I KAPITULUA

HASIERA BERRI BAT

 

–Luk!

 

–Zer, ama?

 

–Lagun iezadazu kaxa honekin, bakarrik ezin dut mugitu!

 

–Banoa, ama –dio Lukek, emozio handirik gabe eta aurpegi pentsakorrarekin.

 

Tamaina eta kolore ezberdinetako kaxen multzo amaiezina pilatu dute, bata bestearen gainean, Trento kaleko 212. zenbakiaren aurrean. Etxea hiri txiki baten barruan dago, alde zaharretik pixka bat aldendutako urbanizazio batean, Luken amak nahi izan zuen bezala. Dawsondarren etxebizitza berria da.

 

–Benetan sinestezina zait beste etxean horrenbeste gauza genituela ikustea!

 

Saminki kexatzen dena Laura da, Luken arreba. Laurak orain 9 urte ditu, Lukek baino hiru gutxiago, baina behin eta berriz esaten duen bezala, oso gutxi geratzen zaio 10 betetzeko. Ile luze eta leuna du, bere amak bezala. Jendeak etengabe errepikatzen dio, eta horrek pixka bat sutan jartzen du alditan, baina azken finean, gogoko du haren antza izatea.

 

–Tira Laura, jada gutxi falta da! Hurbildu maleta gorri bi horiek, ez dira oso astunak eta gainera gurpildunak dira. Badakizu ni gaztea nintzenean maleta gurpildunik ez zegoela?

 

Louis da, Luk eta Lauraren aita zein, hori esatean, aurpegi pentsakorrarekin geratu den, bere gaztaroko bidaiak oroitzen, bere gurasoen gurpilik gabeko maleta astunak eramaten lagundu behar zuen garaikoak. –Nolatan ez zitzaion bururatu inori maletei gurpilak jartzea? – dio bere baitan…

Louis garaia eta argala da. – Aita, nolatan zaude hain argal jaten duzun guztiarekin? – esaten dio sarritan Laurak. Laurak eta bere amak ez bezala, Louisek ile kizkurra du, eta masailak zeharkatzen dizkioten orin pila ditu.

 

–Baina aita, oraindik kamioian kaxa pilo bat geratzen dira eta! –kexatu da Luk.

 

–Badakizu, laztana? Batek ez daki zenbat kaxa kabitzen diren etxe batean, hura betetzeko premia heldu artean… — Dio Louisek, hasperen luze bat eginez.

 

–Edo hustekoa! — Erantsi du Luken amak, jarraian Louisi begi-keinua eginez, honek irribarre zabalarekin erantzuten dion bitartean.

 

Lena, hori baita Luken amaren izena, arkitektoa da, Louis bezala. Enpresa berdinerako lan egiten zutenean ezagutu zuten elkar, eta euren lekualdatzeko arrazoia norbere konturako estudio bat muntatzea erabaki izana da; horretarako etxe handiago bat behar zuten, leku lasai batean.

 

Bi solairuko harrizko etxe bat da; bere fatxadan partzialki nagusitzen da huntza, kontrolik gabe hazitako zuhaixkak dituen lorategi batekin zeinetan lan asko egin beharko den, barnean bezala, polita geratzekotan. Ezin ukatu etxea polita denik, baina agerikoa da garai hobeak izan dituela.  – Harrizko etxe bat da, Louis, prezio horren truke, eremu honetan, ez dugu halakorik aurkituko –esan zuen Lenak bere unean. Eta Louisek bazekien arrazoia zuela, beraz, biak bat etorri ziren, aurretik zetorkien lanaren gainetik, euren proiektu berriari ekiteko leku egokia zela adosterakoan.

 

Lukek, nola ez, iritzi propioa du horrekiko. Etxe aldaketa batek lagunak, posterrekin betetako bere logela kutuna, bere betiko eskola, etab. atzean uztea suposatzen du. Biziki kezkatzen du bihartik aurrera, klasera itzuli behar izaten duenean, gauza nola joango diren pentsatzeak. Eta bere eskola berrian egokitzen ez bada? Eta inork bere laguna izan nahi ez badu? Inork ez daki hori.

 

Horren guztiaren gainetik, beste gauza batek kezkatzen du biziki… Dawsondarren bereizgarri bat da, dauden lekuan daudela, ezinezkoa zaiela ez nabarmentzea. Guztiz ezohikoa da azenarioa bezalako ile laranja, esnea bezain azal zuria eta esmeraldak bezalako begi berdeak dituzten kideez osatutako familia bat ikustea.

 

–Egia esan, zuen aita ezagutu nuenean, grazia egin zidan lehenengo gauza izan zen bere itxura nirearen antzekoa izatea – esan ohi zien Lenak bere seme-alabei. – Ni ez nintzen horretaz ohartu pare bat ordu geroago arte, kar-kar-kar! –erantzuten zuen beti, ohiko Louis despistatuak.

Kaxen joan-etorrien artean beste ordu bete bat iragan da, mudantza kamioia erabat hustu den arte.

 

–Tira, uste nuen hau amaigabea zela —dio Lukek, zereginagatik akituta. Garraiolaria agurtu ondoren, etxearen egurrezko ate astuneraino pasillo luze bat eratuz albo banatan kaxen bi pareta dituen sarrerarantz doaz denak.

 

–Beno gazteak, heldu da unea… prest al zaudete zuen etxe berria ikusteko? – dio Lenak. Zirrara eta beldur nahasketa batek zeharkatu du Luken gorputza; hura izango da urte askotarako bere etxea eta horrenbeste aldiz irudikatu ondoren, benetan nolakoa den ikustear dago. Eta kanpotik dirudiena baino zertxobait hobea izatea espero du, egia esan. Bere ilea eskuaz igurzten du, beheko ezpainari hozka eginez, urduri edo pentsakor dagoen bakoitzean egiten duen bezala.

 

–Zer gertatzen da, Aita? – galdetzen du, Louisi begira. – Zergatik ez duzu irekitzen?

 

–Deus seme, badirudi giltza hau… utz iezadazu pixka bat bultzatuz probatzen… —dio Louisek atearekin eta giltzarekin borrokatu bitartean, eskua noranzko bietan biratuz eta aldi berean atea indarrez bultzatuz.

 

«Ene bada, ongi hasi gara» —pentsatzen du Lukek.

 

Egur urratuak darion karraska erako baten ostean, zarata handiz zabaldu da atea, barren iluna ikustea eragozten duen hautsezko hodei txiki bat sortuz.

 

–Jada zabalik dago! Lena, uste dut ate honek ere mantentze-lan batzuk beharko dituela —dio Louisek barrezka—. Goazen denak barrura une batez, kaxak pixka bat geroago sartuko ditugu.

 

Lehenengo Lena eta Louis sartu dira, poliki, bista iluntasunarekin egokitzeko asmotan, baina berehala biratzen dira, neska-mutilen erreakzioak ikusteko irrikaz. Hauts-hodeia desagertzen doa eta, Luk eta Laura etxera sartuz doazen heinean, ohartzen hasiak dira denbora eta lan asko beharko direla hura egoera “normal” batera itzultzeko.

 

–Ama maitea, zenbat hautsa! – dio Laurak, doministiku batzuen ondoren. Dena izarekin estalita dago!

 

–Uste dut eskailera oso garaia beharko dugula armiarma-sare horiek garbitzeko —esan du Lukek ironia pixka batekin, justu gainean daukaten kristalezko lanpara izugarria seinalatuz—. Hau oso gogorra izango da…

 

–Tira gazteak! —dio Lenak haiek animatzeko ahaleginean. Badakit orain tamalgarri samarra eman dezakeela, baina garbitu bezain laster eta gure gauzak jartzen hasten garenean, denak oso gustura egongo gara. Begira, neguan pizteko tximinia bat ere badaukagu!

 

–Bikain! Beti nahi izan dut tximiniadun etxe bat! – adierazi du Laurak poz-pozik.

 

–Oso ondo laztana, betiere gauzen alderdi positiboa ikusi behar da! – dio Louisek bere seme-alabak hertsiki besarkatuz eta haiek lurzorutik altxatuz— hasteko, leihoak zabalduko ditugu, altzariak estaltzen dituzten izara horiek kenduko ditugu, eta jarraian berriz….

 

Lukek, etxera sartzerakoan bere aitari egiteke dauden zeregin guztiak aipatzen entzuten dion bitartean, ezin du ekidin hurrengo egunean eta hark ekarriko dituen nobedade guztietan pentsatzea. Atondoan aurkitzen den ispiluan bere buruari begira bere ile laranja tentea eta azal zuria ikusten dituen bitartean, ezinegon eta beldur nahasketa batek hartu dio gorputza, tximistargia bailitzan.