ZAINDARIAK
—Ez kezkatu nire kideengatik —dio kioskoko-saltzailea gazteak lasaitzeko—, zuekin hitz egin nahi dugu, besterik ez. Marvin dut izena, eta hauek Murray anaiak dira.
—Hauek —dio Lukek, bere lagunak banan-banan seinalatuz—Pat, Ben eta Spike dira. Nik Luk izena dut. Luk Dawson.
Begirada atzeraka botatzean, anaiengana, bularrean beltxarga duen intsignia daramatzatela konturatzen da Luk, kioskoko saltzailea bezala.
—Patterson ikastetxearekin harremanik baduzue? —dio Benek, haren bularra seinalatuz—. Daramazun intsignia hori ikastetxearen ikurra da, ezta?
—Hala da, mutiko. Urrezko beltxarga. Patterson ikastetxeko armarriaren ikurra hainbeste urtez… izateari utzi zion arte.
Marvinek bere bularrera begiratzen du eta nostalgia keinu batekin beltxarga metalikoa ukitzen du.
—Harira joango naiz, ez baitago denbora galtzerik. Murray anaiak eta ni neu, Patterson ikastetxeko zaindariak gara. Bai, urteak dira jada ikastetxea zutik ez dagoela, baina oso ondare zabala dauka, eta gu arduratu gara ondare hori babesteaz, ateak itxi zituen unetik.
«Horrek esan nahi du Patterson ikastetxeari dagozkion medailoia bezalako objektu gehiago egongo direla?»
—Badakigu Erlikia bere lekutik lapurtu dutela, eta hori arazo bat da, ziur dakizuenez oso objektu boteretsua da. Noraino dakizue gai honi buruz? Eta egia esatea nahi dut…
—Nola dakigu zuengan konfiantza izan dezakegula? —dio Lukek, bizi izan duten guztiaren berri emateko errezeloak erakutsiz.
—Gugan konfiantza eduki beharko duzue. Nor garen eta zer egiten dugun azaldu dizut. Uste dut denok talde berean gaudela, baina, lehenik, hori ziurtatu behar dugu, eta bigarrenik, zuen ezagutza noraino iristen den jakin behar dugu.
Gazteek elkarri begiratzen diote eta buruarekin baiezkoa egiten dute.
—Ondo da, dakiguna kontatuko dizuegu —dio Lukek, hasperen eginez.
—Egia esan, dena duela hilabete batzuk hasi zen. Gure ikastetxean desagerpen bat egon zen, eta hori ikertzea erabaki genuen.
—Une batez —mozten du Marvinek—, zein ikastetxez ari gara?
—Brighton ikastetxea.
Kioskoko saltzaileak beste zaindariei zuzentzen dien begirada oso argigarria da.
—Jarraitu, mesedez. Hau interesatzen zaigu.
—Asko laburtuz, desagerpena ikertzen ari ginela, gauza sinestezin bat aurkitu genuen. Harrizko arku bat besterik ez zirudiena, beste pasarte sekretu batera zeraman eskolako liburutegiko apal baten atzetik.
—Atari moduko bat —dio Marvinek, emozio aurpegiarekin.
—Bai, nola dakizu? —galdetzen du Lukek, harrituta.
—Asko hitz egin da horretaz, zurrumurruak zeuden… baina ez genekien existitzen zenik. Eta funtzionatzen al du?
—Bai, hala uste dut —dio Benek—, primeran funtzionatzen du.
—Atariak, ezagutzen ez genuen leku batera eraman gintuen, baina han aurkitu genuen galdutako mutila, eta han jakin genuen nor zegoen guzti honen atzetik. Evan Nordan du izena.
—Ziur al zaudete mutilak Nordan izena duela? —dio kioskoko saltzailea, kezka aurpegiarekin.
—Erabat —erantzuten du Patek. Brighton ikastetxeko ikaslea zen.
Marvin eta Murray anaiak elkarri begira geratzen dira, informazioa bereganatu nahian.
Gertaera horren ondoren —jarraitzen du Lukek—, hilabete batzuk egon ginen haren berririk eduki gabe, baina duela egun batzuk Spikekin jarri zen harremanetan xantaia egiteko. Bere asmoa medailoia lortzea zen. Ez zekien non zegoen, baina hura aurkitzeko eskolan bide bat bazegoela susmoa zuen. Gure eskolara sartzerik ez zuenez, gu tartean inplikatu gintuen eta lana guk egin genezan bere plana antolatu zuen. Jakina, hori orain dakigu. Guk Spikeri lagundu nahi genion, besterik ez. Ez genuen imajinatzen zein izango zen medailoiaren boterea, ezta Evanek zertarako nahi zuen ere.
—Guk jakin gabe jarraitu genuen —dio Benek, esku bat altxatuz—. Ondo legoke denoi informazio eguneratua ematea Luk.
—Agian nik argi pixka bat eman diezazueket horri buruz —dio Marvinek, betaurrekoak erantzi eta begiak igurtziz, nekearen keinua eginez—. Erlikiak aktibatzen duen pertsona denboran zehar garraiatzeko ahalmena du.
—Ai ama —oihu egiten du Spikek ozenki—. Hain gauza txikiak horrelakorik egin al dezake?
Pat, Ben eta Spikeren aurpegia guztiz harridurakoa da. Elkarri sinesgogor begiratzen diote, baina Luk lasai jarraitzen du, izan duen esperientziagatik badaki medailoiak zer egiteko gai den.
—Egin dezake —dio Lukek—. Hori esan nahi nizuen lehen. Evanek Erlikia aktibatu du eta denboran atzera eraman nau, baina ez dakit zenbat. Patterson ikastetxeko liburutegi zaharra ikusi ahal izan dut, bere ikasleak ikusi eta entzun ditut, baina haiek ez ninduten ikusten ezta entzun ere. Oso arraroa izan da, baina benetakoa. Oso erreala. Eta gutxi iraun du, ez nuke jakingo esaten zenbat denborarako izan den.
—Esku artean ditugun idatzien arabera, minutu zehatz bat —dio Marvinek—. Zaindariok badakigu medailoia non dagoen eta zer gaitasun dituen, baina ezin dugu erabili. Orain zuei esker badakigu idatziek zioten bezala funtzionatzen duela.
—Bai, hori iruditu zait niri —dio Lukek—, minutu bat gehiago edo gutxiago. Kontua da, denbora amaitu ondoren, komunean bakarrik nengoela ikusi dudala, hau da, Evan medailoiarekin joanda zegoela. Jatetxetik irtetean, kalean, nire lagunak ikusi ditut lurrean.
Kioskoko saltzaile zaharrak betaurrekoak jantzi eta ikusmena jaisten du.
—Zoritxarrez, zuei esker ere, Erlikia esku txarretan geratu da. Ez da lehen aldia Nordan batek tramankulu horiek bereganatzen saiatzen dela…
Mutilek elkarri begiratzen diote, eta Lukek amorru-ziztada bat sentitzen du barruan, Evan haraino gidatu dutelako eta medailoia lapurtzen utzi diolako.
«Bere interesetarako erabili gaitu, direnak direla»
—Sentitzen duzuen desengainua zuen aurpegietan ikus dezaket —dio Marvinek, adiskidetze-tonuan—. Badakit zuen asmoa ona zela, zuen laguna jasaten ari zen xantaiatik libratzen lagundu nahi zenioten, eta hori oso goragarria da. Konbentzituta nago, halaber, ez zenekitela Erlikiaren existitzen zuenik, ez eta haren botereaz.
Guk ere gure eginkizunean huts egin dugu, baina orain elkarrekin lan egin behar dugula pentsatu behar da, bai hala bai erlikia berreskuratzeko. Gure betebeharra da eta elkarrekin egin behar dugu. Gurekin al zaudete?
Gazteek ez dute zalantzarik, eta berehala onartzen dute. Azken finean, Luk nolabaiteko lasaitasuna sentitzen du gertatutako guztia konfiantzaz partekatzeko norbait duelako. Tramankulu zoragarri horiek ezagutzen dituen norbait, pauso bakoitzean sortzen zaizkien galdera ugariei erantzunak lortzen lagun diezaieke.
«Orain badakit ez gaudela bakarrik honetan, eta horrek sekulako pisua kentzen dit bularretik»
—Primeran —dio Marvinek—, orain dugun egoera aztertu behar da eta Erlikia berreskuratzera eramango gaituen plan bat taxutu behar dugu. Leku seguru batean gorde behar da berriro, bere helburu partikularretarako inork erabil ez dezakeen leku batean.
—Orain arte dakigunez —hitz egiten du Patek—, Evanek duen motibazioa bere aita aurkitzea da. Guri gertatzen zaigun bezala, berari ere istorio honetako puzzlearen piezak falta zaizkio eta badirudi medailoia erabiliz aurkitzen saiatuko dela.
—Zuen lagunak egiaztatzeko aukera izan duenez, Erlikiak bere jabeari aukera ematen dio denboran atzera egiteko, ikusia izan gabe —dio Marvinek—. Baina leku jakin batean, iraganeko une batean gertatu zena ikusteko, leku horretan bertan egon behar da mekanismoa eragiten denean. Horrek galdera honetara narama: non uste duzue Nordanek medailoia aktibatzera joan nahi izan dezakeela?
Gazteak une batez pentsatzen geratzen dira, eta Pat da aurrena hitz egiten duena.
—Guk dakigunez, hainbat tokitara joan nahiko luke. Bere etxe zaharretik hasita, baliteke bertan izandako hainbat gertakari berriro bizi nahi izatea. Eta Brighton ikastetxearen barruan… ba leku desberdinak aukera ditzake; liburutegia, zigor-gela eta abar.
—Gauza bat segurua da —hitz egiten du du Lukek—, eskolara sartu nahi badu, ezingo du orain egin, itxita dago eta bihar arte ez dute berriro irekiko.
—Agian, oraintxe bertan, medailoia erabiltzen ari da han-hemenka eta bere helburuetarako informazioa biltzen —dio Benek, kopeta zimurtuz.
—Horri dagokionez… bada aipatu ez dudan gauza bat, eta garrantzitsua da —dio Marvinek—. Erlikia hamabi ordutik behin bakarrik aktiba daiteke. Elikatze-sistema autonomoa du, baina denbora tarte hori behar du berriz kargatzeko eta berriro erabili ahal izateko.
—Ez da segurua, baina baliteke berak hori ere jakitea —dio Lukek, buruari hazka eginez—. Hala bada, kontu handiz aukeratu beharko du medailoia non eta noiz aktibatu. Leku batekin apustu egin beharko banu, ikastetxea aukeratuko duela esango nuke.
—Orduan, zein da plana? —dio Spikek besoak zabalduz—. Zaintza jarriko al dugu eskolako atean, agertzen bada ere? Eta memoria ezabatzeko daraman tramankulu hori kliskatzen hasten bada, zer egingo dugu? 3D betaurrekoek erabilera mugatua dute, ezin dugu horren kontra gauza handirik egin.
—Itxaron —hitz egiten du Marvinek—, zer tramankulu da hori?
—Poltsikoko estalkidun erloju baten antzekoa da —erantzuten dio Lukek kioskoko saltzaileari, eta sorpresa nabarmena hartu duelaren keinu batekin entzuten dio—. Tapa irekitzen denean, koloretako argiak dituzten zirkulu batzuk eta oso argi indartsua sortzen duen zirkulu bat ikusten dira erdian. Argiak ikusten dituen edonork unean-uneko oroimena galtzen du. Horixe erabili du Evanek duela une batzuk nire lagunengandik ihes egiteko, nahiz eta haiek koloretako betaurreko batzuekin babestuta joan. Lehen zinemetan erabiltzen ziren horietako betaurrekoak. Dirudienez, memoria ezabatzea saihesten du, baina ez du babesten erdiko argiaren flasharen aurka, aldi baterako itsu uzten zaitu eta.
—Nire ideia izan zen —dio Spikek, irribarrez.
—Ez genuen tramankulu horren berririk —dio Marvinek, Murray anaiei begira—, horrek azaltzen du ikusi nuen argi indartsua, eta zure lagunak beren aurpegia aurrez aurre estaltzen, hartatik babesteko…
—Kontua da Evanek memoria ezabatzeko erloju bat duela, eta orain, iraganera eramaten duen medailoi bat ere bai —dio Patek—, eta guk… Guk ez daukagu ezer!
—Beno, agian guk zerbait lagundu dezakegu horren inguruan —Zaindari zaharrak keinu bat egiten die bere kideei eta Murray anaietako batek keinu bat egiten du bere galtza barruko poltsikoan zerbait bilatzeko. Atera egiten du eta Marvini ematen dio, eta honek gazteei erakusten die. Eskularru bigungarri bat da, baina ez da ohiko eskularrua baino askoz lodiagoa. Urre-kolorekoa da, eta ahurrean, erdialdean, tonu ilunago dituen bi zirkulu ditu.
—Bada Nordanek dituen tramankulu guztiek duten ezaugarri komun bat —dio Marvinek, eskularrua janzten duen bitartean—bere elikadura-iturri aparta da. Ez naiz orain xehetasun askotan sartuko, baina funtsean oso berezia den metal aleazio batez osatuta dago.
Eskularru honek metal horiek erakartzeko balio du, objektu horiek hainbat metrotatik ere harrapatu ditzakeen iman super indartsu baten moduan funtzionatzen du.
Adi egon; aktibatzeko, bi keinu egitea nahikoa da. Lehenik, hatz lodia eta hatz erakuslea elkartu behar dira, eta ondoren, keinua errepikatu behar da hatz lodiarekin eta hatz txikiarekin. Egiten duzuenean, metalen aleazio hori duen objektua zuzenean eskularrurantz joango da.
Zaindariak eskularrua kentzen du eta Luki ematen dio, honek buruarekin jaso duelaren keinua eginez, eskerrak emateko.
—Ondo. Eta orain, zer egin erabaki behar dugu —dio Patek, ingurura begira.
—Gu ezin gara barrura sartu, beraz zaintza jarriko dugu eskolako kanpoaldean goizeko lehen ordutik. Nordanek sartzeko asmoa badu, pasatzen ikusiko dugu.
—Ederki, Spike zuekin elkartuko da, Ondo iruditzen zaizu Spike?
—Noski, dagoeneko ikastetxeko kanpoaldeak ezagutzen ditut, nire esku-ahurra bezala —barre egiten du.
—Eta guk? —dio Patek, Ben ere seinalatuz—Zer deritzozu, Luk?
Ilegorriak ileak laztantzen ditu eta beheko ezpaina hozkatzen du, Evan harrapatzeko estrategia bat pentsatzen saiatzen den bitartean.
—Ikastetxea oso handia da —dio, azkenik—, beraz, banatu egin beharko gara. Ni zigor-gelan egingo dut zaintza. Zorionez ez dugu Fletcher andrearen giltzarik behar, ateak zabalik jarraitzen duelako.
Ben, zuk liburutegiko atea zaindu. Inork galdetzen badizu zer egiten duzun han geldirik, beno, badakit zerbait bururatuko zaizula.
—Nik nigan dudan fedea baino fede handiagoa duzu—dio Benek, begi bat keinatuz.
—Pat, zuk zure saioetara normal joan zaitezke, horrela ez duzu aitzakiarik asmatu beharko. Adi egon eta Nordan entzunaretoan ikusten baduzu abisatu besterik ez duzu egin behar.
—Primeran, horrela egingo dut.
«Nordanek beti dauka trikimailuren bat gordeta mahukan, baina horrela ia ezinezkoa da eskolara sartzea ikusia izan gabe»
—Ba erabakita dago —dio Lukek, zaplada bat emanez—. Bihar, goizean goiz, eskolara joango gara.
—Eta agertzen ez bada? —dio Benek.
—Joango da —erantzuten du Lukek seriotasunez—. Baina badaki han egongo garela bere zain.
