V KAPITULUA

BILAKETA

 

Adostutako ordua iristear dago, eta gure lagunak Brighton ikastetxeko atarian daude jada. Oraingoz itxita dago, baina argi batzuk ikus daitezke barruan. Eskaileretan eserita, isilik daude ukondoak belaunen gainean dituztela eta burua eskuen artean. Eguna duela gutxi argitu du, eta hain goiz izan arren,  eguna beroa izango dela nabaritzen hasi da.

 

Lukek astuntasuna sentitzen du begietan, eta etengabe igurzten ditu bi eskuekin. Bart gauean lo hartzea asko kostatu zitzaion eta lortu zuenean, iraganeko gertakari asko bere ametsetan berpiztu ziren.

 

«Aspaldian ez nuela horretan hain sakon pentsatzen, burua hotz mantendu behar dut .»

 

Minutu batzuk igaro ondoren, Ben zutitu egiten da, besoak luzatzen ditu eta aharrausika hasten da, lo luze batetik esnatu berria egongo balitz bezala.

 

—Beno, zortziak eta hamarrak dira jada, eta Spikeren arrastorik ez —dio, sabelean hazka egiten duen bitartean—. Zerbaitek esaten dit ez dela planeta honetako tiporik puntualena.

 

Bat-batean, gure lagunen atzean karraska handi bat entzuten da eta denak biratu egiten dira, ikaratuta. Eskolako bedela da, ate handia ireki berria du, eta une batez gure lagunei begira geratu da, estralurtarrak balira bezala. Gero, berriro barrura itzuli da sorbaldak goratuz.

 

—Ama maitea, a ze sustoa —dio Patek—. Lo samar banengoen, honezkero esnatu naiz.

 

—Kaixo! Zer moduz?

 

Berriro hirurak biratu egiten dira, bihotza gorputzetik ateratzeko zorian dutela.

 

—Akabatuko zaitut, Spike —dio berriro Patek, sorbaldan zaplada bat emanez—. Nondik atera zara? A ze sustoa eman diguzun.

 

—Barkatu, ni beti kemen handiarekin jaikitzen naiz eta, Zuek ez hala?

 

—Eta eguna hasi besterik ez da egin —dio Lukek, arnasestuka—. Ea ba, ikus dezagun. Behar dugun guztian al daukagu? Marrazkiak? Linternak? Badakigu bakoitzak zer egin behar dugun, ezta?

 

—Nik ez —dio Spikek—. Ikastetxe hau izugarri handia da, ez duzue espero izango nik bakarrik kanpoalde guztia miatzea zerbait aurkitzeko esperoan, ezta?

 

—Beltxarga edozein lekutan egon daiteke —erantzuten du Lukek, pixka bat aztoratuta—, horma batean, lurrean, zuhaixka batzuen atzean… eta edozein forma eduki dezake; laua izan daiteke, erliebea eduki dezake, teilatuko gargoletako bat izan daiteke edo lauza batean marraztuta egon daiteke. Arranopola, ez dakigu ezer, beraz, bai, leku guztietan bilatu behar da.

 

—Ok, ok —dio Spikek esku-ahurrak erakutsiz—, ulertu dut.

 

—Tira —jarraitzen du Lukek—, esan bezala… badakigu zer egin behar dugun, ezta?

 

—Bai —dio Benek, beso bat altxatuz—, ni liburutegira noa. Beheko solairutik hasiko naiz miatzen, ordenagailu-gela izan ezik hori modernoena baita.

 

—Primeran, Ben —erantzuten du Lukek—. Pat?

 

—Nik pentsatu dut ekitaldi-aretoan eta kamerinoetan bueltatxo bat ematea, saioak bederatziak arte hasten ez direnez eta bertan jende gutxi egongo dela aprobetxatuz.

 

—Oso ondo, nik goiko solairuko geletan eta gimnasioan begirada bat botako dut —dio Lukek sakelatik bere mugikorra ateratzen duen bitartean—. Mugikorrean talde bat sortu dut, berriren bat balego komunikatuta egon ahal izateko. Atera argazkiak susmagarria iruditzen zaizuen edozein gauzari. Oso garrantzitsua da edozein xehetasunean arreta handia jartzea. Atzo esan genuen bezala, lastategi batean orratz bat bilatzea bezala da. Pat, hamarretan zure klasea bukatzen duzu, beraz, berririk ez badago, ordu horretan elkartuko gara areto nagusiko atean eta dena nola joan den komentatuko dugu.

 

Hori esan ondoren, gazteak sarrerako aterantz abiatzen dira, Spike izan ezik, une batez Brighton ikastetxeko adreilu gorrizko fatxada ikaragarriari begira geratu dena.

 

—Gora begiratzeagatik lepoak min ematen dit, eraikin hau izugarri handia da —dio bere baitarako—. Eta orain nondik hasiko naiz?

 

Gehiegi pentsatu gabe, ate nagusiko ezkerraldera joan da eta eraikina inguratzen hasi da, hormatik ahalik eta hurbilen, gora eta behera begira.

 

«Eskerrak ez dagoela apenas inor hemen, oraintxe bertan ergel edo lapur baten itxura dudala esango nuke»

 

Ikastetxeko fatxadaren behealdean landaredia agertzen da zatika, bai zuhaitzak eta baita adreilu gorriari itsatsita igotzen diren landare igokariak ere, batzuk bigarren solairutik baino haratago iritsiz. Spike maiz gelditzen da, landarediaren atzean ezkutatuta egon daitekeen xehetasunen bat ikusten saiatzeko, baina momentuz ez du ezer arrarorik sumatzen. Hala ere, Lukek esan dion bezala, noizean behin mugikorra ateratzen du leku jakin batzuei argazkiak egiteko, gero lasaitasun handiagoz berrikusteko.

 

Hogei bat minutu igaro ondoren, ikastetxeko hegoaldeko fatxadan dago jada, pista batera eraman dezakeen ezer aurkitu gabe. Begiekin ikusten diren beirateetako irudiek ere ez dute inolako hegazti espezieren antzik iradokitzen. Leiho baxuen azpian dauden latinezko inskripzio batzuk baino ez ditu aurkitzen.

 

—Tira, ez dira txoriak, baina ez dakit zer gehiago begiratu —dio kamerako botoia sakatzen duen bitartean.

 

Bere denbora hartu duen arren, handik gutxira Spikek jada buelta osoa eman du, emaitza berezirik gabe. Erlojuari begiratzen dio, eta, hitzartutako ordua iritsi arte oraindik denbora asko geratzen dela ikusten du. Eskolara sartzeko dauden eskaileretan eseri eta motxila miakatzen hasten da, aluminiozko paperean bildutako zerbait aurkitu duen arte.

 

—Eskerrak jateko zerbait ekarri dudala, gose handia ematen dit goiz jaikitzeak eta.

 

***

 

Bestetik, Benen helburua liburutegi zaharra da. Bere egurrezko ate handiraino eramaten duen korridoretik, duela hilabete batzuetan gertatutako gertakariak berpizten hasten da.

 

«Hau da sute handian suntsitutako ikastetxeko zatia. Lukek kontatu zigunez, Nordanen aita izan zen hori eragin zuena, eta gero liburuzain zaharrari egotzi zion errua, eta kaleratua izan zen. Uste dut berdin dela zenbat aldiz etorriko naizen hemendik, ez dut inoiz lehen ikusten nuen bezala ikusiko.»

 

Sarrerako atera iritsita, une batez haren aurrean gelditu da, arnasa sakon hartu eta zirt edo zart bultzatu egin du, eta atea intziri txiki batez ireki da. Sartu denean, liburutegia itxuraz hutsik dagoela ikusi du Benek, baina, atzealdean, Murphy jaunaren mahai gainean lanpara txiki baten argi horixka ikus daiteke.

 

«A ze isiltasuna, beldur handia ematen du hemen bakarrik egoteak»

 

—Beno, nik neurearekin jarraituko dut —esaten dio bere buruari, adore pixka bat hartzeko—, hemen azpitik hasiko naiz.

 

Esan zuen bezala, Benek ez du ordenagailu-gela arakatuko instalazio modernoa delako, eta, beraz, erdiko korridoretik abiatzen da, ezkerreko eta eskuineko alboko gela guztietan sartuz, eta sarritan gelditzen da interesgarria iruditzen zaion guztiari argazkiak egitera; Erretratuak, bustoak, moldura bitxiak, forma bitxiak dituzten fantasiazko lanparak… oraingoz, itxuraz ez du beltxargekin zerikusirik. Beheko solairu osoa aztertu ondoren, Murphy jaunaren mahaiaren parera iristean gelditu egiten da. Hutsik dago, lanparagatik izan ezik, piztuta jarraitzen duela, eta zirriborroz betetako koaderno batengatik izan ezik. Eta liburuzain zaharra ez dago inon.

 

«A ze letra, ez dakit nola ulertzen duen berak ere»

 

Une batzuen ostean, mahaia atzean utzi du eta goiko solairura daramaten eskaileretarantz doa. Mailak igotzen dituen bitartean, ezin du saihestu dimentsioen arteko atarirako sarbidea ematen duen gelan pentsatzea, eta zuzenean bertaraino doa, beste geletatik pasatu gabe.

 

Iristean, egiten duen lehenengo gauza esku-ahurra egurrezko mahaian jartzea da eta gora begiratu, eta segundo batzuetan bila ibili ondoren, ikusi egiten du. Goialdean, beste liburuki batzuen artean, han jarraitzen dute, zazpi liburuak, eta haien artean, gela sekretua irekitzen zuen mekanismoa aktibatzen zuen liburua, arranoari eskainitako liburua.

 

—” Munduko hegazti harrapariak”. Beno, beltxarga ez da hegazti harraparia, hori argi dago. Baina kontua da… ez, ez, ez. Hobe ez baditut ukitzen, agian hanka sartu dezaket eta.

 

Horretan pentsatzean, arnasketa astintzen zaio, eta hankak dardarka dituela sumatzen du. Baina ez da hori bakarrik, hankan zerbaitek ukitzen duela nabaritzen du.

 

«Ama maitea, Ben, burutik gaizki zaude. Lasai mantendu, irudimenak jokaldi txar bat egiten ari zaizu»

 

Arnasa sakon hartzen du eta segundo batzuk ematen ditu lasaitzeko. Hala ere, une batzuen ondoren, berriro beste hankan sentitzen du, eta, beraz, lurrera jaisten du begirada.

 

—A!! Zer da hau? Zer daukat?

 

Benek jauzi txiki bat egiten du atzerantz, hankak uzkurtzen dituen bitartean, eta erorketa barregarri bat eragiten du lurrera eroriz bere ipurdia egurrezko zoruan amaituz. Arin, begiradarekin zergatik erori den bilatzen du, eta orduan, ikusten du.

 

—Purrrr…

 

—Miss Marple! Izutu egin nauzu! Tira, etorri hona, laztan batzuk egingo dizkizut zuri gustatzen zaizun bezala, e?

 

—Kaixo?

 

Benek bere atzean duen apalategiaren kontra jotzen du burua, eta izuaren ikaraz betaurrekoak lurrera erortzen zaizkio. Burua altxatzen du, baina betaurrekorik ez dituenez, irudi lauso eta ilun bat besterik ez du ikusten. Azkar, lurra haztatzen du betaurrekoen bila,

 

baina ez ditu aurkitzen. Miss Marple Benen altzotik altxatzen da eta betaurrekoak katemearen bizkarrean sartuta daudela konturatzen da.

 

—Miss Marple, ez zaitez mugitu!

 

Ben katuka ibiltzen hasi da Miss Marple harrapatu nahian, baina Miss Marple irudi lausoarengana abiatu da berehala. Irudi lausoa Benen betaurrekoak jasotzera makurtu da Benek eszenari begira lau hankatan jarraitzen duen bitartean.

 

—Brown andereñoaren laguna zara, ezta?

 

Ben lasaitu egiten da liburuzain zaharraren ahotsa entzunda, eta lasaitasunezko putz bat botatzen du. Liburuzainak betaurrekoak hurbiltzen dizkio eta Benek kristalak alkandorarekin garbitu ondoren jantzi egiten ditu.

 

—Murphy jauna! Bai, Ben naiz —dio, astiro jaikitzen den bitartean, eskuekin prakak garbituz—, ikusten dut nitaz oroitzen dela. Inon ikusten ez zintuztedanez, liburutegian bakarrik nengoela pentsatu dut.

 

—Beno, zuentzat jada oporraldi garaia dela aprobetxatuz, liburuzain xume honek inbentarioa egiten eta dena bere lekuan dagoela berrikusten ematen du bere denbora. Jakin al dezaket zeri zor diodan zure bisita atsegin hau?

 

«Arranopola!, zer esango diot nik orain ?»

 

—Eeem… ba begira… beltxargekin zerikusia duen zerbaiten bila nabil! Hori da, beltxargak. Ez duzu ezagutuko horretaz hitz egiten duen libururen bat? Ez da ezer berezirengatik, gertatzen da atzo dokumental bat ikusten egon nintzela, eta beno, jakin-mina sartu zitzaidan. Ba al zenekien 100 km/orduko abiaduran hegan egin dezaketela? Animalia apartak dira…

 

—Beltxargak? —dio liburuzainak kokotsari hazka eginez, harrituta —. Ba, egia esan, horrela, bat-batean, ez zait ezer bururatzen. Ez da gauza bera, baina uste dut hemen hegazti harrapariei buruz hitz egiten duten liburuki batzuk daudela, nahi duzu ekartzea eta…?

 

—Ez!! —Benek uste du bihotza bularretik aterako zaiola. Murphy jauna apal horretarantz zihoala, bat batean gelditu da, harrituta—. Ez kezkatu, benetan. Argi dago ez dela bilatzen dudana, eskerrik asko. Inbentarioa ondo joan dadila, Murphy jauna!

 

Hori esaten duen bitartean, Benek azkar-azkar buelta ematen du liburuzaina eta bere katua bertan utziz, eta Ben atzera begiratu gabe nola urruntzen den begira geratzen dira haiek. Izan ere, Ben ez da geratzen goiko solairuaren gainontzekoa arakatzera, eskailerak jaisten ditu eta ziztu bizian doa korridore nagusitik irteerarantz.

 

—A ze mutiko bitxia, baietz, Missy?

 

—Purrr….

 

***

 

Bitartean, Luk ikastetxeko goiko solairuan dago, erabat hutsik dagoen korridore handi bat zeharkatzen, gogo handirik gabe gela gehienak itxita daudelako, eta irekita dagoen gela bakarra garbiketarako produktu eta tresnekin beteta dagoen gela txiki bat da. Astiro dabil, eskuak poltsikoetan dituela, leihoetako beirateei eta ganga-formako sabaiari begira, ezer berezirik aurkitu gabe. Gimnasiora iritsi aurretik, ate berezi samar baten aurrean gelditzen da, besteak baino zaharrago eta gastatuagoa dena.

 

—Hara, badirudi ate honek historia duela, zirriborroz eta zorrotza den zerbaitekin egindako izenez beteta dagoela.

 

Puska batean hari begira egon da, baina ez dago ezer deigarririk. Atea irekitzen saiatu da, baina heldulekua ez da mugitzen. Itxita.

 

Lukek ateari argazkia ateratzen dio mugikorrarekin eta gimnasiora abiatzen da. Bultza egiten dio, baina ez da mugitzen. Ate honek leiho biribil bat dauka, beraz, kristaletik begiratzeko makurtu egiten da. Ikastetxeko arranoa duen armarria erabilera anitzeko kantxako lurraren erdian bereizten da. Luk koltxonetak eta gimnasia egiteko hainbat tresna dituen eremu batera zuzendu du begirada. Hori da handik ikusten duen gauza bakarra. Ezertxo ere ez ….

 

Etsita, korridoretik itzultzen da, zirriborroz betetako ateari zeharka begiratuz, eta astiro ibiltzen da beheko solairuetara eramaten duten eskaileretatik bereizten duen espazioan zehar. Bidean, bere buruari galdetzen dio etengabe ea zer gertatuko den ezer aurkitzeko gai ez badira. Zer errepresalia izango ditu Spikek? Zer egingo du Nordanek? Funtsean, Nordanek bilatzen duena ez aurkitzea agian ez dela hain txarra pentsatzen du.

 

«Auskalo ze azpikeriatan dabilen. Ezin da batere ona izan»

 

Beheko solairura iritsi baino lehen azken eskailerak jaisten ari dela, Ben ikusi du ziztu bizian bere aurretik pasatzen, Deabrua atzetik dabilkiola dirudi.

 

—Ben! Ondo al zaude?

 

—Aaah! Nork…? Ene ama, Luk, izutu egin nauzu!

 

—Beno, aurpegi gorria zenuela ziztu bizian pasatzen ikusi zaitut, eta zerbait gertatu zaizula uste nuen …

 

—Hobe gero kontatzen badizut, bihotzak bularra jotzeari uzten dionean, hemen barrutik alde egin nahiko balu bezala —dio Benek, hormaren kontra arnasa berreskuratzen duen bitartean.

 

—Bale, lasai. Bederatziak jotzear daude, eta Pat bere saioarekin berehala hasiko da. Ze iruditzen zaizu Spike kanpoan bilatzen badugu eta aurkitu dugunari buruz hitz egiten badugu?

 

—Ados, goazen kanpora, ondo etorriko zait kanpora ateratzea aire pixka bat hartzeko. Hala ere, aurreratzen dizut katu gehiago ikusi ditudala beltxargak baino.

 

«Beno, zuk behintzat katu bat ikusi duzu, nik ezta hori ere»