II KAPITULUA

GALDERA GEHIEGI

 

«Nire irudipenak zirela uste nuen, baina ziur nago gure atzetik segika datozela»

 

Lukek  ia arnasarik ezin duela hartu nabaritzen du, aire-ahokada handiak hartzen ditu eskuekin keinuak egiten dituen aldi berean, eta zuhaixken atzean berekin ezkutatzera etortzeko adierazten die lagunei. Laguna hain aztoratuta ikusten dutenean, bai Pat eta bai Ben berehala irteten dira errepidetik, euren bizikletak Luk dagoen aldera bultzatuz. Ben zerbait esaten hasi da, baina Lukek isilik egoteko keinua egiten dio. Segundo batzuk pasatzen dira, eta ez da ezer gertatzen. Pat eta Ben elkarren artean begiratzen dira ulertu gabe, eta Ben berriz hitz egiten hastera doa, Lukek eskua ahoan jarri dionean.

 

—Ssssh… badator.

 

Hasieran ez dute ezer entzuten, baina, berehala, gero eta handiagoa den eta soinu berezia duen marmar bat hurbiltzen ari da. Handik pixka batera, pasatzen ikusten dute. BMX motako bizikleta baten gainean doan mutil bat da. Gazteen aurretik pasatzen da baina ez ditu ikusten. Metro batzuk gehiago egiten ditu pedalei eragin gabe, eta zumar zaharraren bidegurutzera hurbiltzera doanean martxa murrizten du, erabat gelditzen da eta oina lurrean jartzen du. Burua alde batera eta bestera biratzen du, bere ibilbidea jarraitzeko ze bide jarraituko duen erabakiz bezala, baina, une batez, zalantzan egon ondoren, egoeraz ohartzen da. Bere bizikleta biratzen du buelta osoa eman arte, eta orduan ikusten ditu hiru lagunak beregana doazela pedalei eragiten, Luk taldeko buru dutela.

 

Luk prest dago, behar izanez gero, mutikoaren atzetik korrika egiteko, baina, bere harridurarako, mutila ez da lekutik mugitzen. Bizikletatik jaisten da eta zutik itxaroten du, gazteek harekin duten distantzia murrizten duten bitartean. Haren parera iristen direnean, hirurek gauza bera egiten dute, bizikletetatik jaitsi eta ezezagunari begira geratzen dira une batez. Azal beltzarana duen mutiko bat da, ile iluna eta nahasia du eta arropa zabalarekin jantzita doa. Lukek uste du beraiek baino zaharragoa dela, eta, janzkeragatik, skate zalea izan daitekeela.

 

—Zer nahi duzu? Zergatik jarraitzen gaituzu? —Luk da hitz egiten duen lehena. Bere ahots-tonuan lasai dagoela itxura ematen saiatzen da, baina beheko ezpaineko hozkadek kontrakoa adierazten dute.

 

—Zu Dawson zara, ezta? Luk Dawson —dio ezezagunak esfortzuagatik ahotsa etena duena, baina ahots sakon batekin—. Asko kostatu zait zu aurkitzea, nahiz eta zure ile laranja oso urrutira ikusi. Baina badirudi azkenean zuek aurkitu nauzuela ni.

 

—Entzunaretoko irteeran ikusi zintudan —erantzuten du Lukek—, eta baita kafetegiko atean ere. Esan dezagun zure janzkera ez dela oso ohikoa hemen, eta atentzioa ematen duzu. Ez nion garrantzi handiagorik eman, baina guk bizikleta hartu genuenean berehala zuk bizikleta hartzen ikusi zintudan eta ez nuen zalantzarik izan gure atzetik segika etorriko zinela jakiteko.

 

—Tira, mutil bizkorra. Orain badakit zergatik aurkitu behar zintudan. James dut izena, baina denek Spike deitzen naute. Eta zuek biok… —eten bat egiten du eskua poltsiko batean sartzeko eta bere mugikorra begiratzeko— a, bai. Pat Brown eta Ben Murdock. Hirurak elkarrekin, hala esan zidaten izango zela.

 

— Ongi da — dio Patek pauso bat aurrera emanez —, orain aurkezpenak egin ditugula, zer iruditzen zaizu nor zaren, zer nahi duzun eta gure izenak nola dakizkizun kontatzen badiguzu.

 

— Istorio luzea da — dio Spikek arnasestuka —, baina laburpen azkar bat egingo dizuet. Zerbait aurkitu behar dut baina ez naiz gai nik bakarrik aurkitzeko. Ahal izan dudan leku guztietan bilatu dut, baina zorterik gabe. Beraz, zuen laguntza behar dut.

 

—Gure laguntza behar duzu, eta kito? Horregatik jarraitu gaituzu honaino? —dio Benek besoak zabalduz.

 

—Bai, beno… ezin nuen zuekin hitz egin zuen ikastetxean, beraz, irten zinetenean zuen atzetik segika joan nintzen. Asko kostatu zait zuen erritmoa jarraitzea, bizikleta hau ez da distantzia luzeetarako —dio Spikek bere BMX seinalatuz.

 

—Ezin zenuela gurekin hitz egin ikastetxean? —dio Patek sorbaldak uzkurtuz—, eta hori zergatik?

 

—Bilatzen ari naizena han dagoelako. Edo hori suposatzen da. Eta ez nuen susmo txarrik piztu nahi. Lagunduko al didazue?

 

Gure lagunek elkarri begiratzen diote Spikeren informazioa bereganatu nahian. Luk bere buruari etengabe hazka egiten dio, eta Ben, berriz, errepide ertzean eseri da, bizikleta piloen ondoan, harridura aurpegiarekin.

 

—Tira, Spritz —dio Benek, ekimena hartuz.

—Spike.

—Bai, hori da. Kontua da klaseak amaitu direla, ikastetxea itxi egiten dela eta denok ditugu udarako planak eta nahiko zaila izango da, sentitzen dut.

— Beno, egia esan, ikastetxea aste pare batez egongo da irekita — dio Patek —, gogoratu nire interpretazio ikastaroa.

—Egia da, nola ahaztu dut Stan Douglas? —erantzuten du Benek, bere bekokian zaplada bat emanez, ia atzerantz eroriz belarraren gainean—. Baina, tira, uste dut ezin izango dela egin.

 

Spikeren aurpegia poema bat da, geldi-geldi geratzen da infinituari begira bere bizikleta belar gainean erortzen uzten duen bitartean, eta azkenik, Benen ondoan esertzen da. Luk adi-adi begiratzen dio une batez, eta, badirudi gertatzen zaiona larria dirudiela.

 

— Spike — dio Lukek —, ez diguzu esan zeren bila zabiltzan, ezta zergatik ere. Eta garrantzitsuena — geldiune bat egiten du beregana astiro hurbiltzen den bitartean —, Zergatik gu? Ez gaituzu inondik ezagutzen.

— Nik ez. Baina xantaia egiten ari zaidanak, bai. Berak behartzen nau aurkitu behar dudana bilatzera. Berak eman zizkidan zuen izenak.

— Zer? — dio Patek asaldaturik —. Nork egiten ari zaizu xantaia?

— Ez dakit bere izena. Bere inizialak bakarrik dakizkit.

 

«Madarikazioa. Banekien, banekien !»

 

—E.N., ezta? —dio Lukek, begiak Spikengan tinko finkatuz.

—Nola jakin duzu? —dio Spikek jauzi batez zutituz.

 

Lukek ez dio bere galderari erantzuten.

 

—Kontaiguzu dakizun guztia.