III KAPITULUA

HITZ EGIN BEHAR DUGU

 

—Zer egin erabaki behar da. Edo ea zerbait egingo dugun.

Luken eta bere lagunen aurpegia poema bat da. Errepidean Spike bere BMXaren gainean joaten ikusten duten bitartean, hiru gazteek soropilean eserita jarraitzen dute, bide ertzean. Spikeren kontakizunak dio duela aste batzuk gutun bat jaso zuela bere etxean. Asko harritu omen zen, zeren gaur egun inork ez du gutunik bidaltzen, eta hura ireki zuenean, ezezagun batek idatzitako testu labur batekin egin zuen topo. Testuan, ezezagun horrek Spikek sekretuan zeraman zerbait ezagutzen zuela adierazten zuen eta hura ezagutzera emateko prest zegoela, salbu eta “eskaera sinple” batekin Spikek laguntzeko prest agertzen bazen. Gazteei ez zien zehaztu zer zen, baina, hain zuzen ere, E.N.ek haren sekretua ezagutzen zuen.

 

«Timmy Sachekin egin zuen gauza bera. Jendea manipulatzeko erabiltzen duen modua da»

 

Xantaiari amore ematearekin ados bazegoen, bera bakarrik aurkeztu beharko zen udaletxeko eskaileretan, hurrengo egunean, eguerdiko 12etan, eta jarraibideen zain egon beharko litzateke.

 

Spike bertaratu zenean ez zen inor agertu bere bila. Zain egon zen, minutuak pasa ziren, baina ez zen ezertxo ere gertatu. 13:00ak aldera, Spikek nahikoa zela erabaki zuen eta bere etxera itzuli zen. Agian, dena gustu txarreko txantxa bat izan zela pentsatu zuen, baina hurrengo egunean… beste gutun bat. Oraingoan, Spikek zer bilatu behar zuen eta non bilatu behar zuen azaltzen zuen zehazki. Bertan ere, bien artean komunikatu ahal izateko, Spikek  udal liburutegiko liburu oso zehatz baten barruan ohar bat utzi beharko zuela azaltzen zuen, “El arte de la guerra”, Sun Tzurena… eta hamabost eguneko epea ematen zion hori egiteko.

 

Hasierako shockaren ondoren, Spike bere bilaketarekin hasi zen, baina ez zuen lortu. Bila eta bila ibili zen, baina ez zuen E.N.ek eskatutakoaren arrastorik aurkitu. Hamabost eguneko epea hurbiltzen zen heinean beldurra areagotzen hasia zen, eta albiste txarra idazteko garaia bete eta iritsi zenean, liburutegian bere xantaiariarekin topaketa desatsegina izango zuela uste izan zuen. Baina ez zen horrela izan. Oharra liburuaren barruan utzi, eta alde egin zuen.

 

Biharamunean, gutuna berehala iritsi zen. Bertan, gure lagunen izenak irakur zitezkeen eta bukaeran mezu argi bat azaltzen zen.

 

“Bila itzazu eta konbentzi itzazu zure bilaketan lagun diezazuten. Bestela, zure sekretua ez du sekretu izaten jarraituko”.

 

Gazteek txundituta entzun zuten kontakizuna, hitzik esan gabe eta elkarren artean apenas begiratu gabe. Zer egin erabakitzeko denbora pixka bat eskatu zioten Spikeri, eta haren telefono zenbakia eskatu ondoren, agur esan zioten.

 

—Ez dakit hau egin nahi dudan —hasi da esaten Luk, zutik jarri eta eskuak galtzetako poltsikoetan dituela bere lagunei begira dagoen bitartean. Une horretan, Patek burua biratzen du hari begiratzeko eta erantzuteko.

 

—Baina Luk! Ezin dugu Spike horrela utzi, ez al duzu uste? Ez dakigu zer ondorio pertsonal izango dituen bere aginduan huts egiten badu. Eta laguntza eskatu digu, Luk.

 

Lukek ez du berehala erantzuten, bere lagunari begirada txiki bat botatzen dio eta gero begirada jaisten du bere zapatilei begira geratuz.

 

—Berez, bera da laguntza eskatzen diguna, Pat. Ez al duzu ulertzen? Spikeri laguntzen badiogu, Nordani laguntzen diogu, eta sentitzen dut Spikengatik, baina Nordan ezagutu berri dugu eta harekin kolaboratzea ez da gogoko dudan zerbait. Pertsonaia maltzurra da, ez dakigu zeren bila dabilen, ezta zergatik ere. Eta badakigu ere, edozer gauza egiteko gai dela nahi duena lortu ahal izateko.

 

Patek ez du erantzuten, Spikeren egoerak mina eragiten dio, baina badaki Lukek, funtsean, arrazoia duela. Ez du ahazten Evanek oroimena ezabatu zien une hura, eta badaki hori egiteko eta askoz gehiago egiteko gai izango litzatekeela, bere planak lortzeko behar izango balu.

 

—Bizkorragoak gara.

 

Ben jauzi batez zutitu egiten da eta besoak gurutzatuz Luk eta Pati begira geratzen zaie.

 

—Egin dezakegu. Behin egin genuen. Irabazi egin genion, eta berriro irabaziko dugu —dio Benek, segurtasun harrigarriz—. Luk, zu oso behatzaile eta analitikoa zara, besteek ikusten ez ditugun gauzei zuk erreparatzen diezu. Pat, zu hiruretatik argiena zara, eta hobetzeko gaitasun izugarria duzula erakutsi duzu. Eta, gainera, nik…

 

—Edonor izoztuta uzten duten txisteak kontatzen dituzu zuk! Arma hilgarria dira zure txisteak! —dio Patek, barrez makurtuta.

 

—Oso barregarria Pat, oso ba-rre-ga-rri-a… —erantzuten du Benek bere laguna seinalatuz—. Beno, zer diozue? Ez al duzue uste arrazoi dudala?

 

Begiradak Luk aldera zuzentzen dira, hura denbora luze batez ezpainari hozka egiten ari zaion bitartean, eta segundo batzuk behar izan ditu lagunak isilik begira ari zaizkiola konturatzeko.

 

—Zergatik begiratzen nauzue horrela? —dio aldi berean besoak zabalduz.

—Tira Luk, zu bakarrik falta zara —dio Benek—. Zer pentsatu duzu?

Gogoz kontra, erantzun egiten du.

 

—Baina zuek ondo pentsatu al duzue? Ben, egun batzuk barru zu autokarabanan joango zara oporretan, ez zara hemen egongo.

 

—Ea, nik oraindik ez dakit noiz joango naizen —erantzuten du Benek—, nire aitak oraindik autokarabana bat aukeratu behar du, eta abisatzen dizuet ez dela erraza izango; autokarabana profilatuen, kaputxinoen, integralen artean aukeratu behar du, eta gero hibridoak, elektrikoak, 4×4… izan daitezke.

 

—Ados, Ben, imajinatzen dut —mozten dio Lukek—. Eta zu, Pat? Astelehenean udako interpretazio ikastaroa hasiko duzu, ezin izango diguzu lagundu.

 

—Ados, egia da. Baina egunean bi ordu besterik ez dira izango, goizean, gainerako denbora guztia zuekin egon naiteke. Ni ados nago Benekin, uste dut saia gaitezkeela —dio Patek, bere besoa Benen sorbaldetatik pasatuz, Benen poztasun-aurpegiaren aurrean.

 

—Gorroto zaituztet —dio Lukek.

 

—Ez da egia —erantzuten du Benek kopeta zimurtuz.

 

Luk Beni begira geratzen zaio une batez, eta gero Pati. Ematen ari den hozkadaren ondorioz beheko ezpaina zurituta geratu zaio.

 

—Ez, ez da. Ados, egin dezagun. Espero dut hau ondo irtetea, bestela… ez dakigu zeri egin beharko diogun aurre, lagunok. Nordan pertsonaia gaiztoa da, arriskutsua. Beti doa pauso bat besteen aurretik, eta ziur nago oraingo honetan ere ez dela desberdina izango.

 

—Tira —dio Benek bere bizikleta jasotzeko makurtzen den bitartean—; orduan, orain, zer egingo dugu?

 

—Hara! —dio garrasika Lukek, Pati begi bat keinatuz—, hain konbentzituta zeunden hau egiteko, eta ez duzu plan nagusirik?

Beno, nik nire trebetasun magikoak eta nire xarma pertsonala eskaini ditzaket, baina planak antolatzearena zuek biok zarete.

Pat bere bizikleta hartzeko Benen atzetik pasatzen ari dela, buruan zaplada bat emateko aprobetxatzen du.

 

—Luk —dio Patek—, Spikek bere telefono zenbakia eman dizu, ezta?

 

—Nire mugikorrean daukat, bai.

 

—Orduan, hurrengo pausoa berarekin elkartzea izango litzateke, zer bilatu behar dugun jakiteko eta orain arte zer pauso eman dituen konta diezagun. Informazio guztia behar dugu, ez dakigu zehatz-mehatz non ibili den ikertzen, ezta Evanek zer bilatu behar duen eskatu dion ere.

 

—Ados nago —dio Lukek—, bihar goizean nire etxean elkar gaitezke, ondo iruditzen bazaizue. Nire gurasoak lorategian egongo dira lanean igandero bezala, beraz, lasai egoteko aukera izango dugu. Eta Spikerekin hitz egin ondoren, plan bat antolatuko dugu.

 

—Plan ona da —dio Benek, keinu serio batekin Luki begira geratuz—, baina galdera garrantzitsu bat egin behar dizut.

 

—Noski, esan —erantzuten du Lukek, harrituta.

 

—Uste duzu bihar ere azenario tarta izango dela zure etxean?

 

—Ben Murdock! —garrasi egin du Patek, bizikleta soropilera erortzen utziz—, Ez duzu erremediorik!

 

Barre algara batzuen ostean, hirurak euren bizikletak jasotzen dituzte eta bakoitza bere etxera abiatzen da. Lehenengoa Pat da zumar zaharreko bidegurutzeko desbideratzea hartzen duena, eta minutu batzuk isilpean pedalei eragin ondoren, Luk bizikletatik jaisten da, Ben agurtzen du eta bere lorategiko sarreran geratzen da, bere laguna joaten ikusten duen bitartean. Ibilbide guzti horretan, era guztietako galderak egin dizkio bere buruari eta egoera desberdinak irudikatu ditu.

 

«Ez dakit ideia ona den, baina erabakita dago»

 

Luk etxeko atera daraman eta asfaltatuta dagoen bidetik ibiltzen hasten da, eskuineko eskuarekin bizikleta bultzatuz. Bidetik pasatzean, sakonera gutxi duten eta bidearen alde bakoitzean dauden bi lubakiren parera iristean gelditu egiten da, bertan Lena eta Louis lorategiko soropilean lanean ari baitira. Udako beroa hasi da nabarmentzen egun hauetan, eta tenperatura dagoeneko atsegina baino atseginagoa da ordu hauetan.

 

—Kaixo, hemen naiz —dio Lukek.

 

—Kaixo, laztana —dio Lenak, begiak altxatuz eta kopetako izerdia bere eskugainarekin lehortuz—, ez zaitut iristen entzun. Zer moduz Paten antzezlana? Dena ondo irten al da?

 

—Primeran, ama, sekulako arrakasta izan du

 

—Pena handia eman digu emanaldia galtzeak, baina ikusten duzu zenbat lan daukagun hemen —dio Louisek, lurra lisatzeko erabiltzen ari den eskuarea askatuz eta hankak gurutzatuz belarrean atseden hartzera esertzeko.

 

—Bai, ikusten dut… hemen jarriko dituzue bihar landare berriak?

 

—Bai laztana—dio arnasestuka du Louisek —, hortentsiak eta erneguak. Guri laguntzeko astirik izango al duzu?

 

Luki barrenak erdi astindu zaizkio.

«Pentsatu, Luk, pentsatu»

 

—Ba… bihar … hemen etxean geratu naiz lagunekin, ez zaizue axola, ezta? Gutxi geratzen da opor aurretik elkar ikusteko, eta ez Pat ezta Ben ez dira hemen egongo egun pila batean… —Lukek esaldia airean utzi eta bere pena aurpegi onena jartzen du bere gurasoak konbentzitzeko.

 

—Bale Luk, ez kezkatu —dio Lenak —, ziur Laurak lagundu ahal izango digula. A! Ahaztu egin zait esatea! Datorren ostiralean igerilekuan hasiko zarela baieztatu didate. Ados? Louis, horrek gogorarazten nau eguzkitako krema erosi behar dugula mutil honentzat, bestela karramarro bat bezain gorri jarriko zaigu lehenengo egunean.

 

—Egia, gaur arratsaldean bertan hurbilduko naiz farmaziara kremaren bila. Baina noren antza izango ote du mutiko honek hain azal argia edukitzeko?

 

—Zuri, ergel hori.

 

—Egia da! —Dio Louisek, irribarrez, lurretik astiro altxatzen den bitartean. Hainbeste denbora egon da lanean uzkurtuta, izugarri kostatu zaiola berriro zuzen jartzea.

 

—Seme —esan dio Luki—, ez zaitez inoiz zahartu, tranpa bat da!

 

—Kontutan izango dut, aita.

 

—Tira, utzi bizikleta eta zoaz barrura, berehala bazkalduko dugu —dio Lenak.

 

Bai, banoa, Ama. Bide batez, bihar, agian, ikasgelako beste ikaskide bat ere etorriko da etxera, ados?

 

—A, bai? Ezagutzen al dut?

 

—Ez, ez dizuet inoiz aipatu, Spike du izena.

 

—Spike?

 

—Beno, James da. Baina nahiago du Spike deitzea.

 

—Ados, ba Spike orduan —dio Lenak, irribarrez—. Tira, hemen pare bat gauza bukatuko ditugu eta bazkaltzera goaz. Aizu, eta gainera postrerako azenario tarta egin dut berriro, bukatua zegoen eta.

 

«Badakit ni baino gehiago nor poztuko den»