nire iradokizunari kasu egin diozuen ala ez ikusteko. Murdock, ez begiratu horrela, amaitu dira oporrak —dio irakasleak besoak zabalduz.

—Halaxe da bai —erantzuten du Benek, begirada jaitsiz.

Aulkiek mugitzean sortutako kirrinka eta ahotsen zurrumurru txiki batek ikasgela osoa betetzen dute, ikasleak gelatik irteteko altxatzen hasten diren heinean. Luk bere aulkian eserita dagoela keinuak egiten dizkie bere lagunei elkarrekin hitz egin dezaten, erakusketako flyerrari begirik kendu gabe.

—Beno, zer iruditzen zaizue? —dio Lukek orria altxatuz—. Ondo iruditzen zaizue gaur bazkaldu ondoren hurbiltzen bagara?

—Ni museotik oso gertu bizi naiz —erantzuten du Spikek— beraz, nahi duzuenean joan gaitezke.

—Bai —dio Benek—, geroz eta lehenago egin, orduan eta hobeto. Gaur arratsaldean hitzik gabe utziko zaituzten beste truku bat praktikatzeko asmoa nuen. Esan al dizuet uda honetan, autokarabanan nindoala, magia berri piloa ikasi dudala? Nire eskuek dagoeneko trebetasun- eta azkartasun-maila bat lortu dute, …

—Ados orduan —dio Patek, eskuarekin Beni ahoa estaliz—. Gauza garrantzitsu bat, ez ahaztu zuen ikasle txartela, horrela sarrera doan izango duzue.

—Ohartxo ona, Pat —dio Spikek—, baina nik ez daukat, non lor dezaket karnet hori?

—Kar! Ikusten? Azkenean bai erakutsiko dizudala eskolan ezagutzen ez duzun zerbait —dio Benek, lagunari zaplada bat emanez—. Jarraitu niri, idazkaritzara eramango zaitut eta. Studebaker andrea arduratzen da gauza horietaz. Oso heldua da, batzuek esaten dute eskolako lehen harria jarri zenean jada bera hemen zegoela, eta…

— Zer egingo genuke Ben gabe, ezta? — dio Lukek Pati begira irribarre zabal batekin.

Ben eta Spike urruntzen diren bitartean, Luk eta Pat erakusketako orriari begira geratzen dira. Bertan, izenburu handien eta objektu desberdinen argazkien artean, irudi bat nabarmentzen da beste guztiaren gainetik. Begi formako urre-koloreko bitxi distiratsu baten argazkia, harri distiratsu batekin errematatua bere erdigunean, harri gorrixkako zutabe baten gainean dagoen kristalezko kutxa baten barruan.

Argazkiaren azpian izenburu bat dago letra larriz idatzita, zer den adierazten duena.

Horusen begia.